Hitza jolas eta jolasa hitz

Edonorentzat dena delako jolasak duen garrantzia eta edonork hitzaren bidez jolasteko duen beharra nabarmendu dute Juan Kruz Igerabidek, Jaime Altunak eta Pello Añorgak Mintzola Ahozko Lantegian, 'Hitza jolas' saioetan

Atzo Mintzolan aritu ziren hizlariak. Ezkerretik eskuinera: Juan Kruz Igerabide, Pello Añorga eta Jaime Altuna. JON  URBE / ARGAZKIPRESS.
Villabona
2013ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
G gaur egungo umeek ezomen dakite jolasten. Jaime Altuna Urtxintxa Aisialdi Eskolako ardunaren arabera, hori ez da horrela. « Beharrezko denbora eta espazioa eskaintzea da gakoa», adierazi zuen. Gainerako hizlariek ere jolasaren beharra aho batez onartu zuten Villabonan, Subijana etxean kokatutako Mintzola Ahozko Lantegian atzo hasi ziren Ahoa bete hots. Hitza jolas jardunaldietako hasiera egunean, bai hizlarien eta bai entzuleen aldetik ere. Juan Kruz Igerabide idazle eta EHUko irakaslea izan zen lehena hitza hartzen, Jolas hitzak: igarkizunetik iragarkizunera hitzaldia eskainiz. Jarraian, Jaime Altuna Urtxintxa Aisialdi Eskolako arduradunak Jolasaren hizkuntza eta hizkuntzaren jolasa tarteanhizkuntza bidezko jolasaren oinarriak eskaini zituen. Azkenik, Pello Añorga ipuin kontalariak Kontaketaren erritmoan: jolasean elkarrekin performance komentatuan ipuin kontaketan kontuan hartu beharreko xehetasunak azaldu zituen. Jardunaldia hizlarien mahai inguru batekin bukatu zen. Bai mahaian zeudenak eta bai entzuten ari zirenak ere, ahozkotasuna hezkuntza arautu nahiz ez arautuan lantzeko aintzat hartu beharreko hainbatondoriotara iritsi ziren.

Ahoa bete hots jardunaldiak antolatzen diren laugarren aldia da, eta aurtengo egitaraua Antzerkizale Elkarteko, Kantuzale Elkarteko, Bertsozale Elkarteko eta Ipuin Kontalarien taldeko kideek osatu dute, eta ahozkotasuna gozamenetik nola landu azaltzea jardunaldion xede nagusia.

Horretarako, batez ere haurtzaroan kokatu da abiapuntua, eta,Jaime Altuna Urtxintxako arduradunak adierazi zuenez, haurrek hitzen lilura jolasetan aurkitzen dute, eta hitzen magia jolasen bidez transmititu ohi da. Eta hitzen lilura hori denez erabilera dakarrena, haurrekin lan egitean hizkuntzaren erabilerarako beharrezkoa den lilura hori jolasean aurkituko da. Sarritan ez dira jostailua eta jolasa behar bezala bereizten: jostailua jolaserako gailua litzateke, eta jolaserako bide. Eta, zer da hitza: jolas ala jostailu? «Biak izan daitezke», Altunaren arabera. Hitza jolasteko tresna oso garrantzitsua da; gehienetan oso beharrezkoa, baina beti ez da horrela. Horretan bat etorri zen Pello Añorga ipuin kontalaria: «Liburua jostailua da, baina jostailu hutsa bere horretan. Jolasa sortzeko nola erabili jakin behar da».

Bestalde, jolasaren «askatasuna» nabarmendu zuen Altunak: «Jolasa jarduera aske bat da, inongo interes materialik ez duena eta probetxurik atera gabe egiten dena». Ikuspuntu hori bereziki azpimarratu zen mahai-inguruan ere: «Jolasteak berak izan beharko luke helburu, eta ez, ohikoa den bezala, eskola barruan jolasaren bidez beste zerbait lortu nahi izateak». Alde horretatik, jolasaren «doakotasuna» aldarrikatu zuen Añorgak mahai inguruaren amaieran: «Doan kontatzea da helburua, komunikazioa berez garrantzitsua baita».

Askea izateaz gain, bestelako sei ezaugarri esleitu zizkion Altunak jolasari: bereizia, arautua, ez-produktiboa, zorizkoa, atsegina eta ludikoa izatea.

Ondorio esanguratsuak

Hitzaldien osteko mahai inguruan, hizlari eta entzuleen artean sortu zen elkarrizketaren eta ideien trukean, irakaskuntzan jolasen bidez ahozkotasuna lantzeko gogoeta erabilgarria egin zen.

Haurrak aspertzen badira zer egin, horixe izan da Igerabidek mahai gainean jarritako kezketako bat. Añorgak esan zuenez, zenbaitetan onartu egin behar da, eta aspertzen utzi behar zaie: «Asperdadila. Egon zaitez!» Frustrazioa kreatibitatearen iturburu izan omen daiteke.

Ondoren, nerabeetara mugitu zen fokua, nerabeekin zer-nolako esperientziak izan dituen galdetu ziotenean Añorgari. Lehendabizi, nerabeen transgresio beharra aipatu zen, jolasei, ipuin kontaketei dieten arbuioaren arrazoi gisa, baina iritzi eta ikuspuntu askotarikoak trukatu ostean, ezinikusi hori erakundeetakoek eurekiko agertzen duten jarreraren ondorio dela adostu zen. «Nerabeen transgresioa ez da sexu, tabako eta alkohol hutsean oinarritzen, heldu izan nahia dago horren guztiaren muinean», Altunaren iritziz. Guztiak bat etorri ziren horretan, eta, beharbada, hezitzaileen inprobisazio gaitasuna landu beharko litzatekeela iradoki zen. Igerabidek musikaren garrantzia azpimarratu zuen: «Zirrikiturik txikiena ere aprobetxatu behar da». Añorgak musikaren erabilerari gorputzarena gaineratu zion: «Hitzaren bidez jolasteko bitarteko garrantzitsuak dira dantza eta kantua». Azkenik, Igerabidek hitzaren eta jolasaren garrantzia nabarmenduz eman zion amaiera saioari.

Ipuin kontaketaren gakoak

Mahai inguruaren aurretik, Pello Añorga ipuin kontalariak ipuinak kontatzen jardun zuen bitartean, ipuin kontaketarako hainbat sekretu azaleratu zituen. «Hasieran, jolasera abandonatu eta ipuinean kokatzeko abesti-dantza bidezko erritua oso komenigarria da». Bestelako irakaspenen artean, honako hau jakinarazi zuen: «Jolasak egoera dramatikoen ertzak, kroskak leuntzeko balio du».Jardunaldiak gaur-biharretan izango dira eta hainbat tailer egingo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.