Iñaki Iñurrieta. EIZIEko lehendakaria

«Eremu praktikotik lotzen da jendea EIZIEren lanetan»

EIZIEko lehendakari berriak uste du elkarteak orain arte egin duen bideari jarraitu, ildo berriak ireki eta egiten duen lana gizartean proiektatzeko ahalegina indartu behar duela.

Juan Luis Zabala
Donostia
2013ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Irakasle eta kazetari lanetan aritua da Iñaki Iñurrieta (Soraluze, Gipuzkoa, 1953), literatura idazten ere bai —Kuskue tanden nobelaren egilea da (Alberdania, 2004); baina itzultzaile lanari eskaini dio beste edozein zeregini baino ordu eta energia gehiago. Ehun titulutik gora itzuli ditu, horien artean J. D. Salingerren Zekale artean harrapaka nobela (Elkar, 1991). Joan den apirilaren 20az geroztik EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko lehendakaria da, eta ilusioz heldu dio zeregin berriari, batez ere EIZIE elkarte «bizia eta dinamikoa» iruditzen zaiolako, «gauza asko egiten ari dena eta egin ditzakeena».

Zer aldarterekin eta zer asmorekin hartu duzu kargua?

Ilusioarekin. Duela urte asko literatura batzordean-eta parte hartu nuen, eta gustura aritu nintzen. Gero, urte askoan, EIZIEren dinamikatik nahiko aparte egon naiz, nahiz eta webgunearen bidez jarraitu zer egiten zen, zuzenean parte hartu gabe. Orain dela bi hilabete proposamena egin zidatenean, neure denbora tartea hartu nuen erabaki baino lehen. Bakartxorekin [Bakartxo Arrizabalaga, EIZIEko lehendakaria azken lau urteetan], batzordekoekin eta elkarteko langileekin hitz egin eta gero eman nuen baiezkoa. Nik ikusten dut jendea eremu praktikotik lotzen dela EIZIEren lanetan, eta badagoela bizitasun bat, energia bat, eta gauza asko egin daitezkeela. Garantia osoko jendea dago lehendik Zuzendaritza Batzordean, eta sartu den jende berria gaztea da, interesgarria, eta gogotsu dagoela uste dut.

Literatura Unibertsala eta Urrezko Biblioteka bilduma kudeatzea eta argitaratzea da EIZIEren lan ezagunena, baita estimatuenetakoa ere. Zer egoeratan dago gaur egun bilduma?

Salmentetan-eta ezin esan oso arrakasta handikoa denik, baina gu gustura gaude Literatura Unibertsala bilduma egiten ari den bidearekin. Batez ere XVIII, XIX eta XX. mendeko obrak kaleratzen ziren hasieran bilduman, eta urteekin autore gaurkotuagoetara jo da neurri batean. Une honetan corpus interesgarri bat dago sortua, oraindik seguru asko ez daukana behar lukeen edo merezi duen harrera eta oihartzuna. Baina horri begira ere hasi gara lanean, ea irakaskuntzaren bidetik eragiterik badagoen, itzulpen lanak euskal irakurleen artean nola naturaldu daitezkeen ikusteko. Langa bat pasatu beharra du bildumak, eta ez du lortzen pasatzea.

Zer ari zarete egiten zehazki?

Orain arte ikasleei begira aritu gara, sustapen lanetan, eta orain hasi gara irakasleei begira jartzea planteatzen. Irakasleak irakurzale izatea nahitaezkoa da, eta batzuk badira, baina beste asko ez. Irakasleak zaletasuna duenean transmititu egiten da. Hala ere, bada oraindik, nahiz eta lan asko egin den, halako aurreiritzi bat itzulitako liburuen aurka. Hori hautsi nahi dugu.

EIZIEren aspaldiko kezka da itzulpenen aurkako aurreiritzi hori. Sektore batzuetan gainditzen ari bada ere, badirudi oraindik ere lan asko egin behar dela behin betiko gainditzeko.

Ez dakit zenbateraino gainditu den edo gainditzen ari den. Ez daukat datu objektiborik. Aurtengo udan EHUn ikastaro bat egingo da, Isabel Etxeberria EHUko irakasleak zuzenduta, euskaratutako itzulpenak ebaluatzeko, ikusiz, besteak beste, zer harrera izan duen orain arte Literatura Unibertsala bildumak. Nire ustez, aurrera egin da. Nik neuk, esate baterako, irakurle moduan, lehen itzulpen gutxi kontsumitzen nuen, baina gaur egun gero eta normaltasun handiagoz irakurtzen ditut liburu itzuliak. Adibidez, Hamar liburua [Andrej Longorena, Pasazaite argitaletxeak kaleratua], Josu Zabaletak itzulia, nahiko arrakasta izaten ari da, gazte jendearen artean batez ere. Egia da aurreiritziak hor jarraitzen duela oraindik, baina uste dut neurri batean ari dela pixkanaka-pixkanaka bidea egiten hori gainditzeko.

Horren ezagunak ez badira ere, beste zerbitzu eta adar asko ditu martxan EIZIEk, hala nola ItzuList, Itzulbaita, ikastaroak, Senez aldizkaria, 31 eskutik bloga…

31 eskutik blog sortu berria dagoen indarraren eta bizitasunaren adierazpen bat dela sentitzen dut. Jarraipena du, erantzunak… ItzuList ere gauza bera… Mila harpidedunetik gora ditu, eta edozein motatako arazoak kontsultatzeko erabiltzen da, oso eraginkorra eta oso erabilia da, dinamikoa, praktika, bizia…Oro har, komunikazioaren arloa oso garrantzitsua da gurea bezalako elkarteetan, eta hori indartu beharra dago. EIZIEn gauza asko egiten da, bizitasun handia dago, dinamismoa, eta hori dena behar bezala proiektatzen ahalegindu behar dugu, egiten denaren berri ematen. Hori da gure helburu handietako bat.

Literatur itzulpenen arlokoa izan du lanik agerikoena EIZIEk, baina profesionalen lan baldintzak eta eskubideak zaintzeari arreta handiagoa emateko asmoa agertu dute elkarteko aurreko lehendakariek.

Asmo hori izaten jarraitzen du EIZIEk, nahiz eta egitasmo nagusia Literatura Unibertsala era Urrezko Biblioteka izan, batez ere Jaurlaritzarekin dugun hitzarmenaren bitartez hortik lortzen dugulako finantzaketaren oinarria. Administrazioko itzultzaileen lan baldintzen inguruko kezka hasieratik izan du elkarteak, adibidez, eta gaur egun ere bada elkartean alor bat horretara bideratua. Baina ez da erraza arazoei nola heldu erabakitzea, oso egoera desberdinekin egiten baitugu topo. Adibidez, EIZIEk eduki zuen bere webgunean oso tresna bisitatu bat: itzultzaileen lanen tarifa gomendatuen taula bat. Erreferentzia bat zen enpresa askorentzat, itzultzaileei zenbat ordainduko zieten erabakitzerakoan, oso baliagarria itzultzaileek ordain duina izan zezaten kasurik gehienetan, nahiz eta beti izaten zen tarifa haien azpiko ordainik ere. Baina Lehiaren Defentsarako Legea dela eta ez dela, horrelako aholku edo erreferentziak legez kanpo gelditu dira, eta zerbitzu hori erretiratu egin behar izan zuen EIZIEk. Gainera, zehapen prozedura ireki diote elkarteari, eta azken erabakiaren zain gaude orain.

Nola eragiten ari zaio krisia EIZIEri?

Diru iturri guztietan izan da jaitsiera. Oraintxe hasiak gara Jaurlaritzarekin hitzarmenaz hitz egiten. Gutxi-asko nik uste dut aurrekontu orokorrek izan duten proportzio berean jaitsiko dela guk jasotako laguntza, %15 inguruan, oraindik zehatz esan ez badigute ere.

Finantzaketarako beste bide batzuk ere ikertu dituzue?

Ikastaroena izan daiteke bat. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskatuta, haiekin interpreteentzako ikastaro bat antolatu genuen iaz. Bide hori, gisa horretako erakundeei zerbitzuak eskaintzea, izan daiteke, krisiaren ondoriozko murrizketak daudenean, beste diru iturri batzuk eskuratzeko bidea. Arakatu beharreko arloa da. EIZIEn potentzial handia dago, gauzak egiten dira, eta uste dut egiten den hori unibertsitateekin harremanetan jartzea garrantzitsua izan daitekeela, eta baita administrazio publikoarekin ere. Hasita gaude horretan, eta sakontzeko asmoa dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.