Eneko Olasagasti. Zinemagilea

«Berdintasuna oso urrun dago; ondorio hori atera dut»

«Protagonisten sentipenetatik» abiatuz osatu du 'Alardearen seme-alabak' dokumentala, eta Donostiako Giza Eskubideen Jaialdian estreinatuko du, gaur.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Ikusmina piztu du pelikulak, eta gaurko estreinaldirako sarrerak amaituta daude. Horregatik, etzi berriro emango dute, Viktoria Eugenia antzokian (22:30). Eneko Olasagastik (Donostia, 1960) zuzendu du Jone Karresekin batera, eta penatuta dago alarde tradizionalaren aldeko ahots gehiago ez dituztelako sartu filmean. «Ez dute hitz egin nahi; filmaren ondorengo solasaldian ere ez dira egongo. Hori da haien politika...». Hondarribian eta Irunen ere proiektatu nahi dute lana, baina oraindik ez dakite baimena edukiko duten edo ez. «Gustatuko litzaidake dokumentala baliagarria izatea bi aldeek elkar ulertzeko».

Azken 20 urteotako gertakarien gordintasuna dela-eta, dokumentaleko irudiek sortzen dute deserosotasun sentsazio bat. Alardea bera eta eragiten dituen erreakzioak erakusteaz gain, gaiak sor dezakeen deserosotasun hori islatu nahi izan al duzue pelikulan?

Ez zen hori gure asmoa, zehazki. Dokumentala bere forma hartuz joan da. Edukietan nekez aldatu genezake ezer. Gainera, uste dut momentu batzuetan sentsazionalismoa egitea saihestu dugula. Bai, erakusten ditugu hainbat gertaera, baina ez ditugu molde horretako irudi gehiegi erakutsi nahi izan. Dena den, irudietan indarra bilatu dugu, gatazka batez hitz egiten ari garelako. Ikuslea sentsibilizatzea, emozionatzea, gaiarekiko erreakzio bat sortzea, ba bai, hori nahi genuen.

Hondarribiko alardeko Jaizkibel konpainiako bi kapitain eta Irungo alarde mistoko jenerala dira laneko protagonistetako hiru. Emakumezkoak hirurak. Halere, haien hitzetan aipamenik ere ez diete egiten berdintasunaren aldarrikapenei...

Hori bilatu nahi izan dugu. Informazioa, epaiena bezala, ematen dugu, baina ez gara hasi horretan arakatzen; ez zaigu interesatzen, gehiago delako, igual, tesi baterako-edo. Baina pelikula bat osatzerakoan, pentsatzen genuen sentipenen bidea hartu behar genuela. Kontatu dugu emakumezkoek zer egin nahi izan zuten, eta zer gertatu zen gero. Sentimenduez hitz egin dugu. Gertakariak badakigu zeintzuk izan diren, eta horren gainean bueltaka ibiltzea...

Gizartean nahiko orokortuta dago ondoko iritzia: Hondarribikoa edo Irungoa ez baldin bazara, zaila da han gertatzen dena ulertzea.

Ez dakit zergatik esaten den hori. Baina alarde tradizionalaren aldekoek erabili duten argudio bat izan da. Uste dut harrigarria egiten zaigula pentsatzea hori gerta daitekeenik XXI. mendean, pentsatzen dugulako gure gizartea eta gu geu garela garena baino hobeak. Gauza askotan, gainera; giza eskubideen mailan, esaterako. Ari gara berdintasunaz eta ari gara beste gauza batzuetaz. Horregatik egiten zaigu arrotza eta gogorra alardeetan gertatzen dena. Baina esaten dizudana: gatazka hori beste maila batzuetan gertatu da. Donostian, Tolosan, Antzuolan... Eta hortik zehar, Sevillako kofradietan, Alcoyko (Herrialde Katalanak) Mairuak eta Kristauak festan...

Gizartean dagoen gai bat da. Gertatzen dena da Hondarribian eta Irunen gotortuta dagoela; batez ere Hondarribian. Hori egiten zaigu arrotza. Zergatik daude gotortuta? Klabe batzuk daude jarrerak zergatik dauden gotortuta azaltzen dutenak. Dokumentalarekin azaldu nahi dugu kanpokoa izanda ere uler daitekeela Irunen eta Hondarribian gertatzen dena.

Esan duzu gaia Hondarribian dagoela bereziki gotortuta. Irudietan ikusten da, gainera, nola diren emakumezko gazteak, nerabeak ia, Jaizkibel konpainiaren kontra daudenak. Zergatik gertatzen da hori?

Gai potoloa da hori niretzat... Baina gizarteko beste eremu batzuetan ere esan izan da emakumezkoaren ardura dela emakumezkoaren beraren egoera. Hori aldatu nahi duen neurrian joango da aldatuz. Nire, gure, aurreko belaunaldietako emakumezkoek zer defendatu dute? Irudi horietan ez dago ezer berririk, baina atentzioa deitzen dute; eta alardean fokalizatuta, ba oso-oso deigarriak dira. Baina bizitzako beste arlo batzuetan agian ez dira horrelakoak, e? Derrepentean hor ateratzen dira kontraesan guztiak.

Eta zergatik ezin da afera konpondu?

Udalek eta alderdi politikoen egiturek erantzukizun handia daukate. Guk ez dugu tesirik egin, dokumentaleko pertsonaiek beraiek aipatzen dute botoen kontua... Azken finean, botoen zakua zaintzeagatik, gatazkari aurrera egiten utzi diote.

Zergatik dago alarde mistoa onartuagoa Irunen?

Handiagoa delako. Hondarribian mundu guztiak elkar ezagutzen du. Gizarte handietan, hiri handietan bezala, gauzak urtu egiten dira, desegin... Handia den neurrian, gainera, baliabideak dituzte alarde paralelo bat egiteko.

Emakumezkoek alardeetan parte hartu nahi izan zutenean, haustura bat egon zela aipatzen dute protagonistek. Familietan, lagun kuadrilletan... Hondarribia edo Irungoa izatea, eta bataren edo bestearen alde agertzea arazo iturri bihurtu dela dirudi... Nola bizi dute egoera hori protagonistek?

Hori hala da, eta protagonistek gaizki bizi dute egoera hori. Baina gizakiak gauza guztietara ohitzen gara... Kasu jakin bat ezagutzen dut. Emakume bat joan zen bere ama helduaren etxera orain bi urte, eta anaiak etxetik bota zuen, eta jipoitu, gainera.

Protagonistek beraiek hitz egiten dute jipoiez.

Ikusten dugu Venezuelan jendea bi taldetan zatituta eta muturreko jarrerak hartuta, eta ulertzen dugu hori Venezuelan gertatzea. Baina guk hemen jarrera bera hartzen dugu. Ez gara hain diferenteak. Ikusten dugunean norbait dela maltzurkeria bat egiteko kapaza, pentsatu behar dugu hori gizakion baitan dagoela.

Xabier Kerexeta soziologoak zera esaten du pelikulan: «Alardeak sintoma bat dira».

Hori da. Alardea ez da arazoa, sintoma da; arazoa gizartean dago. Gizartea berezia eta plurala den neurrian, horren espresabideak diferenteak eta anitzak dira.

Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna oraindik ere oso urrun dagoela adierazi nahi izan duzue dokumentalarekin?

Oso urrun dago oraindik, bai. Ondorio hori atera dut. Nik uste nuen gaudena baino hobeto geundela. Eta pelikula eginez ikusi dut urrun dagoela... Alardearen kontua ikusita, konturatzen zara askoz ere hedatuago dagoela gaitza uste duguna baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.