Jean-Claude Iriart. Euskal kulturaren aldeko herri arteko sindikatuko presidentea

«Azkarragoak izanen gara jarrera kolektiboago bat finkatzean»

Orain arte bereziki«teknikoa» zen egiturari kutsu «politikoagoa» eman nahi dio Jean-Claude Iriart presidente izendatu berriak, politika kulturaletan zuzenkiago eragiteko gisan.

Nora Arbelbide Lete.
Hiriburu
2014ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Kultur Erakundearen (EKE) lehen biltzar nagusia zuen larunbatekoa Iriartek sindikatuko presidente gisa. Karguak EKEko administrazio kontseiluko kide egiten du, baita Euskararen Erakunde Publikokoa ere. Azalpenetan sartu aitzin, sindikatu hori zer den xuxen jakiteko, menturaz, balio du berriz beren jatorrien gogoratzea. 1990ean sortu zuten EKErekin batera. Ipar Euskal Herriko herriek eman kotizazioak biltzeko, EKE finantzatzeko. Gaur egun bospasei herri salbu, herri guztiek dute dirua ematen. Geroztik EEP sortu dela ere, EEP finantzatzeko baita erabakitzeko ere baliatzen dute sindikatua. Herritar bakoitzeko 1,3 euro urtean.

Errana izan duzu sindikatuari kutsu politikoagoa eman nahi diozula, orain arte ez bezala, zure presidentetzaren bidez.

Entseatuko naiz ikusten nola izan daitekeen leku berezi eta aproposa euskararen eta euskal kulturaren aldeko boza izateko. Aitzinetik eginahala kolektiboki prestatua izan dadin. Erran dezagun herrien aldetik zer nahi dugun. EKE eta EEPn badira estatua, Akitania eta departamendua. Horrek erran nahi du Euskal Herria baino haratagoko eremuen ordezkariak direla. Sindikatua da bakarrik Euskal Herrikoa. Indar joko horretan Euskal Herria ordezkatzen duen bakarra den sindikatu horrek ez baldin badu zinez bere boza entzunarazten, ez baditu bere exijentziak ezagutzera ematen euskal kultura edo euskararen aldeko gauzetan, nola pentsa besteek eginen dutela? Sindikatuak herrien oihartzuna izan behar duela uste dut. Ikuspuntu politikoa finkatu behar dute herriko etxeek, horrek egin ahala pisu ukan dezan beste instituzioekin biltzen garelarik. Politika aipatzen delarik ez da bakarrik finkatzea zenbat diru ematen den elkarteei.

Zuk zein zentzu ematen diozu politikari testu inguru horretan?

Irakaskuntzan zer nahi dugun, kirol bizian zer nahi dugun. Giza zerbitzuetan nola nahi dugun euskara kontuan hartua izan dadin. Euskal kulturarekin, berdin. Aisialdietan ere bai. Eremu guztietan. Arlo horietan herriekeskumenak badituzte. Herriek bide politikoak finka ditzakete beren esku diren ekintza horietan. Baina euskara eta euskal kulturarentzat ez da sekula kolektiboki egina izan. Eta hori, gaurko egunean, garen egoerari begira, ahulezia bat da. Lehenik, herriko etxe bakoitzak bere eremuan finka dezan zer nahi duen egin, baina gero, orokorki behar dugu pentsatu. Molde kolektiboan egiten bada lan hori, horrek erran nahi du indar handiagoa izanen dutela EEPk eta EKEk, eta hori euskal kulturaren onerako da. Ordezkariek herriko etxearen barnean ere eraman beharko lana izanen dute hori. Azkarragoak izanen gara zinez finkatzen badugu postura kolektiboago bat.

Baina herri edo hiri mailan denek ez dute euskal kulturaren ikuspegi bera, ikuspegi politiko kolektibo horizein izan daiteke kasu horretan? Zuk nola ikusten duzu hori?

Behar da lan egin horretan. Orain arte herriek ordezkari batzuk izendatzen zituzten sindikaturako. Eta ordezkari horiek biltzen ziren urtean behin sindikatuan. Egitura hor zen; bere funtzio teknikoa betetzen zuen, baina mamirik landu gabe. Gainditu beharko dugun ondoko etapa hori izanen dela uste dut. Zinez debateak izatea sindikatuaren barnean. Horrek erran nahi du ordezkari bakoitzak bere herriko kontseiluan aipatzen ahalko dituen gaiak izanen direla. Ikusteko, baita ere, herrien partetik nola entzunarazten ahalko dugun gure nahia euskal kulturaren definitzeko.

Zuk euskal kulturaren zein ikuspegi duzu defendatuko?

Funtsaren aldetik ezin dizut deusik azaldu. Sindikatuaren barnean ez baita ildo politikorik nehon idatzi orain arte. Nik erronka horretan zinez engaiatu nahi dut, baina ez nuke mintzatu nahi besteen izenean.

EKE elkarte soil bat baizik ez dela ere zehaztu beharra da agian.

Bai. Horrek ez du EKEren beharra kentzen. EKE zubi bat baita elkarte eta instituzioen artean. Hastapenean finkatua izan zen diru laguntza publikoak ordenatuak izan zitezen elkarteak laguntzerakoan. Hor, nik aipatzen dudana da, zinez, politika baten eraikuntza. Keinu politiko bat da elkarte bati diru laguntza bat ematea. Gauzak aitzinatu dira azken urteetan, baina oraindik hutsune bat gelditzen da. Itxura ematen du, kasik, euskara edo euskal kultura herrietatik kanpo tratatuak direla. EEPn edo EKEn. Hor egiten direla gauzak eta horrekin dena konpontzen dela. Baina ez, ez da horrela martxatuko. Ez da aski. Bi tresna horiek behar dira indartu, ez da dudarik, dirutza aldetik, eta ekimenen aldetik. Eta hori jinen da desmartxa politiko batetik.

Demagun herrien partetik jalgitzen diren xedeek ez dutela bat egiten Frantziako Estatuak euskal kulturaz duen ikuspegiarekin. Indar harreman bat sortzea posible litzateke EKEren barnean? Gaur egun EKE adostasunezkoa dela erran daiteke, ez? Inpresio hori eman dezake.

EKEren postura da, mementoan, diru laguntzak banatzea eta proiektu batzuk zuzenean eramatea, euskal kultura erdian ezarriz. Lan hori oinarrizkoa da, eta behar da segitu. Denbora berean, orain, ikusi behar da —eta hori sartzen da azken bi urte hauetan EKEren eginbeharretan— nola pisu handiagoa ukan politika kulturalak finkatzen direlarik departamenduan, Akitanian-eta. Frantziako Eszena Nazionala, Biarritz Balleta eta gisa bereko egiturak laguntzen direlarik, hor hautu politikoak egiten dira. Eta hori EKEko erronka nagusietan sartzen da hemendik aitzina: Nola izan akuilatzaile politika kulturak definitzen diren leku guztietan. Euskal kultura gehiago kontuan hartua izateko.

Eta horretan zehazki sindikatuak rol nagusi bat izan dezakeela pentsatzen duzu?

Gero, herri tipietan ezin da erran politika kultural bat badenik. Ez da beren eskumenetan sartzen. Aldiz, Lapurdi itsasaldean herri bakoitzak badu bere politika.

Politika kulturala gero eta gehiago herri elkargoetan da finkatzen. Horretan, sindikatuak nola joka dezake?

Uste dut horrek ere gogoetetan sartu beharreko puntu bat izan behar duela. Beharko dugu gogoetatu parametro berri hori nola egokitu. Mementoan ez dut hori baino gehiago sartu nahi funtsean. Badakit zer gai behar dugun gogoetatzen hasi, baina hori, lehenik, beste ordezkariekinegin beharko dugu. Anitzek, gainera, nahiz eta herriek beren ordezkariak izan EEP edo EKEn, haiek ez dituzte baitezpada ezagutzen bi egitura hauek. Behar da, baita ere, justuki sindikatuaz baliatu jendearen sentsibilizatzeko.

Eta nola egiteko asmoa duzu hori?

Animazio eta bilkura lan bat da gehienik. Gero, zein erritmotan eta nola ibiliko den, hori ezin dut aitzinetik erran. Baina EEP eta EKEren barneko gogoetetan egin ahala presente izatea ere bada nire asmoa.

Ondoko erronkak finkatuko dituen Hitzarmen Berezia ari dira adosten orain, sindikatuak zer leku izan dezake horretan ?

Beste erronka biziki inportanta da hori ere, bai. Konpetentzia estrategikoak gogoetatzeko mementoan euskara eta euskal kultura aipatzen direla, debate horretan parte hartu beharko dugula pentsatzen dut. Baina hor ere gauza bera gertatzen da. Horrek erran nahi du gure artean ere aitzinetik gogoetak izan ditugula. Ezin naiz nire baitarik horrela denen izenean mintzatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.