Nola hartu arnasa euskaraz

Euskarazko antzerki prestakuntzan dagoen gabezia betetzen saiatzea da ArteDrama Euskal Laborategia topaketen helburua, eta eskolak eta emanaldiak antolatu dituzte horregatik Aulestin igandera arte.

Ander Lipus antzerkigilea, Aulestin, ArteDrama Euskal Laborategia izeneko topaketetako ikasleekin. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Aulesti
2013ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Arnasa gidatzen dabil Ander Lipus antzerkigilea. Lurrean etzanda ditu hamalau ikasle. Zirkulu bat osatzen dute. Isilik; arnasa hartu, eta arnasa bota. Arnasa hartu eta arnasa bota. Klaskadaka markatzen die irakasleak arnasketa erritmoa, kolpeka. Eta haren esanei adi daude guztiak. «Hartu arnasa bitan», dio. Klask, bat; klask, bi. «Bota arnasa bitan». Klask, bat; klask, bi. «Orain hartu arnasa lautan». Klask, bat; klask, bi; klask, hiru; klask, lau. Ahotsa lantzen ikasteko ariketa bat da, eta aginduak sinpleak diren arren, esanguratsua da datua. Poetikoa kasik: euskaraz arnasten dute. Ez da ohikoa izaten, eta horregatik esaten du Lipusek Aulesti (Bizkaia) uharte bat dela. «Isla interesgarri bat». Arte eszenikoak euskaraz lantzen dituzten aktore, zuzendari, antzerkigile eta antzerkizaleak hartzen dituen zazpi eguneko uhartea. Astelehenean abiatu zuten ArteDrama Euskal Laborategia (ADEL) antzerki topaketa, eta igandera arte izango dira han. Arnasa hartu. Arnasa bota.

ArteDramako zuzendaria ere bada Lipus, eta bera dabil koordinazio lanetan egunotan. Irakasle eta bultzatzaile. Bera izan zen orain zortzi urte topaketa hauei hasiera eman zienetariko bat, eta bera da egun jarraipena ematen dienetariko bat. Hutsune bat betetzen saiatzea da asmoa, dioenez. «Arte eszenikoetan prestakuntza euskara hutsean eskaini eta jasotzeko gabezia nabarmena zegoen orduan, eta gabezia nabarmena dago egun ere». Urduñan (Bizkaia) hasi zituzten saioak, baina Aulestira jo zuten gero. Euskaragatik izan zen. «Herri euskaldun bat behar genuela ohartu ginen», azaltzen du Lipusek. «Herriaren kolaborazioa ere behar genuen, eta oso harrera ona izan dugu beti hemen. Gainera, handia da hemen dagoen antzerkizaletasuna».

Bi norabidetan egiten dute lan. Barrura eta kanpora begira aritzen direla dio Lipusek. Kanpora, ze egunero antolatzen dituzte herriko kultur etxeko aretoan euskarazko antzerki emanaldiak. Eta barrura, ze ikastaro trinkoak ere eskaintzen dituzte izena eman duten ikasleentzat. Hamalau dira aurten. Aldatu egiten dituzte irakasleak urtero, eta ikasturte bakoitzean ezberdina izaten da horregatik lantzeko gai zerrenda. Bost irakasle daude aurten Aulestin: Horman Poster kolektiboko Matxalen de Pedro, Le Petit Theatre de Pain taldeko Manex Fuchs, Gorakada eta Maskarada taldeetan aritutako Eneritz Artetxe, Asier Zabaleta dantzaria, eta Lipus bera.

Eskaintza oso xamarra egitea da asmoa, zuzendariaren hitzetan. Horregatik eskaini nahi izan dute arte eszenikoen ildo bat baino gehiago hartzen dituen programa. Gorputz mugimendua lantzen du, adibidez, Zabaletak, testuekin eta maskarak Fuschek, eta jolasa da Artetxeren ikastaroen ardatza. Bateko eta besteko esperientziak biltzea da xedea, Lipusen esanetan.

Bizia da erritmoa. Hirugarren eguna dute Aulestin ikasleek. Igartzen zaie nekea atsedenaldian, eta min oihuren bat ere aditzen da eskolan gorputza mugitzen hastean. Ez da gutxiagorako: eskolak goizero, eskolak arratsaldero, eta emanaldiak iluntzean. «Esperientzia ikaragarria da hau», dio Andoni Mutiloak. Antzerkizalea da, eta horrek bultzatuta eman du izena eskoletan. «Lan pila egiten dugu, baina ikaragarri gozatzen dut». Gustuko aldapan dabil Eneko Sagardoiri ere. Telebistan lan egina da, eta Durangoko Karrika antzerki taldeko kide ere bada. Disfrutatzen dabilela dio. «Oso aukera ona da adar asko lantzeko, eta asko dago indarra hartu ahal izateko». Lehenago ere egona da topaketetan Bea Arano, eta filosofia nabarmentzen du. «Hemen antzerkiaren alde eta euskararen alde egiten den lana ikaragarria da. Astebetez Euskal Herriko antzerkiaren hiriburu bilakatzen da herria».

Bi hizkuntzen «tranpa»

Bere kasua aipatzen du Lipusek. Gaztelaniaz eta euskaraz aritua da lanean lehen, baina badira urte batzuk euskara hutsean aritzea erabaki zuela. Filosofia kontua da, dioenez. «Aritua naiz bi hizkuntzatan lanean, eta pieza bera bitara ematen, baina orain ohartu naiz hori tranpa bat dela. Nik hala uste dut, behintzat. Iruditzen zait artistikoki emanaldia galtzen ateratzen dela, eta normalean hizkuntza txikia dela gehien galtzen duena: euskara». Kostatu egin omen zaio horretaz ohartzea, baina euskara hutsean lan egin behar dela sentitzen du orain. Erdaldunak erakarri behar badira, euskarara erakarri behar direla. Jendeak ez duela arazorik inglesezko obrak ikusteko, eta ez lukeela zertan besterik gertatu euskararekin. «Kontzientziazio hori egin egin behar da».

Aulestikoa uharte bat dela onartuta ere, uhartedi moduko batez ere mintzo da Lipus. Ez omen dira bakarrik ari, eta euskara ardatz duten beste hainbat antzerki egitasmo jartzen ditu adibide gisa: Usurbilgo hiru eguneko Topa izeneko jardunaldia (Gipuzkoa), Errenterian antolatzen duten Eszena (Gipuzkoa), Maratila izeneko jardunaldiak Leioan (Bizkaia), Harri Xuri Euskaraz antzerki topaketak.. «Esperientzia horiek hor daude, baina euskaraz egiten den oso gauza gutxi dago, eta gure esku dago hori indartzea eta zaletasun hori sustatzea». Dioenez, badago oraindik gora egiterik.

Mina aipatzen du horregatik. Beharrezko direla jakinik ere, lortu izan ez delako mina. «Badaude testu batzuk itzulita, baina Konstantin Stanislavskyren inguruan, Bertolt Brechten inguruan edo Antonin Artauden inguruan ez daukagu ezer. Terminologia ez dago ezarrita, didaktika lanak falta dira... Egia da euskarazko itzulpenen salmentak txikiak direla, baina lan hori egin behar da. Zauri horiek ikusten ditut». Euskaraz arnastearen minak.

Truke modura egiten dute hitzarmena udalarekin ArteDramakoek. Ikastaroak eta emanaldiak egiten ditu Lipusek, eta laguntza eskaintzen die herriak trukean. Krisiak estu hartu zituen iaz, eta herriko udalaren laguntzaz gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak jarritakoarekin egin ahal izan zuten aurrera. Antzera dabiltza aurten ere, eta erakundeek ere antzera erantzutea espero du Lipusek.

Eta bitartean berriz ere arnas. «Hartu arnasa bitan». Klask, bat; klask, bi. «Bota arnasa lautan». Klask, bat; klask, bi; klask, hiru; klask, lau. «Orain eutsi arnasa hogeitan». Klask, bat; klask, bi; klask... Eta, hala, igandera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.