Sorginen nortasunaren omenez
Aste Santua baliatuz, eta uda bukatu arte Museo habitatua instalazioa jarri du Agurtzane Anduetza artistak, Sorginen Museoaren sabaian. Hogei urte baino gehiago daramatza Zugarramurdin bizitzen Anduetzak, eta ongi ezagutzen du herriaren historia eta museoaren zergatia. Herriaren eta herritarren ikuspegi berezia erakutsi nahi izan du bere lanean artistak.
Anduetzaren lana ulertzeko historian atzera egin behar da, eta XVII. mendean, herrian, sorginkeria leporatuta, gertatutako hilketak gogoratu behar dira. Anduetzak jakin badaki Zugarramurdira joaten diren bisitari gehienak 1610eko inkisizio prozesuaren ondoren gertatutakoak erakarrita iristen direla. Sorginkeriaz eta akelarreetan parte hartzen zuten akusaziopean, Espainiako Inkisizioak 53 lagun auzipetu eta Logroñora (Espainia) eraman zituen. 1610eko azaroaren 7an, autofedea izenekoa egin zuten, eta, horren ondorioz, atxilotutako hogeita bat lagun barkatuak izan ziren, eta beste hainbesteri delitu txikia leporatu zieten. Baina beste 11 herritar sutan erre zituzten. Zugarramurdin gertatutakoa ez ahazten laguntzen du Sorginen Museoak, eta «memoria historikoa iraunarazteko» lan horretan bere ekarpena egin nahi izan du Anduetzak.
Izenari izana jarri
Marrazkiek, erretratuek, eskulturek eta argazkiek osatzen dute sabaiko instalazioa. Zugarramurdiko sorginen historiari aurpegia jarri nahi izan dio lanean artistak. Bisitariak herrian gertatutakoa ikustea eta barneratzea du helburu. Finean, Sorginen Museoaren beheko bi solairuetan ezagutu duen tragediaren neurriaz kontzientzia hartzea bilatzen du. Lan nagusiak Isla, gutako edozein izena du, eta artistak egindako ehun erretratuz baino gehiagoz osatua da, Sorginen Museoan izendatuak diren pertsona bezainbeste. Emakumeak, gizonak eta haurrak irudikatu ditu Anduetzak, baina XVII. mendeko herritarrak ezagutu ez eta haiei aurpegia eta nortasuna itzuli nahirik, gaur egungo aurpegiak margotu dizkie. Horretarako, joan den urtean museoa bisitatu zuten jendeari egindako erretratuak erabili ditu. Bisitariak erretratuari begiratu bakar bat eginez 1610eko gertakariak zer izan ziren uler dezan. «Epaitu eta kondenatutako jendearen zerrenda da gehien hunkitzen nauena. Haien izenak, haien adinak ikusteak ukitzen nau. Haien benetako historia baita», dio Anduetzak. «Errazena gertatutakoa ahaztea izanen litzateke, eta sorgin irrigarriekin edo andre sorgin gaiztoarekin jostetan ibili, baina izen horiek guztiak pertsona batzuenak dira». Gaiak «barruraino» ukitzen duela aitortu du artistak, eta herrian jazarpena nozitu zutenen aldeko omenaldia izan nahi du haren lanak. «Biktimei omenaldia egin nahi diet. Eta, bide batez, munduan biktima diren guztiei. Aski da norbaitek zutaz zerbait txarra esatea, eta pikutara bidaltzen zaituzte». Horrelako jokabideek norberaren nortasuna «kentzea» bilatzen dutela uste du Anduetzak, eta horregatik jarri nahi izan die aurpegia biktima guztiei. Kendu zitzaien nortasun eta historia bat dutela adierazteko. Instalazioan protagonismoa erretratuek badute ere, badaude ere buztinez egindako bost eskultura eta hainbat argazki.
Bakoitza bere sorgina
Beste proposamen artistiko bat ere eskaintzen du artistak museoan. Haurrentzat da, eta umeak sorkuntzan parte hartzera gonbidatzen ditu. Bakoitza bere sorgina izenburupean ordu bat irauten duen tailer bat egiten dihardu egunotan artista. Arkatza eskuetan hartuz, sorginkeriaz eta sorginez hausnartzera gonbidatzen ditu haurrak. «Haur bakoitzak erretratu bat egiten du. Nahi duen erara, bere sorgina margotuko du». Erretratugileak izan ditu egunotan, eta haur asko saiatu dira sorgin batena edo norberarena irudikatzen.
Tailerrek haurren oporrak bukatu arte iraunen dute, apirilaren 7ra arte. Egitasmoaren helburua norbanakoaren aurpegia, erretratua lantzea da. Aste Santuko oporren ondotik, tailerrak asteburuan eginen dira.
Aste honetan 11:00etatik 19:00etara izango da zabalik Sorginen Museoa.
Irakurle agurgarria:
Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.
Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.
Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria