Juan Karlos Izagirre. Donostia 2016ko patronatuaren presidentea

«Ez dugu jakin Donostia 2016 zer izango den transmititzen»

Kultur hiriburutzaren egitasmoak izan duen krisirik larrienari buelta eman diotela uste du Izagirrek, eta Donostia 2016 indartuta aterako dela

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2014ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Itziar Nogerasek Donostia 2016ko zuzendaritza bat-batean utzi izanak harritu egin zuela onartu du Juan Karlos Izagirre hiriko alkate eta kultur hiriburutzako patronatuaren presidenteak (Donostia, 1963). Jakinda arazoak bazirela, ez zuen espero erabakia horrela hartu eta modu horretan jakinaraziko zuenik. Ez zitzaion gustatu, baina elkarrizketan behin eta berriro erakutsi du Nogerasekiko hurbiltasuna: «Badakit bera ere minduta egongo dela, eta ez nuke nahi azken astean izan dugun eztabaida horrek bestea ezkutatzea. Pertsona eta profesional handia dela eta oso ondo egin duela lan». Azken astea «oso gogorra» izan dela onartuta, proiektua krisitik indartuta aterako dela dio.

Premiazko bilera egin zuen patronatuak ostiralean. Zer giro aurkitu zenuen patronatuaren barruan?

Aurrera egiteko gogoa sumatu nuen, baina arazo larri baten aurrean gauden kontzientzia ere bai. Alde horretatik, adostasunerako erraztasuna sumatu nuen, eta gaizki egindakoak konpontzeko erabateko jarrera.

Zein da orain lehentasuna?

Behin-behinekotasun honetan eta erabaki potoloagoak hartzen hasi baino lehen, hasi behar dugu Donostia 2016 kalera ateratzen. Horrek abantaila besterik ez digu emango. Ez dugu jakin herritarrei transmititzen zer den 2016a eta zer ekarriko duen. Herritarrak aktibatu egin behar ditugu, haiengan ilusioa piztu. Horrek ezin du itxaron.

Donostia 2016 zer den ere ez daki jende askok....

Gardentasunean eta komunikazioan hutsegiteak izan ditugu, bai. Eta ez dugu zuzendaritza bat egonkortu. [Patronatuko] Lau instituziook bat gatoz analisi horretan. Eta hemendik aurrera egin beharrekoak hori dena zuzentzeko egin behar dira. Herritarrek gardentasun osoz ikusi behar dute zer egiten den. Donostia 2016n lan handia egin delako, nahiz eta askotan ez den horrela ikusi. Ez da komunikatzen jakin. Bestetik, egonkortasuna behar-beharrezkoa da.

Azkeneko urtebetean, besteak beste, Eva Salaberriak, Fernando Bernuesek eta Igor Otxoak utzi dute zuzendaritza. Hori badago kontraesanean egonkortasunarekin...

Donostia 2016, kultur hiriburu proiektu guztiak bezala, egitasmo konplexua da. Hiriburu guztiek izan dituzte arazoak: kargu uzteak, aldaketak, ilusioaren hozte bat gero berriro berotzeko... zailtasunak dituen egitasmoa da. Azken batean denbora tarte baterako egitasmoa da, eta kultur proiektua izateaz gain, badu eraginik ere lurraldean, ekonomikoki eta turistikoki. Horri lotu behar zaizkio gertatzen diren liskar politikoak. Horiek ere eragina dute, nahiz eta proiektu honen oinarrietako kontzeptua den ezberdinen arteko elkarbizitza.

Jakitun zarete herritarrek liskar politikorako gune gisa irudikatzen dutela Donostia 2016...

Bai, eta hori oker bat da. Denok onartu behar dugu geure ardura, eta nik neuk dagokidana. Donostia 2016ren isla ezin da izan liskarra. Errotik moztu behar dugu.

Oposizioa eta, batik bat, PSE-EE, oso kritiko ageri da zure lanarekin.

Ni kritikak onartzeko prest nago, kritikak arrazionalak badira. Kritiken oinarria bada hauteskunde emaitzak ezin gainditu izana, edo batzuen gustukoa ez den indar politiko bat egotea gidaritzan... horrek ez dit balio. Niri egokitu zait hemen egotea, eta harro eta ilusioz gainezka nago, baina gutxienekoa da hori. Edozeinek gidatuta ere, proiektuak aurrera egin beharko luke bere balio guztiekin. Baikorra izanik, nik uste dut hau zuzenduko dela eta denak batera joango garela.

Proiektuaren hastapenetan zeuden ideia nagusiak aldatu dituzuela leporatu dizuete.

Hasieratik egitasmoan daudenei galdetuz gero, garbi esango dute aldaketarik edota inolako esku hartzerik izan den. Eta esango dute ezetz. Beste kontu bat da liskar politikorik izan den patronatuan edo ez. Eta izan, izan dira, lau instituzio baikaude hor. Proiektuari edukia eman behar zaio, eta gauzatu egin behar da. Ideia orokor batzuk bete egin behar dira edukiz.

Itziar Nogerasen dimisioak harritu egin du jendea. Harritu egin du alkatea ere?

Harritu egin nintzen moduagatik, posizio txarrean uzten zuelako proiektua. Eta hori ez nuen ulertu.

Patronatuak ikusten zuen arazoa?

Patronatuak ikusten zuen bazirela arazoak, eta horiek bideratzeko lanean ari zen. Hain zuzen ere, joan den astearteko bilera horretarako mugarri bat zen.

Nogerasek aipatu zuen proiektuaren blokeo teknikoa. Guadalupe Etxeberria kultur zuzendaria ez zela egokitu esan zuen. Eta gaineratu zuen zuzendari nagusiak aukeratu beharko lukeela bere lantaldea...

Nik ulertzen dut zuzendari kargua ez dela erraza. Eta patronatuan lau instituzio egonik, zaildu egiten da dena, adostasuna bilatu behar delako. Baina lantaldea hor dago, eta ezin diozu pertsona bati eskatu bere lantaldea egiteko... Lantalde horren parte handiena lehiaketa bidez aukeratu bada, are gutxiago.

Guadalupe Etxebarria ez da lehiaketa publiko bidez aukeratutakoa. Eusko Jaurlaritzaren proposamena izan zen.

Parte batek proposamena ekarri eta patronatuak aho batez onartu zuen. Ardura denona da, bai asmatzen dugunean bai asmatzen ez dugunean. Eta guk ez dugu egonkortasuna sendotzea lortu.

Etxebarria zergatik kendu duzue?

Zuzendaritza aldaketa erabatekoa behar bazen, ezinbestekoa zen.

Aurreko asteburuan prentsan agertu zen kultur programazioaren aurrerapen bat, eta Nogerasek esan zuen hori izan zela dimisioa emateko beste arrazoietako bat.

Informazioa hedabideetara iristea oso erraza da. Baina 2016ren kasuan etengabea izan da informazio jarioa. Eta askotan, gainera, asmo ez onekin zabaldu da informazioa, gauza batzuk desitxuratuta. Baina, tira, astero edo 15 egunero izan dugu halakoren bat... Harritzen nau azkeneko honek halako ondorioak izatea, nahiz eta jakin badakidan zuzendari baten lana baldintzatzen duela.

Zuzendari nagusi berria noiz eta nola aukeratuko duzue?

Botere hutsune bat egonda, premiazkoa zen hori betetzea, eta langileekin hitz egin ostean erabaki dugu behin-behineko zuzendaritza teknikoa osatzea, datozen aste eta hilabeteetan egin beharrekoak aurrera eramateko, baina garbi daukagu zuzendari nagusia aukeratu behar dugula ahalik eta azkarren.

Etxekoa izan beharko duela aurreratu duzu... Donostia 2016 ondo ezagutu beharko du.

Premiazkoa da. Eta baita izendapena ez izatea prozedura luzekoa ere. Bestalde, zuzendari berriak izan beharko du gidaritzarako gaitasuna eta jakin beharko du liskar politikoekin moldatzen.

Nogerasen kasuan esan zen ezinbestekoa zela lehiaketa publikoa. Oraingoan ez?

Aukera ezberdinak daude, baina ezin dugu denbora galdu. Ezin dugu lau hilabete pasatu lehiaketa publiko batean eta ekarri proiektua ezagutzen ez duen norbait.

Noizko egongo da 2016rako egitaraua?

Ekainerako nahiko genuke osatua izatea, jakinda kultur hiriburutza egitarau bat baino gehiago dela.

Albiste txarren aurrean, zein indargune ditu Donostia 2016k?

Proiektua bera tresna zoragarria da, harribitxi bat, eta jakin behar dugu modu egokian erabiltzen. Gainera, lan handia egin da, lantalde sendo bat daukagu eta horrek guztiak oinarri bat osatu du. Ezin dugu alferrik galtzen utzi. Eta horretaz jabetu behar dugu denok.

Zer egin behar duzue proiektua herritarrengana iristeko?

Alferrik gabiltza herritarrengana iristen ez bagara. Eta Donostia 2016ri hori falta zaio, proiektua berea ere badela sentitzea. Herritarrik gabe ezin da egin Donostia 2016, eta beraientzat ere aukera bat da. Mezu hori ondo zabaldu behar dugu, baina kosta egingo zaigu, azkenaldian zabaldu diren mezu ezkorrengatik.

Bruselatik errietarik jaso duzue?

Brusela etengabe informatuta egon da, eta adierazi diogu zein diren gure asmoak aurrera begira. Kultur hiriburu guztiek izan dituzte krisi garaiak, baina egia da kezkatu egiten direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.