Ruth Guimera. Aktorea

«Hiriak 'zer nahi duzu?' galdetzen dizu; argi eduki behar duzu erantzuna»

Bilboko Santutxu auzoan jaioa. Bilbo eta New York ditu bizitoki. New Yorken parte hartu du 'Off Off Broadway' zirkuituan. Bakarrizketa emanaldia eskainiko du Santutxun bihar.

KOITZ.
New York
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Txinatarrentzat zorte handiko emakumea da Ruth Guimera, Bilbon, Santutxun, 1980ko zortzigarren hilabeteko zortzigarren egunean zortziak eta hogeita bostean jaio zelako. «Eta ez naiz kexatzen, gauza ondo doa», aitortu du, New Yorken, Off Off Broadway zirkuituan Adam's Apple ikuskizunean parte hartu duen aktoreak.

Artisten familiatik al zatoz?

Ni ardi beltza naiz. Amak beti kontatzen du nola gaztetan antzerki emanaldi batean egin zuen lan, eta asko gustatu zitzaiola baina ezinezkoa izan zuela bere familian aktore izan nahi zuela esatea. Seguruenera, hazitxo hori niri pasatu zidan gero.

Balleta, musika eta dantza ikasi zuen Santutxuko neska gazte haren ametsei buruz galdetuko banizu?

8 urte nituenean, musika ikasten hasi nintzen, eta nire ametsa orkestra zuzendari izatea zen. Handik gutxira, dantzari bati buruzko liburu bat irakurri nuen, eta, kuriositate handia sortu zitzaidanez, 12 urterekin horretan hasi nintzen, eta ez nintzen gaizki moldatu: Bruselako konpainia garrantzitsu batean ere ia-ia hartuninduten. Jakin-minak, ordea, ez zuen etenik izan, eta neure buruari galdetu nion: «Zergatik ez dut hitz egingo edo abestuko agertoki batean?». Horrela hasi nintzen antzerkia egiten 16 urterekin.

Institutu garaian Arte Dramatikoa ikastea erabaki zenuen arte.

Egunero sei orduz dantza egiten nuen garai hartan, eta nahiko nahastuta nengoen. Azkenean, antzerki eskolan izena eman nuen. Gazteena nintzen klasean.

Asko aldatu al da arte eszenikoen munduari buruz zenuen ikuspegia?

Hau oso gogorra eta zaila da. Profesionalki 18 urterekin edo hasi nintzen, eta garai hartan sekula ez nuen esango utzi egin nahi dut. Urteak pasatu ahala, egun batean burutik pasatu zitzaidan, eta hori izaten da zailtasun asko gainditu behar dituzulako. Baina, aldi berean, orain, determinazio handiagoa daukat, argiago daukat hau dela gustatzen zaidana eta egiten dudana dela garrantzitsua niretzat. Horrek indarra ematen dit.

Bizkaiko Foru Aldundiaren beka bat jasota, New Yorkera etorri zinen 2005ean. Zergatik New York?

Oso gauza intuitiboa izan zen. Actor's Studio-ko kondaira hor neukan —Paul Newman, Marylin Monroe, Al Pacino, Maryl Streep, Robert De Niro eta antzeko aktoreen eskola, Lee Strasbergen aginduetara—, eta horrek eragina izango zuen. Baina gerora konturatu naiz New Yorken gertatzen diren Fame edo Nine weeks, Fatal Attraccion eta antzeko filmak barruan neuzkala; inkontzientean neuzkan hiri honetan gertatzen diren hainbat eta hainbat film.

Nolakoa izan zen hasiera?

Bost orduz bakarrik lo egiten nuen, hainbeste gauza zeuden ikusteko eta egiteko! Hiri honek izugarrizko energia dauka, eta barruan sartzen zaizu, eta bultzada handia ematen dizu. Ondo gogoan dut urrian iritsi nintzela; Bronxen neukan logela bat alokatuta, eta hango patata frijitu eta gasolina usainaz ederki gogoratzen naiz. Ingelesarekin ere kostata! Nahiz eta irakasleek poliki hitz egiten zidaten, klaseak grabatu egiten nituen gero etxean entzun eta hobeto ulertzeko.

Ordutik nolakoa izan da hiriarekiko harremana?

Oso bizia, gorabehera handikoa, bakardade askokoa… Urtaro batzuk oso ederrak dira, baina negua oso gogorra izaten da; etxean egoten zara denbora askoan, eta gauza askotaz pentsatzeko eta hausnartzeko denbora daukazu.Egia da flipatzen iristen zarela, baina gerora ez duzu hainbeste flipatzen. Hiri honek, «zer nahi duzu?» galdera egiten dizu, eta argi izan behar duzu erantzuna. Eskaintza izugarri handia da, baina eskakizuna ere bai.

Onenen artean zaude hiri honetan, konpetentzia izugarria dago… Sentitu al duzu hori?

Hasieran besteak bezalakoa izan nahi duzu, hori da sentitzen dena. Zailagoa da zu zeu izatea, arriskutsuagoa da, baina hala izanda, saria eramaten duzu. Norberak bere tokia aurkitu behar du. Ni neu izanda, nire neurriko pertsonaiak interpretatzeko aukerak eman dizkidate. Nire ingeles mailarekin ez didate pertsonaia amerikar baten rolik emango, baina bai beste asko. Zu zeu izatea da gakoa eta zailtasuna.

Ametsak betetzeko hiria omen da New York. Egia al da hori?

Amaigabeko istorioa filmaren amaieran esaten den bezala,ametsak zenbat eta gehiago eskatu, orduan eta hobeto. Horrek hala izan behar du bizitza guztian, hil nahi ez badugu. Nire ametsa hiri honetara etortzea zen. Lortu nuen. Gero, John Strasbergen (Lee Strasbergen semea) estudioan sartzea, eta lortu nuen hori ere. Lan asko egin dut hori eskuratzeko, eta lortu ditut ametsak.

Zer egin zenuen John Strasbergen estudioan sartzeko?

Urtean lau aldiz ikastaroak egiten ditu, eta dozena bat lagun aukeratzen ditu. Nik telefono bidezko elkarrizketa bat izan nuen, eta aukeratu egin ninduen. Berak esaten du ez daukala errezeta magikorik. Zure sorkuntza prozesuaren barruan sartzen laguntzen dizu, eta zuk nahi duzuna lortzeko bidelaguna izaten da. Ez da antzerki klase normala. Ideia, oroitzapen eta emozioen oihanean barneratzen laguntzen dizu. Pertsonaia baten azalean sartzerakoan, egoeraz jabetzen erakusten dizu: preso bat bazara, adibidez, zein arropa daramazun, zer usain izan dezakezun, zer jan duzun, zein urtaro den, nola sentitzen zaren…

Gerora lau ikuskizunetan parte hartu duzu. Azkenekoa 'Adam's Apples' izenekoan. Zer kontatzen du?

Masachuseteko (AEB) familia baten historia da. Etxe handi bat eta sagastiak dituzte. Garai batean inperio handi samar baten jabe izandako familia da; gaur egun, ordea, ez die hainbeste ematen, eta ez dakite nola egokitu bizitza modernora, eta azkenean dena galtzen dute. El jardin de los Cerezos-en egokitzapen moderno bat da, tragiko-komikoa, bizitzaren alderdi absurdoa nabarmentzen duena. Pertsona bakoitzak bere drama pertsonala daukala kontatzen da, baina ezaguna egiten zaiolako eta gustura dagoelako ez du askorik egiten drama horretatik ateratzeko.

Zer funtzio izan duzu obra horretan?

Hirugarren aktoan pertsonaia txiki baten rola jokatu dut, eta gero agertokiko manager zereginak izan ditut. Bost astez egon gara, eta oso gustura, gainera.

'Off Off Broadway' zirkuituaren barruan eman dute obra. Zer esan nahi du horrek?

Konpainiaren aurrekontuaren arabera eta antzokiaren edukieraren arabera ematen da izendapena. Zirkuitu ofizialetik kanpo dagoenez, ikus-entzuleak oso eklektikoa dira: produktoreak, idazleak, zuzendariak etortzen dira, zerbait desberdina ikusi nahi duena, baita publiko arrunta ere.

Nolakoa da zure bizimodua hirian?

Asko gustatzen zait ikastea. Asko irakurtzen dut, yogara joaten naiz, hot-yoga da azkeneko nire aurkikuntza, dantzako klaseak jasotzen jarraitzen dut, eta operako irakasle batekin ere elkartzen naiz. Agenda bete samarrarekin ibili ohi naiz.

Denboraldi luzeagoak pasatuko al zenituzke New Yorken?

Urte erdia pasatzen dut AEBetan eta beste hainbeste Euskal Herrian. Gustatuko litzaidake denboraldi luzeagoak egitea, baina ez nuke Euskal Herriarekiko konexioa eta harremana galdu nahi, oso jende interesgarria dago, eta etxean lan egiteko.

Larunbatean etxean izango zara.

Txupinazoaren ondoren, Santutxuko Levante enparantzan, Korrikarako prestatu nituen bakarrizketak eskaintzeko eskatu didate, eta hor izango naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.