Ezarian. Baztandarren Biltzarra

Mende erdi iraun duen eguna

50. urteurrena izango du aurten Baztandarren Biltzarrak, eta egun beteko festa urte osoko egitarau bihurtu dute horregatik. Argazki erakusketa bat eramango dute herriz herri, adibidez.

2011ko Baztandarren Biltzarreko irudi bat. Etxe bat eraikitzeko lanak bukatzean teilatupean erramu adar bat jarri eta bizker besta izeneko festa antolatu ohi zuten, eta ohitura hori irudikatzen du orgak. ZALDUA ARGAZKILARIAK.
Inigo Astiz
2013ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Dena 1963an hasi zen, eta sinplea zen ideia: Baztango herriak bilduko zituen festa bat antolatzea. Sinplea, baina indartsua. Herri guztiei orga bat apaintzeko eskatu, eta bertako ohiturak edo izaera adierazteko eskatu zitzaien. Lagun talde baten jarduera baino ez zen izan, baina berehala heldu zitzaion sona, eta Euskal Herri osoan da ezaguna orain festa haren izena: Baztandarren Biltzarra. 50. urteurrena beteko du aurten, eta egun bakarreko festa urtebeteko egitarau bilakatu nahi izan dute antolatzaileek. Herriz herriko kultur taldeekin osatu dute programa, eta biltzarraren historia erakusten duen argazki erakusketa bat ere badute martxan. 1970eko hamarkadatik gaur egunerainokoak biltzen dituzten ehunka irudi. Argazki orokor bat. Ibar bat iruditan.

Biribila da urteurrena, eta garrantzitsua da horregatik aurtengo edizioa. Urte osoa berezi bilakatu nahi dute antolatzaileek. Maider Sobrino elizondoarra da lan horretan dabilenetariko bat eta, dioenez, badago zer ospatua. «Baztandar gehienok maite dugu besta hau, eta horregatik mantentzen da bizirik. Aukeratzera jarri bakoitzaren herriko bestak eta Baztandarren Biltzarra, eta kontuz. Festak hautatuko dituzte askok, ados, baina beste askok biltzarra». Izan ere, ez da egun bakarreko kontua. Biltzarraren aurreko astean oso berezia da herrietan bizi den festa giroa. «Denak aritzen dira orga prestatzen, eta herri giro polita sortzen da. Jendeak izugarri bizi du hori».

Euskarari ere garrantzia eman nahi dio elkarteak. Prozesu bat izan da hori ere, Sobrinok azaldu duenez. «Lehen bost edo sei urteetan ez zen lemarik izan bestan, eta baztandarrak batzeko aitzakia bat izan zen. Gero hasi ziren lemak, eta orduan hasi zen euskara hartzen oinarri gisa». Handia izan da lana, dioenez. Gazteleraz baino ez zegoen komunikatua lehen, eta euskara hutsean egiten da aspaldian. «Euskaldundu da elkartea, eta euskaldundu da besta. Baina ezin gara geldi egon, beti badago zer borrokatua».

Urte batzuk badaramatza Sobrinok Baztandarren Biltzarra elkartean, eta antolaketa taldeko kide zaharrenetariko bat da egun. 33 urte ditu. «Nahiko gaztetuta dago elkartea», dio irriz. Urtez urte, belaunaldiz belaunaldi pasatu diote lekukoa elkarri elkarteko kideek. Eta etxean du adibidea Sobrinok. Urteak eman ditu bere aitak biltzarra antolatzeko lanetan, eta seme-alabak dira orain horretan dabiltzanak. «Artxibo handia dugu etxean, eta argazkiek eman zidaten atentzioa», azaldu du Sobrinok. Eta hortik abiatu zen argazki erakusketa antolatzeko ideia. Inguruko bi argazki etxerekin hitz egin, eta 11 panel egin ditu bakoitzak. 200 irudi baino gehiago, guztira.

Belaunaldiz belaunaldi

Argazki erakusketan ere presente dago odol berritze hori. Sobrinok azaldu du zergatik: «Irudi zaharrenetan ageri diren asko hilda daude jadanik, baina seme-alabekin duten antza ikusita gutxi gorabehera asmatzen dugu nor diren». Hori pasatu zen, behintzat, aurreko astean erakusketa Almandozen izan zenean. «Hamar minutu eman zituen jendeak panel bakoitzaren aurrean!». Urteak joan eta urteak etorri aldatuzdoaz argazkiko aurpegiak, eta antzera gertatzen da antolaketan ere. Sobrinok dioenez, belaunaldiz belaunaldi transmititutako grinak eramanda sartu da jende asko biltzarra antolatzeko lanean. Bere kasuan hala izan omen zen, eta badira gehiago ere.

Ez da gorabeherarik gabeko bidea izan, ordea. Nahiz eta herritarren artean onarpen maila handia izan, agintarien trabak ere jasan behar izan dituzte. Franco oraindik bizirik zen artean, eta errezeloz begiratzen zuten festa. Horregatik, Fiesta Vasca izenez ospatu behar izan zuten eguna inoiz. Tentsio politikoa agerikoa zen, eta erabat hasterako eten egin behar izan zuten jaialdia. 1964. eta 1975 .urteen artean ez zen bestarik izan, eta 1976an ekin zioten berriz biltzarrari. Baztango Udalak elkartearen antolakuntza uztea erabaki zuen orduan, eta gazte talde batek hartu zuen gidaritza, Baztandarren Biltzarra Kultur Elkartea sortuta. Eta geroztik, talde horrek antolatu izan du.

1980ko hamarkadan ere izan zen istilurik, halere, eta festarik gabe joan zen 1986. urtea. Guardia Zibilak urtero egiten den euskal presoen aldeko kalejira oztopatu eta hainbat jende atxilo hartu zuen. Eta festa bertan behera uzteko erabakia hartu zuen orduan antolakuntzak, atxilotuak askatzen zituzten arte. Ez dira gutxi, beraz, 50 urteko ibilbidean biltzarrak izan dituen etenak, eta horregatik erabaki dute antolatzaileek urteurrena ospatzea. Izan ere, Sobrinok aitortzen duenez, badu bere zailtasuna jaialdien kontaketak: «Zalantza dugu zenbat urtez ez den egin», dio. Horregatik hartzen dute lehen urtea erreferentetzat. Jaiotza, alegia.

Okasiorako sortutako kanta

Mende erdiak merezi du hainbeste, eta urte betekoa izango da ospakizuna. Kanta bat ere sortu dute propio okasiorako. Fernando Anbustegik idatzi ditu hitzak, eta Trikidantz taldeak musikatu du. Erratzuko Xabier Ospital eta Elizondoko Jon Mindegiak ere lagundu dituzte ahotsekin. Alaia da doinua, eta argi mintzo da letra: «Gazte batzuren ilusioa,/ hainbat herritarren pasioa,/ dena hasi zen duela mende erdi./ Geroztik zenbat buruhauste eta izerdi». Poza da nagusi, halere. «Baztanen eskuara, barra-barra:/ Zorionak Baztandarren Biltzarra». Doinu horrekin ospatuko dute urteurrena, eta oparoa izango da jardueren egitaraua.

Herriz herriko musika talde, kirol elkarte eta abesbatzekin elkarlanean osatu ahal izan dute. Baztango bi argazki etxerekin elkarlanean sortu, eta herriz herri eramango duten argazki erakusketa da asmo nagusietariko bat, baina ez bakarra. Kantuan jarriko dituzte herritarrak, adibidez, hil bakoitzeko lehen larunbatetan Elizondon egingo dituzten kantu poteoetan eta kontzertuak ere antolatuko dituzte. Maiatzaren 4an urtebetetze festa ospatuko dute, eta elkartearen inguruan aritutako jendea omenduko dute. Uztailaren 21koa izango da egun handia: Baztandarren Biltzarra. Berriz ere, herri guztiak desfilean beren orgekin. Baina berezia izango da urte hau, eta abendura arte antolatu dituzte ospakizunak. Erabat osatu gabe dute programa, baina bada gauza ziur bat: aurten ere handia izango da jaia, eta iraun egingo du festak baita festa bukatu ondoren ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.