Jon Gerediaga. Idazlea

«Saiatu behar da zuhaitz baten gisako artelan perfektua sortzen»

Maitasuna da Jon Gerediagaren 'Zentauro-hankak' poema liburuaren motorra. Amodio konkretu batetik abiatzen da, bizitzarekiko sentitzen duen esker ona adierazteko.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
«Une oro da mirari/ eta nahikoa da bizirautea/ garaipen handia temati besarkaturik irautea/ harria bezala, tinko, astun, ezdeusaren gainean». Bizitza ospatzen du bere azken liburuan Jon Gerediaga idazleak (1975, Bilbo); maitasuna. Amodio konkretu batetik abiatzen dira haren poemak, eta amodio orokorrago batera heltzen. Detailetik absolutura. Idoia Larrañaga emaztearekiko sentitzen duen maitasunetik bizitzarekiko sentitzen duen esker onera. Antzerkiola Imaginarioa izeneko taldeko kide izan zen, eta hainbat antzezlan idatzi ditu haiekin. Gaur egun antzerkia utzi samar duela dio, ordea, eta poesia idazten sentitzen dela eroso. Hirugarren poema liburua du Zentauro-hankak (Pamiela) izenekoa.

Oteizaren Itziar. Elegia poemak oihartzun handia du zure liburuan.

Oteiza bada erreferentzia bat, bai. Emazte zuen Itziarri [Carreñori] idatzitako elegia hori da nik irakurri dudan maitasun poema potenteenetariko bat, baina beti pentsatu dut Itziarrek ez zuela sekula irakurri ahal izan. Hura hil ondoren idatzi zuen Oteizak. Garaiz idatzitako elegia bat idatzi nahi nuen nik. Maitasunaren ospakizun bat egin nahi nuen. Maitasuna ospatzeko, batetik, eta maitasuna indartzeko ere bai. Bizi dudan maitasun horri bizitza emateko.

Lehen poemako lehen lerroetan ageri da maitasunaren pisua: «Mundua salbatzen dugula/ elkar maitatzean».

Hezur eta haragizko maitasun hori da liburuaren motorra. Gero ageri dira bestelako maitasun mota batzuk ere, baina hori da zentrala. Heriotzaren presentzia ere badago. Nire ustez, liburu guztietan bi presentzia daude: eros eta thanatos. Bizitza eta heriotza, edo maitasuna eta heriotza. Bi horien arteko lehia ere ematen da liburu honetan. Garaiz idatzita dagoenez, ordea, eros da nagusi.

Azken poemetariko batean ageri da garaipen hori. «Behin eta berriz eztanda egin dezan lur gainean bizitzak/.../ sagar-lore batekin ezereza zartatzeko».

Da hagin artean hartzea hazi bat eta borrokatzea etsipenaren kontra, heriotzaren kontra... Garai onean idatzitako liburu bat da. Indar hori eduki nuen liburua idatzi nuenean, eta oraindik ere badaukat. Egunen batean beste aldera egin dezake balantzak. Orain, maiteminduta nago, eta ez naiz ba hasiko elegiak idazten, ezta? Maitasun poema bat idatziko dut, zer bestela?!

Aurrez beste bi poema liburu badituzu: Fitola Balba, Karpuki Tui eta Jainkoa harrapatzeko tranpa. Haietan ere bazen bizitza ospatzeko idatzitako poemarik, baina azken liburu honetan lehertu egin da ospakizuna.

Jainkoak harrapatzeko tranpa liburuan bazen maitasunaren ospakizun bat, baina bestelako amodio bat zen hori. Agian platonikoagoa. Platonek Oturuntza izeneko solasaldian egiten du maitasun ezberdinen halako sailkapen bat. Eros aipatzen du, eta baita agape ere. Liburu hartako maitasuna espiritualagoa da, Platonek agape deitutakoaren pareko zerbait. Zentauro-hankak liburuaren abiapuntua lurtarragoa da, hezur eta haragizko maitasun bat da haren abiapuntua. Orain apatxak lurrean ditut.

Zentauro baten ahotsetik ari zara poema askotan. Zergatik irudi hori?

Gizaki erdibitu baten irudia ematen du. Erdi jainko izan nahi duena, baina animalia ere badena. Zeruan du burua; jainko, amets eta maitasunen bila. Baina, aldi berean, erabat lurtarra eta hilkorra da. Zatiketa hori asko gustatzen zait. Irudi horren hankak hautatu ditut, gainera, zehazki liburuari izenburua emateko. Oinak lurrean ditudala irudikatu nahi nuen. Aipatzen dudan maitasuna erabat lurtarra dela.

Bi ataletan banatu duzu liburua, eta Friedrich Holderlin poeta alemaniarraren aipu bana erabili duzu sarrera gisa. Ez zen bereziki hezur eta haragizko poesia harena.

Ez, nahiko zerutiarra da. Nire joera ere hori da. Nire poeta gustukoena da Holderlin. Bat hautatu behar izatekotan, hura hautatuko nuke. Baina nahi nuen Holderlin lurrera ekarri. Hark duen ospakizunerako eta maitasunerako gaitasun eta indar hori guztia lurrera ekarri nahi nuen, eta nahi nuen indar horrekin ospatu nire emaztearekiko maitasuna. «Etorri nirekin, Friedrich», esan nahi nion, «jarri apatxak lurrean. Etorri hona nirekin, ez utzi bakarrik hemen». [Irri egiten du].

Batzuetan badirudi poesiari funtzio baltsamiko bat aitortzen diozula.

Gaur egun idazten nabilen poemetan esango nuke baietz, baina liburuan daudenetan ez. Hor dagoena da ospakizun bat. Eragile izateko asmoz sortutako ospakizun bat, gainera. Nik nahi dut eragin nire benetako harremanean. Liburuarekin nahi dut harreman hori mistifikatu apur bat; mitoak behar ditut bizitzeko, eta horregatik sortzen dut liburua. Nik nahi dut poema horiekin mundua transformatu. Gutxienez, nik Idoiarekin [Larrañagarekin] dudan harreman hori hartu, eta mito bihurtu nahi dut; historia sakratu, betirako iraun dezan.

Presentzia handia du naturak ere.

Betidanik hor egon diren gauzak askoz ere interesgarriagoak iruditzen zaizkit poesia egiteko. Gauza iraunkorrak egiteko bokazioa daukanak horiei jarri behar die arreta, nire ustez, eta ez azkar pasatuko direnei. Irauten duenak ematen dio zentzua anabasa guztiari. Uraren aro eroan nik izan nahi dut harri. Edo, behintzat, lapats moduko bat.

Deigarria da hori. Liburu osoan ez dago auto, erloju edo sakelako bakar bat ere.

Apropos egin dut. Auto hitza ez dut ikusten nire paperetan.

Maitasun harreman konkretu eta zehatz bat dago liburuaren oinarrian, baina agian horregatik egin duzu haren muinera helduz, errealitate unibertsalago batera heltzeko.

Ruperri [Ordorikari] entzun nion behin. Esaten zuen apuntatu beharra dela gora eta, gero bidean geratuz gero, gutxienez gora apuntatu izanaren sentsazioa izango duzula. Horregatik apuntatzen dut gauza perfektuetara. Naturara, itsasora, zerura, zuhaitzetara... Horiek dira gauza perfektuak. Gero bidean geratuko gara beti, noski, azken finean oso tresna humanoarekin ari baikara lanean, oso tresna inperfektuarekin: hitzarekin. Gutxienez saiatu behar dugu zuhaitz baten moduko artelan perfektua egiten. Hori izango litzateke ikaragarria.

Poesia bizitza pertsonalarekin oso lotuta bizi duzu. Hori sumatzen da, behintzat, zure hitzetan.

Bizitza pertsonalarekin baino gehiago, bizitzarekin. Nik nahiko nuke bizitza pertsonalari baino gehiago bizitzari buruz hitz egin, baina nik ezagutzen dudan bizitzaren adibide gertuko eta onena nire bizitza da. Saiatzen naiz bizitzari buruzko orokortasunak bilatzen nire bizitzaren barruan arakatuta.

Antzerkiola Imaginarioa antzerki taldearekin hainbat testu idatzi dituzu. Jarraitzen duzu antzezlanak idazten?

Oso garai politak bizi izan ditut antzerkian, baina nahiko urrun bizi dut egun mundu hori. Antzerkia talde lana da. Edo, behintzat, hala sortu ditut nik testuak beti Antzerkiola Imaginarioarekin. Aktoreak, argiztatzaileak, zuzendariak... Aldarte zehatz bat behar da hala lan egiteko, eta orain poesia idazteko aldartean nago.

Biak idazkera ariketa izanik ere, nahiko banatuta sentitzen dituzu, beraz, antzerkia eta poesia, ezta?

Orain esango nuke erosoago sentitzen naizela poesiarekin. Dramagilea naizela esaten didatenean, handi gelditzen zait hitz hori. Oraindik ere saiatuz gero antzezlan bat idazten, nahiko galduta ibiltzen naiz. Talde lagunak laguntzen nau, baina oraindik ere eskapatu egiten zait antzerkiaren hizkuntza. Poesia gutxi gorabehera kontrolatzen dut, eta erosoago sentitzen naiz. Oso hizkuntza merkea da. Boligrafo bat eta ahozapi bat hartu, eta hor duzu behar duzun guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.