Oroimina, dabilenaren premia gisa

Belen Gopegui idazle espainiarrak ez du uste nobela politikoak amets-irudiei eta oroiminari uko egin behar dienik, horiek gizakiaren berezko premiak direnez gero. Gaitzesgarritzat du, ordea, besteen gutxiespenean oinarritutako amets-irudia.
Belen Gopegui, ostegun arratsean, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean.
Belen Gopegui, ostegun arratsean, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala -

2014ko martxoak 8
Oroimina sentitzen dut eta bidean jartzen naiz, eta nabilen bitartean oroiminez nago». Bertolt Brechten esaldi ezagun horrek laburtzen du Belen Gopegui idazleak (Madril, 1963) herenegun Donostiako Ernest Lluch kultur etxean eman zuen La novela en la industria de la conciencia hitzaldian (Eleberria kontzientziaren industrian) zabaldu zuen mezu nagusia. Eleberriak, Gopeguiren ustez, Brechten esaldiak iradokitzen duen bezala, oroimina eta mugimendua uztartu behar ditu, atsedena eta ekintza; plazera eta erantzukizuna; bakea eta gerra; barrea eta negarra; amets pertsonalak eta kolektiboak… Kasurik gehienetan, ordea, bi alderdietako batek bestea baztertzen duela uste du Gopeguik.

Gogoaren industrializazioa izenburua zuen artikulu batean, Hans Magnus Enzensbergerrek «kontzientziaren industria» aipatu zuen 80ko hamarkadan. «Kulturaren industria baino kontzeptu zabalagoa da kontzientziaren industria», azaldu zuen Gopeguik, «bere baitan hartzen baititu hezkuntza, hedabideak eta turismoa ere; eta gaur egun Internet sarea ere hartuko luke». Kontzientziaren industriaren «parte txiki bat» baino ez da eleberria. «Industria horren indar nagusia den gauza bera da, aldi berean, bere ahulunea. Bere indarrak —irudimena kontrolatzeko eta manipulatzeko duen ahalmenak— gure irudimenean du oinarria, gure irudimena du elikagai. Horrek erantzukizun bat ematen digu».

Eleberriak «kontzientziaren industriaren parte gisa» duen eraginaz eta zereginaz gogoeta egitean, «aintzat hartzen ez den baina narrazioetan beti dagoen» elementu bat hartu zuen mintzagai hizlariak: amets-irudia. «Bi eratako amets-irudiak daude: batetik, amets-irudi apala dago, norberarentzako bakarkako babesgune bat dena eta nik bizitzarako beharrezkotzat jotzen dudana; bestetik, amets-irudi nartzisista bat, besteak gutxietsiz eta mespretxatuz eraikitakoa, gaur egun nobela gehienetan nagusitzen dena. Bigarren amets-irudi horrek guztiok ezberdinak garela adierazi nahi du: 'Ni ezberdina naiz, baina ia inoiz ez naiz ezberdina okerragoa naizelako, baizik eta, ia beti, hobea naizelako'. Ez da derrigorrezkoa horretarako nobela idealistak izatea; nobela ezkorrek ere transmititzen dute askotan ideia hori. Horretaz arduratzen da, nire ustez, gaur egun gailen den narratibaren parterik handiena, eta niri ez zait interesatzen».

Eleberrigileei gaur egun «barne-bizitzaren nartzisismoarekin lotutako istorioak» eskatzen zaizkiela uste du Gopeguik, baina, nartzisismo horren aurka egonagatik, uste du eleberri politikoak ez diola uko egin behar berak «amets-irudi apala» deitzen duen horri. «Alde guztietatik kolpeak hartzen ari gara, eta amets-irudi horren beharra dugu».

Gaur egungo literaturarik gehienak «oroimina lantzen du, horretan ematen du denbora guztia, baina ez dabil, ez du aurrera egiten», Gopeguiren ustez. «Erresistentziako literatura, aldiz, literatura politikoa, aurrera doa ibilian, baina ez du oroiminik. Publikoaren eta pribatuaren arteko, banakakoaren eta sozialaren arteko bereizketa tranpa bat dela uste dut. Izkin egin beharko genioke tranpa horri, eta literaturak ere bai. Ez genituzke bereizi behar urrumatzea eta borrokarako dei egitea. Dena continuum bat dela jabetu beharko genuke».

Narratiba gailenaren aginduak

«Ideologia gailen bat dagoen moduan, narratiba gailen bat ere badago», Gopeguiren ustez, eta hori da eleberrigintzan urrumak eta borrokarako deiak uztartzea eragozten duen faktoreetako bat. «Biek, ideologia gailenak bezala narratiba gailenak, mezu bera zabaltzen dute: hauxe daukagu. Enzensbergerrek argi adierazten zuen, arestian aipatu dudan artikuluan, zein den kontzientziaren industriaren xedea: ezarritako ordena defenditu eta eredua betikotzea». Horren ondorioz, bere fruituak ematen dituen borroka kolektibo bat erakusten duen eleberria edo filma automatikoki gaitzesteko joera dagoela uste du Gopeguik, eta Ken Loachen Bread and Roses filmak izandako harrera kritiko zorrotza da horren adibide argigarri bat. Bada eleberrietan urrumaren eta borrokarako deien uztarketa natural eta oparoa eragozten duen beste faktore garrantzitsu bat ere: «Kontzientziaren industriak komun den ororen gure pertzepzioa manipulatu du».

Eleberrigile politiko baten egileak aurre egin behar dion beste arrisku batez ere ohartarazi zuen hizlariak: «Gainetik inor ez duen baina azpitik ere inor ez duen gu baten alde borrokatu behar dugu». Horregatik, egungo krisi ekonomikoaz arduratzean, ez du uste krisiaren aurreko egoerara itzultzea izan behar duenik jomuga. «Orduan ere jende asko zegoen azpian».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna