Liburutegi intimoak. Unai Elorriaga

Apaletatik idazmahairako joan-etorria

Txanpon beraren bi alde dira irakurtzea eta idaztea algortarrarentzat, eta idazmahaitik liburuen apalera joan- etorrian dabil horregatik haren jarduna, zirkuluka.

Unai Elorriaga idazlea, Algortako bere bulegoan. MONIKA DEL VALLE/ ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Algorta
2013ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Profesional izateari utziko dio; ez idazle izateari. Nekatuta dagoela dio Unai Elorriagak (1973, Bilbo). Nekatuta promozio ekitaldiez, nekatuta enkarguzko lanez, nekatuta idazle irudia zaindu beharraz. Onartu du: «Jadanik ez dut sinesten halakoetan. Aspertuta nago». Horregatik hartu du erabakia: idazle profesional izateari utzi nahi diolako, baina ez idazle izateari. Ezinezkoa litzaioke hori, dioenez, literatura gaixotasun baten moduko zerbait baita. Horregatik idazten du. Horregatik irakurri. Eta oso gertukoak zaizkio bi ekintzak, gainera. Ezin bata besteaz erabat bereizi, eta, ezinbestean, idazten ari den liburuaz hitz egiteko modu bat bilakatzen da Elorriagarentzat irakurri dituen liburuez aritzea. Apaletatik idazmahaira, eta idazmahaitik apaletara doa haren jarduna. Zirkuluka, Algortan duen bulegoan.

Liburuz beteak ditu ,apalak, eta aitortu duenez, «oso zaila» egin zaio hautatzea. Baina, azkenean, kasik biografikoa da osatu duen zerrenda: intimoa. Bere idazle esperientziarekin lotuta daude liburu guztiak. Idazle izatera bultzatu zutenak. Idazle izaten lagundu dutenak. Orain idazten ari denerako baliagarri zaizkionak. Gaixotasun zerrenda bat, nolabait ere. Eta Julio Cortazarrekin has daiteke dena. Todos los Fuegos, el fuego ipuin bildumarekin, adibidez. «Jai bat egin genuen lagun baten etxean 17 urte nituenean. Entzuna nuen Cortazarren izena, baina ez neukan irakurrita. Lagunak liburua hartzeko eta irakurtzeko esaten zidan, eta nik hasieran ezetz esaten nion, tabernetara gindoazelako, eta ezerosoa zelako liburuarekin joatea, baina kasu egin nion, eta flipatuta gelditu nintzen». Iltzatuta gelditu zitzaion orduan Cortazar, eta iltzatuta dauka oraindik. «Nire iparrorratza da».

Horregatik euskaratu ditu haren ipuin batzuk: ikasteko. Testuen atzealdeetako josturak ezagutzeko baliatzen ditu itzulpenak Elorriagak. Behin baino gehiagotan erabili du sistema hori, eta baliagarri zaiola dio. Hala jokatu zuen Cortazarrekin, eta berdin Adan Bodor idazlearen Artzapezpikuaren bisita liburuarekin ere. Sekula heltzen ez den artzapezpiku baten zain dagoen herri baten nondik norakoak kontatzen ditu lanak, eta Elorriagaren hitzetan ia perfektua da eleberria. «Gazteleraz irakurri nuen, eta hura ezin zela hobetu pentsatu nuen». Horregatik jo zuen liburuaren atzealdera. Haren funtzionamendua ikertzera. «Hiru-lau aldiz irakurri nuen. Itzuli nuen. Berriz irakurri nuen. Eta, halere, oraindik ez dakit nola lortzen duen lortzen duen guztia». Mekanika konplexua da, izan ere, hitzena.

Ruandako genozidioa

Erabat ordenatuak ditu bulegoko apalak idazleak. Argitaletxeka. Bildumaka. Idazleka. Liburu bat aipatu, eta erraz batean doaz haren hatzak alearen bila; zuzen eta ziur. Eroso. Etxean irakurri eta idazten zuen lehen, baina oraindela urte batzuk etorri zen bulegora. Umea izan zutenean. Eta bertan aritzen da geroztik. Bertan ditu irakurtzeko aulkia eta idazteko mahaia. Metro gutxi batzuetara biak. Mahai gainean, orain idazten ari den nobela. Hitz guztiak eskuz idatzita, garbi. Zuzenketa batzuk ere bai orri ertzetan. Horrekin dabil orain, eta irakurri egin behar horretarako. Ezin egiteko bat besteaz erabat bereizi. Eta horregatik dabil hurrengo liburua idazmahaitik apalera, eta apaletik idazmahaira. Jean Hatzfeld kazetari eta idazle frantziarraren La vida al desnudo; voces de Ruanda izeneko lana da (Dans le nu de la vie : récits des marais rwandais). Ruandan genozidioaren lekukotzak biltzen dituen liburua.

Bere eleberrirako baliatu ditu bertan bildutako batzuk Elorriagak. Izan ere, genozidioaren biktimen ahotsa da orri artean dagoena, eta, idazleak dioenez, inpresio handia egin dio bertan aurkitutakoak. «Hamalau urteko umeak dira mintzo direnetariko asko, baina sekulako indar narratiboa dauka gertatu zena kontatzeko duten moduak. Batzuetan ematen du asko irakurri behar duzula, eta asko landu behar duzula, baina halakoekin ohartzen zara narratzeko indar hori beste leku batzuetan ere badagoela. Ardiak zaintzen dagoen ume horrek beharbada ez du sekula liburu bakar bat ere irakurri, baina sekulako indarra du gertatutakoa narratzeko. Eta hori da literatura. Literatura alturakoa».

Arkatzez azpimarratuta dauka liburua. Apunte batzuk ere bai orri ertzetan. Zera dio nabarmendutako esaldi batek, adibidez: «Ikasketek ez zaituzte pertsona hobea bihurtzen, ezpada eraginkorragoa». Genozidioa ezagututako biktima baten hitzak dira. Eta aitortu du Elorriagak: «Esaldi hori nire nobelan agertuko da». Nobela deitzen du, baina, egia esan, ez daki nobela bat izango den. Ez, behintzat, nobela-nobela bat; erdi saiakera, erdi nobela, erdi historia liburu den nobela bat baizik. «Nik ere ez dakit oso ondo zer izango den». Badaki zeri buruz izango den, ordea. Biolentzia izango du gai nagusi. Gerra, ETA, eta baita Ruanda ere. Eta apal artera darama berriz azalpen horrek idazlea. Tiradera batetik ateratzen duen eskutitz batera, zehazki.

Moja batek idatzitako gutuna da. Infernutik heldutako lekukotza. Elorriagak azaldu du haren jatorria: «Goizuetan egon nintzen genozidio garaian Ruandan egon zen mediku batekin. Genozidioa hasi baino egun batzuk lehenago alde egin zuen, eta hark eman zidan eskutitz hau. Ruandan gelditu zen moja batek idatzitako gutuna da. Genozidioa hasi eta hamabost egunera idatzi zuen». Dotorea da letra, baina gordinak dira kontatzen dituenak. «Hemen lanean zegoen bati lepoa moztu diote»; «Hildako jende kopuru handia dago hemen»; «Ruanda kaos hutsa da, odola eta sua, gorpuak alde guztietan». Eta hori izango da mahai gainean zabalik dagoen liburuan agertuko den paisaia.

Liluraz eta kolpeez

Lilura aipatu du maiz idazleak irakurritakoei buruz aritzean. Kolpe moduko bat sentitu izana. Eta hori da Agota Kristofen Koaderno Handia liburuarekin gertatu zitzaiona. Sorpresa itzela izan zela dio. «Ideiarik ere ez nuen Kristof nor zen. Baina hasi nintzen liburu hori irakurtzen, eta flipatuta gelditu nintzen. Ume batzuk gerra sasoian. Asko gustatzen zait umeen mundua, baina liburu horretan modu ankerrean kontatuta ageri da. Gerra giro baten erdian. Oso ondo kontatuta dago, eta oso ondo uztartzen ditu bi gauzak. Inpaktatu ninduela gogoratzen dut». Eta antzera Jan Neruda idazlearen Mala Stranako ipuinak liburuarekin ere. «A priori ipuin arruntak dira. Normalak. Suabeak. Baina sartzen zara, eta oso ondo erakusten du Pragako garai bateko bizimodua. Iltzatuta gelditzen zaizkizun ipuin batzuk badauzka, eta oso-oso aurreratua da bere garairako». Eta badu bere kondaira liburuak, gainera. Dirudienez, liburu hori irakurri ostean hartu baitzuen Ricardo Eliecer Neftali Reyes idazleak Pablo Neruda ezizena. Eta, beraz, elkarrengandik gertu berriz ere irakurketa eta idazketa. Irakurlea eta idazlea.

Gozokiak eta arantzak

Idazle profesional izatearen gazi- gozoez aritzera darama hurrengo liburuak Elorriaga. Jose Saramagoren Ensayo sobre la ceguera-k (Ensaio sobre a cegueira). «Liburu itzela da». Eta berriz ere mekanismoa aipatzen du. «Saramagok lan horretan planteatzen du mugako egoera bat, eta horrek dakartzan ondorio guztiak aztertzen ditu gero. Niri hori asko gustatzen zait, eta berak maiz egiten du. Liburu honetan, adibidez, mundu guztia gelditzen da itsu. Eta hortik aurrera zer? Planteamendu horrekin abiatzen da liburua, eta apurka-apurka aukera guztiak erretzen ditu. Unibertso bat sortzen du bururatu zaion ideia txiki edo absurdu horren inguruan».

Pertsonalki ere ezagutu zuen portugaldarra Elorriagak. Argitaletxe berak ateratzen zizkien biei gaztelaniazko itzulpenak, eta zazpi edo zortzi bat aldiz izan du aukera harekin egoteko, promozio kanpainek eskainitako atsedenaldietan. Areago. Portugaldarrak bazekien SPrako Tranbia liburuak Espainiako Literatura Saria irabazi zuela; irakurria zuen, eta gustatu egin zitzaion. Hori esan zien kazetariei, behintzat: liburu ona zela. Anekdota hari buruz galdetuta, bere buruari garrantzia kentzen saiatu da Elorriaga, baina onartu du zirrara. «Saramago zen!». Hor profesionaltasunaren gozokiak.

Ez da mitomanoa, ordea. «Sasoi batean banintzen. Baina gero ezagutu nituen Saramago, Vargas Llosa, Javier Marias... Eta, azkenean, ohartu nintzen sakonean koitadu batzuk direla haiek ere. Ikusten duzu idazle bizimodua zeinen tristea eta bakartia den, eta besteak ere antzera biziko direla pentsatzen duzu». Ezagutzen du idazletzaren alde hori ere Elorriagak. Eta, dioenez,urrun dago promozio ekitaldiek iradoki dezaketen glamour-etik. «Deitzen dizute unibertsitate batera hitzaldi bat ematera, abioia hartzen duzu, gurutzatzen duzu Europa, heltzen zara unibertsitatera, eta han bi pertsona daude zu ikusteko zain. Eta idazle guztiek pasatuko zituzten halakoak. Cortazarrek berak ere halakoak kontatzen ditu bere eskutitzetan. Hori da bizimodua». Hor, profesionaltasunaren arantzak.

Baina, dioenez, galdua du oreka balantzak, eta hartua du erabakia. Paso egin nahi du bere irudia zaindu beharraz. Paso kritikei adi egoteaz. Paso halako guztiez. «Baina konturatzen naiz idaztea nire ofizioa baldin bada ezin dudala paso egin». Horregatik dio ez duela gehiago idazle profesional izan nahi; idazle izan nahi duelako. Apaletik idazmahaira eta idazmahaitik apalera dagoen tartea zaintzea delako benetan interesatzen zaiona. Metro gutxi horiek.

Bihar: Miren Gaztañaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.