Albistea entzun

Mendia. Ibilbidea

'Bi ahizpen sepultura'

Ireber mendiaren inguruetako pagadi, larre eta tontor harritsuek paisaia ederra osatzen dute, baina, zoritxarrez, azken urteetan paisaia hori erabat aldatu duen osagai berri bat ikus dezakegu makina bat gandor eta hegitan: haize errotak.
Bi Ahizpen Sepultura izena duen Brontze Aroko trikuharria. Atzean ikus daitezke haize errotak.
Bi Ahizpen Sepultura izena duen Brontze Aroko trikuharria. Atzean ikus daitezke haize errotak. MIKEL ARRIZABALAGA

Mikel Arrizabalaga -

2012ko apirilak 13

Beruete herria (Nafarroa) izango dugu gaurko abiapuntua. Hara iristeko, A-68 autobidean Arruitzeko irteera hartuko dugu, eta zuzenean Aldatz herriraino joango gara (NA 4018). Herria zeharkatu, eta Beruetera doan errepidea hartuko dugu.

Ernaitzu

Gure eskuinera utzi dugu Berueteko eliza, eta herriaren goialdera doan bide asfaltatutik egin dugu aurrera. Gaztainondo zahar baten ondora heltzean, gure eskuinera laga dugu gero itzulerako erabiliko dugun porlanezko pista. Pixkanaka gorantz egiten duen errepidean, modu berezian kokatuta dauden bi asken ondotik igaro, eta, lehen bihurgune handia gainditu eta berehala, eskuinaldetik marrazten den bidexka hartu dugu. Bi kilometro pasatxo bete dugu errepidean.

Pagadian murgildu gara, eta orbelak ezkutatzen duen xendatik gorantz egin dugu, zuzen, bizpahiru txondor plazen ondotik pasata. Laster atera gara pista zabal batera, eta handik segitu dugu eskuinaldera. Ehun metro pasatxo bete, norabidea aldatu, eta ezkerretik datorren beste bidea hartu dugu. Eguzki izpiek pagadi trinkoa zulatu dute, eta inguruak beste distira bat hartu du. Berehala iritsi gara alanbrezko hesi baten ondora, eta, horren ondotik ibiliz, eroritako borda baten ondora ailegatu gara. Pistatik segituz, gertu ikusi dugu beste borda bat; baina bidegurutze horretan, borda aldera joan beharrean, eskuinaldetik hartu dugu bidea.

Basotik atera, eta gure mendean agertu da ibarraren ikuspegi zabala. Alanbrezko hesiari begiratuz, berehala ohartu gara hori gainditzeko eskailera moduko ataka sinple bat dagoela. Toki horretan, pista zabala utzi, hesia gainditu, eta maila desberdinetan aurkitu ditugun haitz multzoak perpendikularki igotzen hasi gara, bide jakinik gabe pagadia zeharkatuz. Topo egin dugun bigarren hesia pasatu, eta azken metroak bete ditugu, Ernaitzuko gailur zabalera atera aurretik. Ikuspegi paregabea eskaintzen du mendi horrek, eta, handik ikusten dena deskribatzea luzea litzatekeenez, hara joatea eta gozatzea hobe. Erpin geodesikoaz gain, bi gutunontzi daude: bata zilindro horizontala da; eta besteak Sanferminetako entzierroa gogora ekartzen du, bitxia oso.

Trikuharriko altxorra

Parez pare dugu Ireber, eta hara aldera jaisten hasi gara belardian zehar. Berehala iritsi gara Sobresateko lepora, eta, han, GR-12aren bide seinale zurigorriak ikusi ditugu. Metro batzuk aurrerago, pagadian sartu, eta tontor bat dugu gertu; hura igotzen hasi gara. Pagaditik ateratzean xenda batek lagundu digu kare haitzezko tontor gainera heltzen. Hamaiketakoa egiteko leku aproposa. 360º-ko itzulia eginez, Andia eta Aralarko mendilerroak, Iruñerri, Baztan, Bidasoa, Urumea, Leitzaran eta Tolosaldeko mendiak; eta urrutiago, Pirinioak. Ikusgarria!

Atsedena hartu ostean, gertu dagoen lepora jaitsi, muinoa inguratu, eta basotik ateratzean Bi Ahizpen Sepultura izena duen Brontze Aroko trikuharriaren ondora atera gara. Elezaharraren arabera, leku horretan, bi ahizpa elur ekaitzak harrapatuta hil omen ziren Beruetetik Leitza aldera zihoazela. Hala ere, bada beste kontakizun bat, otsoek janda hil zirela dioena. Trikuharri horretan urrezko txanponez betetako altxor bat zegoela ere esan ohi da. Launtzeko mendi gailurrera erraz igo gara, eta gertu ikusi dugu Kornietako parke eolikoa, Aritz mendian hasi, eta Zuparrobiren gandorrean zehar hedatuz. A ze demasia!

Otsola

Launtzetik ekialdera zuzen jaisten den bidetik, erraz egin dugu behera, ur putzu txiki baten ondora iristeraino. Han, GR-12aren marka zuri-gorriak ikusi ditugu berriz, eta horiek markatzen diguten norabidean hesia gainditu, eta pagadi bikain batean ondo marrazten den bidetik Otsolako zelaietara jaitsi gara. Metalezko langa pasatu, eta iturri bitxiaren ondora iritsi gara; aurrerago, egurrezko hesola batek hainbat bide erakutsi dizkigu. Guk, seinaleak utzi, eta Arrarats aldera jaisten den pistarantz jo dugu. Toki horretan, bi aukera ditugu: bata, porlanezko pistatik Arrarats herrira jaiste; eta bestea, berriz, horren eskuinetik ateratzen den xendan barrena Beruetera jotzea zuzenean. Guk hori aukeratu dugu, bi arrazoirengatik: laburragoa eta atseginagoa izateagatik. Hangoek Otsolabidea deitzen diote. Alkardur mendiaren magalean zehar hedatzen den bide horretatik, erraz egin dugu aurrera, eta tarteka ikusi ditugun ur erregistro batzuek erakutsi digute handik barrena ur kanalizazio dagoela.

Bide erosoa da, eta, magalak zeharkatu eta pagaditik ateratzean, Arraratsetik datorren pistarekin bat egiten du. Toki horretatik Beruete herriraino jaisten diren bide bazterrak gaztainondo zaharren erakustoki aparta dira. Bat-batean, herria agertu zaigu, eta azken metroak etxe ederren artean bete ditugu. Itzuli bikaina!

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola —argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia—, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...