Iñaki Garitaonandia, 'Gari'. Musikaria

«Ausardia asko 'entrenatzen' dut»

1987an hasi zen Gariren ibilbidea musikan, baina ez omen du inoiz sentitu orain sentitzen duen besteko askatasunik. Sentsazio hori ardatz hartuta sortu nahi izan du kaleratu berri duen 'Ez da amaiera' diskoa, bakarkako seigarren lana.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Inozentzia. Ez du batek hitz hori esperoIñaki Garitaonandia Gari (Legazpi, Gipuzkoa, 1963) musikariaren ahotan. Labana baten pare egiten du distira esandako beste guztien artean. Esan liteke zailduegi behar lukeela jadanik hitz hori hain xalo erabili ahal izateko; zama handiegia izan behar duela iraganak horretarako. Gehiegizko bilakatzen dutela hitza Hertzainak taldearekinemandako urteek, drogaren aurka egindako borrokek eta musikaren industriari ezagututako itzalguneek. Baina ez, beste guztiak apartatu eta harekin jotzea kostatu zaion arren, ongi hautatu du esan duen hitza. Urteetan musika urrun sentitu duela dio, baina baketu dela orain. Kongon emandako denboraldia izan dela klabea. Eraldatu egin omen duela han igarri duen indarrak, bizinahiak. Inozentziak. Eta bere bakarkako ibilbideko seigarren lanera eraman nahi izan du bultzada hori. Dioenez, horri esker inoiz baino askeago sortu ahal izan duEz da amaiera diskoa (Elkar).

Arriskuak maite dituzula esana duzu maiz, eta disko honetan ere arriskatu egin duzu. Kantakborobiltzera jo beharrean, kontrastez beteta utzi dituzu, askotan abesti bakarrean giro ezberdinak batuz.

Bai. Kantekin etxean egitura txiki batzuk egitean, eta biluzik zeudela, garbi azaldu zen ideia bat: diskoa estudioan egitea. Sorkuntza prozesu guztia eta horrek sortzen dituen zirrara, beldurra eta gainontzeko sentimenduak estudioan bizi nahi nituen ehuneko ehunean. Ez nuen azaldu nahi estudiora lan guztia eginda neukala, han erregistro bat baino ez egiteko. Oso inportantea zen azken unera arte zirrara hori eta muturreko sentsazio horiek sentitzea estudioan. Zeharkaldia gogorra izan da zentzu horretan. Oso bizia izan da, eta beldurra izan da beti nagusi. Baina beldurra zentzu positibo batetik ikusita. Hori izan zen konpromisoa. Zeharkaldi bat hasiko genuela erabaki nuen. Ikusi nahi nuen haize horiek noraino eramango gintuzten. Hori izan da ardatza disko honetan. Kantek ez diote jarraitzen hari bakar bati hasieratik amaierara, hari asko topatzen ditugu, eta niretzat oso inportantea zen hori mantentzea.

Orkestrazioan ere igartzen da hori: marakak, xilofonoa, teklatuak, slide gitarrak... Eta, gainera, badaude tresna batzuk une batean bi nota emateko sartu, eta gero kendu egin dituzunak.

Hori nahi izan dut: gu ongi sentitzea musikalki, eta ateak irekitzea.

Badago sarean estudioko giroa ageri duen bideo bat. Negoziazio etengabean ageri zarete denak.

Tentsioz beteta egon da grabaketa, zeren prozesua estudioan bertan izan da. Labea estudiora eraman dugu. Esperientzia berri bat izan da, eta amaitu arte ez dugu jakin zer egiten ari ginen. Eta horrek askatasun sentsazioa ematen du. Bidea aztertu, erabakia hartu, eta hurrengo unean bidean aurrera zoaz. Gitarra hartu, teklatua... Goazen hemendik, goazen handik... Kanta asko estudioan bertan sortu ditugu. Prozesu nahiko luzea izan da, eta estudioaren baimenarekin eta laguntzarekin egin ahal izan dugu hori. Lehenengoz sentitu dut han ginen guztiak batera ari ginela: musikariak, teknikariak eta diskoetxea. Estudiora azaldu ginen gure oihalarekin, baina ez genuen zirriborro biluzi batzuk besterik. Baina ez zen hori grabatu nahi genuena, abiapuntua baizik. Koloreak gero sartu ditugu. Oso prozesu bizia izan da. Nahasi ditugu mundu akustikoa eta elektrikoa, adibidez. Eta egon dira eztabaidak eta borrokak.

Eta behin kantak eginda daudela, nola entzuten dituzu?

Nik neuk, diskoa entzuten dudanean, ez dut kantarik entzuten. Beste batzuetan, diskoa amaitu eta entzun ditut kantak, baina orain ez. Orain ikusten dut esperientzia bat bizi izan dudala. Zeharkaldi bat. Eta esperientzia horrek sortu dituen emozioak bizi ditut. Orain zuzenekoa prestatzen ari gara, ikuskizun dotore bat prestatzeko.

Lau izan zarete estudioan: Miguel Moyano gitarra jotzailea, Borja Barrueta perkusio jotzailea, Jon Piris kontrabaxu jotzailea eta zu. Orain Moyanorekin bakarrik zoaz zuzenekora. Horretarako azala behar dela esan didazu lehen.

Ikaragarrizko azala, bai. Baina ausardia asko entrenatzen dut egunero, eta, horren ondorioz, kapazak gara horri aurre egiteko. Maiz galdetzen digute nola eramango ditugun abesti hauek bikote formatura. Tira. Entseguetan gabiltzanean, ikusten dugu ez dela batere zaila guretzat. Kontuan hartu behar da azken lau urteotan, 16 lore diskoaz geroztik, konfiantza handia irabazi dugula. Ofizioa ikaragarri landu dugulako da. Hori lantzeko aukera eman digu formatu txiki honek. Gaur egun talde bat kudeatzea, laukote bat edo boskote bat, adibidez, ezinezkoa da. Indar gehiegi sartu behar da halako proiektu bat bideratzeko, eta desoreka izugarria da. Eta are eta okerragoa dena: ez zara gustura sentitzen egin duzunarekin, eta ez duzu ikusten garapen bat. Konplikatua da niretzat. Orain dela lau-bost urte hartu nuen bikote gisa aritzeko erabakia, eta denbora honek eman digu gerri artistiko handia. Nahi duguna egiten dugu. Azken urteetan landu dugunarekin kapaz gara gure txaluparen oihalak haizearen arabera moldatzeko.

Inoiz baino askeago zabiltza, beraz?

Dudarik gabe. Hori azpimarratu nahi izan dut, eta orain espero dut entzuleak ere jasotzea hori.

Zure musikazaletasunak igarriko ditu, behintzat.The Beatles, The Rolling Stones, Prince...

Badaude halako erreferentziak oraingoan, eta baita aurreko lanetan ere. Erreferentzia musikalez gain, ordea, badago denborari buruzko erreferentzia bat ere. Izenburuan badago, eta baita Princeren Sing o'the times disko bikoitzeko kanta baten zati bat ere. Nahi nuen diskoak denborarekin lotura bat izatea. Gaur egungo giroa oso berezia da, eta pentsatu nuen ukitu hori ere behar zuela diskoak.

Mikel Laboari erreferentzia zuzena egiten dio Gure hitza izeneko kantak ere. Haren abestiaren lelo bera du zureak. «Esan berriz esan/ ez daitezela ahaztu/ ez daitezela gal».

Kanta hori kode intimoei buruz da, hain zuzen. Jonek [Benitok] kanta horren hitzak bidali zizkidanean, ez nintzen ohartu erreferentziaz. Gero ohartu nintzen, eta ederra iruditu zitzaidan Mikelen [Laboaren] argi hori ere azaltzea.

Bestek idatzi dizkizu hitzak. Jose Luis Padronek, Jon Benitok, Jon Maiak, Fermin Etxegoienek eta Kirmen Uribek. Baina bada zuk idatzitako bat ere: Eternitatea eta beste egun bat. Zera dio: «Zenbat gezur behar diren/ egiaren bilaketan».

Ohar batzuk banituen, baina lagun baten mezu elektronikoa jasotzean sortu ziren hitzak. Kanta bezala, «den dena ilun beltzean ikusten duzunean» hitzekin hasten zen eskutitz hura. Horri nola buelta ematen diogun kontatzen du abestiak. Eta nahiz eta bera mundu ilunetik etorri den, eta mundu ilunetan bizi den momentuan, eskutitz horrek lagundu zidan kantari forma ematen. Gogoeta bat da gaur egungo egoerari buruz. Niri asko gustatzen zaidan beste esaldi bat ere badu: «Beti izango dira arrazoiak gure akatsak babesteko».

Badira salaketak eta musika pasarte ilun samarrak ere, baina nabarmena da baikortasuna diskoan.

Bai, baliteke.

Ospakizun batekin hasten da diskoa. Zure ahotsa entzuten da gitarra batekin, eta kantuan, Kongon. Kantatzearen plazerez kantuan.

Nik uste hor azaltzen dena dela azkeneko sasoi honetan dudan bizi-jarrera. Diskoa hasten da Afrikan, ideia nagusia han azaltzen delako. Hango egoera ikusi eta bizi izan eta gero, ikusten duzu bizitza hori dela. Hor dagoen indarra, hor dagoen egia, oso inportantea bilakatzen da nire bizitzan ere. Bizitzari aurre egiteko indarberrituta sentitzen naiz, eta hori ere eraman dut proiektura. Eta hori izan da proiektu honetan gehien erabili dugun indarra. Ilusio hori. Ausardia hori... [Isilune bat]. Inozentzia hori. Han argi eta garbi azaltzen da inozentzia puntu hori. Guretzat, oso krudela da, baina horrek barruan daukan indarra izugarria da. Guk hori hemen ahaztu egiten dugu. Guretzat, hemen inportanteena forma mantentzea da, eta horri esker ezkutu izugarri bat jartzen dugu gure aurrean. Baina inozentzia horretatik sortzen dira indar askoz ere libreagoak. Hori nahi nuen diskoan, eta proiektuaren zeharkaldian laukote gisa sartzen garenean saiatu naiz horri ere inportantzia ematen.

Kanta zirriborroak bakarrik izanik, azalpen asko eman beharko zenizkien beste kideei.

Esan nien bagindoazela zeharkaldi batera sartzera, eta ikusiko genuela nora gindoazen. Askatasun osoz. Goazen jokatzera. Goazen jolastera. [Barreak] Hasiera batean, gitarra jotzaileak esaten zidan urrunegi joaten ari nintzela. Galdu nuela burua. Baina ez, gauzak probatzeko asmo libre eta gogo hori nuen. Okertu garela ohartuz gero, oihala beste norabide batean jarriko genuela eta ez zegoela arazorik esaten nien. Beldur hori ez nuela izan nahi. Horregatik nahi nuen disko hasieran Afrikako indar eta ukitu hori azaltzea.

Bizitza eta musika oso gertukoak dira zure kasuan. Aipatu izan duzu inoiz une estu batzuetan gitarrak salbatu zaituela, eta musika dela zure aberri bakarra...

Bai? Horrelakoak esan ditut? Zenbat gezur! [Barrez]. Bai, bai, hala da, dudarik gabe.

Estua da orain ere harremana?

Ez, nik uste estuagoa dela. Ez naiz musikatik aldendu, baina urteetan urruna izan da harekin izan dudan harremana. Bi faktorek aldatu dute hori. Oro har, bizitzan kokatze berri batek, eta, musikalki, taldea desegin eta proiektu txiki bat sortu izanak. Hor hasten da benetako sorkuntza askatasuna. Hori izan da pausorik inportante eta indartsuena. Hortik aurrera hasi naiz musikarekin eta sorkuntzarekin askoz ere harreman estuagoa izaten.

2007an Esperantzara kondenatua diskoa kaleratzean, harekin «oso-oso harro» zeundela esan zenuen. Baina azken proiektua izango zela ere aurreratu zenuen. 2008an, tarte luze batez musika uzteko erabakia hartu zenuen. Baina 2009an itzuli, eta 16 lore bertsio diskoa kaleratu zenuen Moyanorekin...

Bai, barneko borrokak.

Ez da amaiera kaleratu berri duzu orain. Zure joan-etorri horiei egindako erreferentzia ironiko bat ere bada diskoaren titulua?

Bai. Badirudi nire sistema intuitiboa asmo bakarrekoa dela. 0-tik, Esperantzara kondenatua, Ez da amaiera... Izenburu guztiek dute lotura bat. Hau, behintzat, ez da amaiera bat. Azken tituluak baditu irteera asko. Ez da ideia finko bat. Gauza asko esan nahi ditu. Hasiera bat ere bada, baina ez da hasiera-hasiera bat ere, zeren horretarako 0-tik egin nuen.

Beraz, joan eta etorri jarraituko duzu, animoz gora eta behera. Horrela izango da beti?

Nire patua horrela idatzita dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.