Oroimena, errealitatea egokitzen

Datorren astean amaituko ditu Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako lantaldeak 'Loreak errepidean' pelikularen filmaketa lanak. Gustura daude orain arte egindako lanarekin, eta filma aurten estreinatzea espero dute.
Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño zuzendariak eta Itziar Aizpuru aktorea, filmaketa lanetan.
Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño zuzendariak eta Itziar Aizpuru aktorea, filmaketa lanetan. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala -

2013ko maiatzak 8
Loreak errepide bazterrean, gizon gazte baten aurpegia erakusten duen argazki txikia inguratzen. Auto bat bide bazterrean, loreen ondoan geldituta. Bi emakume jaitsi dira dira autotik; hantxe bertan izandako istripuan hil zenaren ama da bata, arreba bestea. Arreba eskuko telefonoaren bidez hizketan hasten den bitartean, amak semearen oroitzapenez ezarritako loreak zaintzen eta ureztatzen ditu, samina agerian. Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak Loreak errepidean filmerako atzo grabatu zuten eszenetako bat da, Itziar Aizpuru eta Ane Gabarain aktoreak zuzenduz filmatua, Bera eta Irun arteko errepide zaharraren bihurgune baten ertzean. Behin eta berriro errepikatu beharra izan bazen ere, ez zen urduritasunik sumatu giroan. Filmaketa lanak bide onetik doaz, ezusteko desatseginik eta atzerapenik gabe, eta giro ona nabari da taldeko kideen artean.

Beñat (Joxean Bengoetxea) auto istripuan hil da, eta haren heriotzak hiru pertsonaiarengan eragiten dituen erreakzioak eta bizipenak ditu ardatz nagusi filmak: Tere, Beñaten ama (Itziar Aizpuru); Lourdes, Beñaten alarguna (Itziar Ituño); eta Ane, Beñaten lankide bat (Nagore Aranburu); ez dago argi zer harreman zuten, enpresa berean lan egiteaz aparte, Beñatek eta Anek.

Filmak hiru emakume horiek hildako gizonaren memoria «nola kudeatzen duten» kontatzen du, Goenagak dioenez. Horrez gain, «memoriak, denborarekin, errealitatea nola antzaldatzen duen» ere erakusten du. «Benetan gertatutakoak badu garrantzia, jakina, baina bizirik jarraitzen dugunok moldatu egiten dugu, geure interesen edo beharren arabera».

Hildakoaren amaren saminak alargunarenarekin egiten du talka filmean. Amak, Terek, ez du ahaztu nahi, une oro du gogoan seme hila, eta une oro gogoan izaten jarraitu nahi du. Ez zaio ondo iruditzen ahaztea. Alargunak, Lourdesek, praktikoagoa izan nahi du, aurrera egin eta bizi, itxuraz behintzat. Saminean lagun duten hirugarren emakumeari buruz, Aneri buruz, ez dute askorik argitu nahi zuzendariek, misterio kutsu batean bildua utzi nahi dute. «Gauza batzuk behintzat, ahal den neurrian, sekretuan gorde nahi ditugu, une batzuetan suspensearekin jokatu nahi dugulako», dio Garañok. «Ez da thriller-a, drama intimista bat da batez ere, baina suspensea garrantzitsua izango da une jakin batzuetan, eta horrek eskatzen du ikusleari informazio batzuk ematea eta beste batzuk ezkutatzea».

Umorea ere txertatu diote filmari eszena batzuetan, izango dira «irribarre batekin ikusteko pasarteak», Goenagaren iritziz, baina ez zaie iruditzen, oro har, film umoretsua izango denik. «Dena den, umorearekin inoiz ez dakizu», ohartarazi du Goenagak. «Batzuetan uste duzu umore gutxi dagoela, eta gero jendeak barre egiten du filma ikustean». Garañok uste du filmeko egoera «surrealista» batzuk umorez hartuko dituztela ikusle batzuek, baina beste batzuek ez.

Apirilaren 8an hasi zituzten filmaketa lanak, eta lan horien orain arteko martxarekin oso gustura daude Goenaga eta Garaño. «Javi Agirreren argazkia asko gustatzen ari zaigu, dekorazio aldetik ere lan polita egiten ari dira, aktoreak guk nahi genuena egiten ari dira…», dio Garañok. «Oso pozik gaude. Nahiz eta pantailan ikustean ez den igarriko, ez da pelikula erraza filmatzeko. Efektu asko dago, kroma asko, lokalizazio asko... Lokalizazio horietako batzuk ez dira, gainera, batere erosoak: obra batzuk, autobideko ordaintokia, bide bazter hau…».

Zinemaldirako bukatzea, zaila

Filmaketa lanen zatirik zailena, kanpoaldeetakoa, okerreko ezustekoekin endredatzeko arrisku handienekoa, atzo amaitu zuten, eta «atzerako kontuan» sartuta sentitzen dira dagoeneko. Itziar Ituñok eta Nagore Aranburuk jokatzen dituzten pertsonaien etxeetako filmaketa lanak baino ez zaizkie falta, eta horiek hurrengo astean amaitzea espero dute, Donostian.

Maiatza amaitu baino lehen, muntaketa lanetan hasiko dira bi zuzendariak. Irail edo urria alderako bukatzea dute aurreikusia, baina ezin dute ezer ziurtatu. «Grabatzen ari garena ikusita eta kontuan hartuta gu beti nahiko mantsoak izan garela muntaketa lanetan, oso zaila izango da irailerako edo urrirako amaitzea», Goenagaren ustez. «Azkenean, akaso urte amaierarako egon daiteke. Batek daki!».

Garaiz iristea zaila izango bada ere, ez dute erabat baztertzen Loreak errepidean Donostiako Zinemaldian estreinatzea, irailaren amaieran, aurretik jaialdiko film hautatzaileei filmeko zatiak erakutsita. «Horretarako, ordea, garaiz ibili beharko genuke. Eta, gainera, aurkeztuta ere ez da segurua hautatzaileek onartzea».

Beren lehen film luzea, 80 egunean, zeluloidean filmatu zuten Goenagak eta Garañok; Loreak errepidean, aldiz, formatu digitalean grabatzen ari dira, eta horrek muntaketa lana luzatzea eragingo duela uste dute, digitalean, hartze bakoitza askoz merkeagoa izanik, askoz ere material gehiago pilatzen baita muntaketa lanerako. «Erabaki asko hartu beharko ditugu, eta borroka asko izango da bion artean», komentatu du, irribarrez, Goenagak.

Filmaketa lanei buruzko bideoa hemen ikusgai:

www.berria.info

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna