Maite Gurrutxaga. Ilustratzailea

«Zure mundua eta publikoarena ezkondu behar dituzu»

Pertsonaia txikiak marrazten ditu maiz, eta ez daki koaderno txikiak erabiltzen dituelako ote den. Aukera estetikoez gaindi, inguratzen duenak inspiratzen du.

Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Elementu gutxiren beharra dauka Maite Gurrutxaga ilustratzaileak (Amezketa, Gipuzkoa, 1983) inspirazioa aurkitu eta lanean hasteko. Nahikoa ditu axota, zuhaitz bateko hosto bitxia eta koadernoa orriak marrazkiz betetzeko. Haren marrazkiek Mariasun Landa, Juan Kruz Igerabide, Karlos Linazasoro eta Mayi Ariztiren liburuak apaindu dituzte, besteak beste. Ilustratzailearen obraren lagin bat ikusgai dago Donostiako Aiete kultur etxean, Ilustratzailearen Txokoa deituriko espazioan, martxoaren 23ra bitartean. Galtzagorri elkartearen eta Donostia Kulturaren arteko proiektua 2012ko urrian abiarazi zuten, ilustrazioaren mundua denen eskura ipintzeko asmoarekin. Toki aproposa da hura, Gurrutxagaren lanak ere txikiak direlako tamainaz.

Aurretik Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola eta Antton Olariaga pasatu dira espazio honetatik. Zer aurkitu daiteke erakusketan?

Erakusketa honek jendearengana hobeto helarazteko aukera ematen digu ilustratzaileoi, eta horrekin batera, lankideen lana ezagutzeko bidea ere izan da. Nire aurretik hainbat ilustratzailek bete dute espazio hau, eta haien teknika eta ikuspuntua hobeto ulertzeko balio dio ikusleari. Helburu polita betetzen du erakusketak, ilustratzaileen lanera gerturatzen laguntzen baitu.

Nola bihurtu zinen ilustratzaile?

Bideak eraman nau marrazketa lantzera. Umea nintzela marrazten nuen, eta ez diot marrazteari utzi inoiz. Batxilergo artistikoa aukeratu nuen pintura nire bokazioa zela pentsatuz, ondoren Arte Ederrak egin nituen, eta bertan deskubritu nuen ilustrazioa. Egunero liburuetan ikusi arren, une horretan ohartu nintzen marrazketa mota horrek erakartzen ninduela. Beraz, Arte Ederrak bukatu ondoren, ilustrazioa ikasten hasi nintzen Bartzelonan.

Ezberdin marrazten al duzu liburu bat ilustratzean edo zuretzat sortzean?

Ezberdin sentitzen naiz, eta emaitza ere ezberdina izaten da. Horrek ez du esan nahi enkarguz lan egiteak gogobetetzen ez nauenik. Gustuko ditudan egile askoren lanak ilustratzeko aukera izan dut. Idazlearekin eta editorearekin ados jarri beharra dago lan egiteko, eta asko ikasi dut halako proiektuekin. Lan literario bat ilustratzea interpretazio lana egitea da, eta askotan ez da izaten egileak imajinatu bezalakoa.

Eta zer da kontuan hartzen duzuna liburu bat ilustratzean?

Editorearen ondoren, ilustratzailea da idazlearen lana irakurtzenlehena, eta egileei gustatzen zaie haien lana beste pertsona baten ikuspuntutik ikustea. Horregatik, hari bat bilatzen saiatzen naiz, alde batetik nire interpretazioa eta bestetik imajinario kolektiboa biltzen dituena. Jendearengana heltzeko, ezkontza bat egin beharra dago zure munduaren eta publikoaren artean.

Helduentzako liburu gutxik izaten dituzte marrazkiak. Zuretzat garrantzitsuak al dira ilustrazioak literaturan?

Gustatzen zait helduen literaturan ilustrazioekin topo egitea. Egia da irakurtzen ditudan liburu gehienek ez dutela irudirik, eta pena bat da, ilustrazioek istorioaren bigarren interpretazioa eskaintzen dutelako.

Zure estiloa nahiko minimalista da, kolore leunak eta irudi biluziak erabiltzen dituzu. Zergatik?

Izaera kontua dela pentsatzen dut. Bozetoa liburuan marrazten dudanetan, pertsonaia txikiak ateratzen zaizkit gehienetan. Ez dakit koaderno txikiak erabiltzen ditudalako ote den... Aukera estetikoak beti egiten dira, bai, baina marrazterakoan bada zerbait zure nortasunaz hitz egiten duena. Hala gertatzen zait niri, irudiek nire izaera islatzen dute.

Erakusketan hainbat objektu gehitu dituzu, hala nola hostoak, harriak eta adarrak. Elementu horiek inspiratzen al zaituzte?

Inguratzen nauenak inspiratzen nau. Kaletik nabilela elementu txikiak biltzen ditut, eta horiekin collageak sortzea gustatzen zait. Konposizio hoiek gero lanerako erabilgarri izaten zaizkit askotan.

Zaila al da ilustratzailearen lanbidea?

Oso zaila da marrazteaz bizitzea. Ilustratzaileen artean toki bat egin arren, nahiz eta lan eskaintzak jaso, freelance eta autonomo moduan lan egin beharra daukagu gehienetan. Dena dela, bokazioz eta pasioz egindako lana da gurea, inoiz ez diruagatik hautatutakoa.

Zeintzuk dira zure etorkizuneko proiektuak?

Mikel nire anaiarekin autoedizio proiektuetan ari naiz lanean, eta horrekin batera Antxiñe Mendizabalen liburu bat ilustratuko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.