Jorge Gil Munarriz. Zinemagilea

«Amaierarik ez duen borroka baten istorioa da Arrieta ahizpena»

Komunikazioari buruzko filma da Jorge Gil Munarrizen 'El método Arrieta', eta egileak komunikazioa giza eskubidea dela aldarrikatu du Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian.
Mentxu Arrieta, Jorge Gil Munarriz eta Lourdes Arrieta, filmaren aurkezpenean.
Mentxu Arrieta, Jorge Gil Munarriz eta Lourdes Arrieta, filmaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala

2013ko apirilak 20
Lehen tipoko azidemia glutarikoaren ondorioz ahotsa eta eskuak horretarako erabiltzeko ezindurik, bere bizitzako lehen 22 urteetan Lourdes Arrietak (Beasain, 1956) keinuen bidez baino ez zuen lortu ingurukoekin komunikatzea, oso era oinarrizkoan betiere. Harik eta Mentxu ahizparekin begien bidez hitz egin zezakeela jabetu zen arte, begien irisarekin hizkiak marraztuz airean. Mentxu Lourdes baino bost urte gazteagoa da, eta hark ere ahizparen mugimendu arloko trastorno berak ditu jaiotzetik, baina ahotsaren bidez komunikatzeko gai da, kostata bada ere. Bi ahizpek sortu eta patentatu zuten begien bidezko komunikaziorako Arrieta metodoa duela 35 urte, eta blog bat ere badute Método Arrieta izenarekin, haren zabalkunderako. Lourdes eta Mentxu Arrieta ahizpei eta haien metodoari buruzko El método Arrieta film dokumentala, Moriarti produkzio etxeak ekoitzia, estreinatuko du gaur Jorge Gil Munarriz zinemagileak (Legazpi, 1981) Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian; bere aurreneko film luzea du hau Gil Munarrizek. Gaurko emanaldirako sarrerak amaituta daude, baina maiatzaren 1ean Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Madrilgo zinema aretoetara iritsiko da filma.

Noiz izan zenuen Arrieta ahizpen berri lehenengoz eta nola sortu zen filma egiteko asmoa?

Telebista lokal bateko saio batean ikusi nituen lehenengoz, beren trastornoari buruzko erreportaje batean. Ez baita batere arrunta, lehen tipoko azidemia glutarikoa deitutako hori. Mugitzeko zuten moduak arreta eman zidanez, Interneten begira hasi nintzen, eta ikusi nuen blog bat zutela, Método Arrieta izenarekin, eta han sartuta jakin nuen elkarrekin hitz egiteko metodo bat zutela. Beti gustatu izan zaizkit asko komunikazioaren inguruko filmak: [Julian Schnabel-en] Le scaphandre et le papillon, [Arthur Penn-en] The Miracle Worker, [François Truffaut-en] L'Enfant sauvage… Film horietako protagonisten antzeko egoera bizi izandako pertsonak ezagutzeko aukera genuen, baina errealitatean, eta gainera hementxe, gure hirian. Horregatik berehala pentsatu genuen gutxienez ezagutu egin behar genituela. Blogaren bitartez hitzordua eskatu eta horrela ezagutu nituen, 2009eko ekainean.

Harrera ona egin zizuten zuri, eta baita filma egiteko asmoari ere.

Dena oso erraz joan da. Beren jarrera oso positiboa izan da hasiera-hasieratik. Ados egon gara ideia nagusietan. Filmaketa lanetan ez dute inolako beldurrik izan eta ez dute mugarik jarri. Beti pentsatu dute dokumentalak beren metodoaren berri ematen eta haren hedapenean lagundu dezakeela, eta tinko egin dute aurrera.

Dena den, filma ez da metodoaren propaganda hutsa: enzefalitisa duen 12 urteko neska bati metodoa ikasteko proposatzen diote eta ez duela nahi esaten du; Lourdes eta Mentxuren gurasoek ere ez zuten ikasi; filmaren amaieran, argi geratzen da teknologiak eskainitako aukerak direla nagusi gaur egun trastornoen ondoriozko komunikazio arazoak konpontzeko…

Errealitateak behartu gintuen horretara. Neska horrek ez zuen Arrieta metodoa ikasi nahi, eta hori ezin genuen aldatu. Ez genuen beste amaierarik. Horri buelta emateko, amaieran esaten dugu balitekeela akaso Arrieta metodoak gaur egun, teknologiaren tsunami honetan, ez izatea beste batzuek adinako baliagarritasunik, baina 35 urteko historia dauka eta benetako behar bati erantzuteko sortu eta garatu zen.

Borroka gogor baten istorioa da El Método Arrieta.

Eta amaitzen ez den borroka baten istorioa. Orain eskuekin zuzendu beharrean begiekin zuzentzen diren telefonoak sortu omen dituzte Japonian, adibidez. Hori etorkizuna da. Baina horrek ez du esan nahi Arrieta metodoak ez duela inolako garrantzirik, edo ez duela ezertarako balio. Arrieta ahizpen bizitzan balio handia izan du behintzat, eta guk istorio txiki hori nahi genuen kontatu.

Dokumental obserbazionala lantzea izan da zure asmoa. Eredu jakin batzuk izan dituzu buruan filma zuzentzean?

Alde horretatik begiratuta, bi lan izan ditugu gogoan batez ere: Nicolas Philiberten Être et avoir eta Oscar Tejedorren Cuidadores. Nahiz eta badiren kamera aurrean esaten diren gauzak, uste dut neurri handi batean obserbazionala dela gure filma. Arrieta ahizpak beren egunerokotasunean erakusten ditu. Gidoia bizitzak eta gertakariek ezarri dute neurri handi batean.

Dokumentalaren barruan beste dokumental baten grabazio lanak ageri dira. Filmaren barruan beste film bat. Zergatik?

Gure dokumentalari ildo narratibo bat edo trama bat emateko baliatu dugu beste dokumental horren grabazioa. Mentxuk izena eman zuen Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxean egitekoa zen dokumentalgintzako ikastaro baterako, baina ezin izan zuen egin ikastaroa, kultur etxea ez zegoelako gurpil aulkietan dabiltzanentzat egokitua. Ni gidoi irakaslea naiz Larrotxenen, eta talde bat konbentzitu nuen beste ikastaro paralelo bat antolatzeko, bertan Mentxu sartuta. Ikastaro horretan Mentxuren taldeak Arrieta metodoari buruzko dokumental bat egin zuen, La constelación Arrieta.

Off-eko ahotsa ere erabili duzu.

Hasieran ez genuen asmorik, baina gero jabetu ginen komeni zela istorio osoa hobeto kontatzeko eta batez ere Lourdesek metodoari esker sentitu zuen liberazioa islatzeko. Posta elektroniko bidez komunikazio oparoa izan nuen bi ahizpekin. Galdera asko egin nizkien, eta haien erantzunetan informazio asko jaso nuen, idatziz oso ondo azaltzen baitute dena, beren erritmoan, arazorik gabe. Mezu haietan jasotako informazio asko berreskuratu dut off-eko ahotsak irakurritako pasarteetan.

Gurasoak euskaldunak izan arren, Arrieta ahizpek gaztelania darabilte ia beti. Euskaraz badakite, baina ez darabilte, ez filmean eta ez blogean.

Beasainen jaio ziren, baina Lourdesek 14 urte zituela Donostiara etorri ziren bizitzera, batez ere hemen espezialista gehiago zegoelako, hobetzeko aukera izan zezaketela pentsatuta. Orduan ez zekiten zer zeukaten ere. Duela bost bat urte jakin zuten zehazki zein den duten trastornoa, DNA AEBetara bidalita. Donostian erdaldundu egin zirela uste dut. Gurasoek beren artean euskaraz hitz egin arren, alabekin gaztelaniaz aritu izan dira beti. Dena den, metodoa edozein hizkuntzatan erabiltzeko modukoa da, txineraz eta arabieraz izan ezik, beraiek esaten duten moduan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna