Jurgi Ekiza eta Rafa Rodrigo. Willis Drummond taldeko kideak

«Jainko bihurtzen bagara, hil gaitzatela»

Soinuaren bilaketari eta grabaketa prozesuari garrantzia eman, eta musikarekin eta musikatik bizitzeko bidean beste urrats bat egin du Willis Drummond laukoak 'A ala B' disko berriarekin.

gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Galizian hiru kontzertu emango ditu Willis Drummond taldeak datozen egunotan. Ondoren, Durangoko Plateruena aretoan aurkeztuko dute A ala B (Bidehuts) lan berria, abenduaren 1ean. Hamar kantu berri dira, indar bulkadez gain, soinu ñabarduretan babesten direnak. Gero, ia etenik ez zuzeneko kontzertuetan, ohikoa duten moduan. Jurgi Ekizak (gitarra eta ahotsa) freskagarri kafeinadun bat hartu du; Rafa Rodrigok (gitarra eta koruak) kafea hutsik. Datorkien lan eskergari eta erritmo frenetikoari aurre hartu nahi baliote bezala.

Istanteak aurreko diskoa kaleratu ostean adierazi zenuten jarraitu nahi zenutela zuzenekoen erritmo biziarekin baina baldintza onetan. Lortu duzue?

JURGI EKIZA (J.E.). Baldintza hobeetan bai, baina baldintza onetan oraindik ez. Pozten gara gure egoeraz, baina egia da orain bakarrik musika egiten dugula guztiok, eta zailtasunak ditugu erritmo hori segitzeko; baina gogoarekin eta gustuz jarraitzen dugu. Bi urte daramatzagu horrela, eta ezin gara errenditu.

RAFA RODRIGO (R.R.). Hobetzen dira gauzak, baina oraindik bada lana. Bizirik irauten dugu.

Bi urte ere ez dira igaro Istanteak kaleratu zenutenetik. Disko hark egin beharreko bidea egin zuelako plazaratu duzue berria?

R.R. Denbora baten ostean, gorputzak beste zerbait eskatzen du. Kontzertuetan abesti berriak jotzeak pizten dizu animoa. Naturala da zerbait berria egiteko gogoa.

J.E. Musika maite dugu. Gustatzen zaigu musika egitea. Egiten dugu ahal bezainbat. Istanteak diskoak izan zuen oso efektu ona jendearengan. Ohartu gara gero eta jende gehiago etortzen zela kontzertuetara. Azken hilabeteetan ohartzen gara jende askok ezagutzen dituela disko horretako kantuak. Disko berri bat egin nahi genuenbagenituelako bospasei kantu berri. Eta, gainera, udan grabatu nahi genuen, aurrekoak neguan grabatu baikenituen. Beste urte bat itxarotea gehiegizkoa zen.

A ala B kantuan diozue: «Heldutasuna iritsiko da, non ekintza bakoitza erabaki bat den...». Taldean ere fase horretan al zarete?Heldutasunean?

R.R. Saiatzen gara pentsatzen pauso bakoitza eman aurretik nora joan nahi dugun. Hori bai.

J.E. Egia da taldearentzat orain zailagoa dela atzera egitea urrats bakoitza egiten dugunean. Erabakitzen duzu nora zoazen, norekin elkartzen zaren eta abar...

Zuzeneko taldetzat nabarmentzen zaituzte jende askok. Horrekin soilik konforme zarete?

R.R. Disko honekin, adibidez, lan handia egin dugu aurretik soinuaren bila. Agian, orain esango dute «estudioan ere benetako talde bat da». Gu kontzertuetan saiatzen gara beti dena ematen, eta, dirudienez, hori nabari da, baina diskoan ere lan egin dugu zerbait ona egiteko.

J.E. Erran dezakegu gure benetako lehen estudioko diskoa dela. Hori zen asmoa eta gu kontent gara.

Zergatik diozu benetako estudioko lehena dela?

J.E. Soinua asko landu dugulako. Pistaz pista grabatu dugu diskoa eta ekoizpena. Abestiak landu ditugu pentsatuz nola grabatuko genituen. Ez da izan abestiak sortu eta grabatu besterik gabe. Oraingoan ahalegina egin dugu horretan. Emaitza interesatzen zitzaigun, bistan da, baina prozesuaren esperientzia ere bilatu dugu. Egin genituen hiru diskoak kasik zuzenean grabaturik, eta erabaki genuen interesgarri litzatekeela estudioko lana ezagutzea ere, kanpoko baten laguntza eta begirada izatea, jakiteko ba ote zen diferentzia bat modu batera edo bestera grabatu.

Eta diferentzia badago.

R.R. Pistaz pista grabatu genuen, guztiok batera. Hainbat anplifikatzaile erabilita, soinuaren bila etengabe. Hori dena nabaritzen da bukaeran.

J.E. Grabaketa egiteko soinu teknikari moduan Karlos Osinaga eta Iñigo Irazoki izan ditugu. Horiekin grabatu genuen Bonberenean. Nahasketa Toronton egin dute, Burke Reideren eskutik, eta masterizazioa ere aurrenekoz egin dugu John Goldenen estudioan, Kalifornian. Eta soinuan beste pisu bat nabaritzen da.

Tresna kantuan «Hil ditzagun gure jainkoak, ez du haien beharrik musikak» diozue. Eraginak jainkotzeko joera handiegia dago?

J.E. Fenomeno hori oso zabaldua dago musikan. Gauza berri askorik ez da gertatzen ari, salbu eta elektronikaren munduan. Gauzak asko ari dira errepikatzen. Komertzializazioari begira lan egiten dute talde askok, sentitzen dutena egiteari begira baino gehiago; hala, aurretik erabakitzen dute zer egin nahi duten. Ez dakit zer motatako musika egin nahi dute, ez dakit zer irudirekin...Talde askok hori egiten du euren buruari galdegin gabe direnarekin zer ikustekorik duen horrek.

Nortasun eta berritasuna falta ditu rockak?

R.R. Bai.

J.E. Musikan, beste arlo askotan bezala, iristen ari gara leku batera non dena antzekoa den. Badira nortasun kolektiboak eta badira nortasun propioak. Bakoitzak badu zerbait errateko mundu honetan, eta lortu behar da hori atera dadin.

Horixe da lanik zailena. Horrek talentuarekin ere badu zerikusia.

J.E. Bai, baina askok musika, arte gisa ikusi ordez, ezagun egiteko bidetzat ikusten du, marketin estrategia gisa.

Hori esanik ere, eraginak eta erreferentziak ezinbestekoak dira. Sorkuntzan ezinbesteko da erreferentziak izatea, ala ez?

R.R. Bai, jakina. Eraginak hor dira. Ikusi duzuna eta jaso duzuna ateratzen da nonbaitetik. Baina hori gauza bat da, eta beste bat da erabakitzea nor bezala egin nahi duzun zurea.

J.E. Horregatik dio kantuak «digestiorik gabe, elikadura zabor hutsa». Gauzak barneratu behar ditugu, digestioa egin eta berriz kanporatu. Baina jende anitzek ez du digestiorik egiten, eta badakigu digestio txar batekin nola ateratzen diren gauzak.

Aurreko diskoak oso harrera ona izan du eta oihartzuna ere jende artean. Beldurrik bai zuek jainkotu zaitzaten?

J.E. Ez, benetan ez dut uste egiten dugunik musika aski zabala horretara iristeko. Eta uste dut egingo bagenu ere gaizki hartuko genuela; beraz, ez genuke lortuko horretan segitzea.

J.E. Jainko bihurtzen bagara, hil gaitzatela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.