Literatura

Ingurumena babesteko borroka konplexua

Amitav Ghosh indiarraren 'The Hungry Tide' nobelak ingurumenaren eztabaida gatazkatsua du ardatz, 1978 eta 1979 arteko Morichjhnapiko masakrea oinarri hartuta.
Hubert Sauperren <em>Darwin's Nightmare</em> dokumentalak (2004) ingurumenaren inguruko gatazka konplexua azaltzen du.
Hubert Sauperren Darwin's Nightmare dokumentalak (2004) ingurumenaren inguruko gatazka konplexua azaltzen du. Z / BERRIA

Estibalitz Ezkerra -

2013ko ekainak 2
Azken urteetan ingurumenaren gainean gizartean zabaldu den kezkak mundu akademikoan ere izan du oihartzunik. 1980ko hamarkadan, Mendebaldeko tradizio teorikoaren joera antropozentrikoari aurre eginez, ekokritika deritzon mugimendua agertu zen mundu anglosaxoiarrean, eta, ordutik, beste herrialde batzuetara zabaldu da.

Hastapenetan, ekokritikak gizakiaren presentzia arbuiatu zuen, eta bere burua britaniar erromantizismoaren eta estatubatuar transzendentalismoaren artean (Thoreau, Emerson) kokatu. Planteamendu horrek, baina, hautsak harrotu zituen gizakiaren eragina ukatzen zuelako. Ez dago gizakiaren presentziarik gabeko egoerara itzultzerik, harekin inolako harremanik izan ez duen eremu basatirik ezagutzea ezinezkoa den bezala, haren existentzia frogatzeko gizakiaren lekukotasuna beharrezkoa delako. Are gehiago, naturaren ezagutza bera giza-jakintza mekanismoen menpe dago: Timothy Mortonek modu probokatzailean adierazi bezala, hizkuntzatik kanpo natura ez da existitzen.

Dena den, natura kontzeptu gisa eraikuntza bat den arren, eragin erreala izan badu. Klima aldaketaren ondorioak denok pairatzen ari gara, modu batean ala bestean, eta hari nola aurre egin da egungo ekokritikoen kezka nagusia. Azken bolada honetan, teoria eta ekintza, natura eta gizakia, zientzia eta humanitateak nola adiskidetu aztertzen aritu dira, ekokritika barruan aro berri bati —anthropocene aroa izenekoari— hasiera emanez. Kontzeptua, berez, ez da berria. Eugene F. Stoermerrek proposatu zuen 1980ko hamarkadan, eta Paul Crutz kimikalari eta Nobel saridunak hedatu zuen haren erabilera. Antropocene kontzeptuak gizakia indar geologiko gisa ulertzen du; hots, giza-jarduerek lurraren ekosistemetan duten eragina du abiapuntu. Dipesh Chakravarty historialariak, besteak beste, aipatu kontzeptua teoria poskolonialera aplikatu du, aditzera eman nahian Mendebaldetik bultzatzen diren ingurumenaren aldeko kanpainek ez dutela beti Mendebaldekoak ez diren herrialdeen egoera aintzat hartzen eta, ondorioz, ingurumenaren izenean oraindik indarrean dauden egitura bidegabe eta (neo)kolonialak bultzatzen dituztela. Alde horretatik, Chakravartyk dio ekokritikarekin batera (zentzu zientifiko hertsian) gaur egungo intelektualek kapitalismoaren eta kolonialismoaren historia(k) ezin d(it)u(z)tela begien bistatik galdu.

Ingurumenaren gaineko eztabaida kontu konplexua dela ezin hobeto azaldu zuen Hubert Sauperren 2004ko Darwin's Nightmare (Darwinen amesgaiztoa) dokumentalak. Kapitalismoaren eta (neo)kolonialismoaren arteko konplizitatearen adibide garbia da Afrikako Viktoria lakuan gertaturikoa: Mendebaldean arras preziatua den arraina hara eraman zuten azkarrago ugal zedin, katastrofe ekologikoa eta gizatiarra eraginez. Ingurumena babesteko neurririk ez hartzea aurpegiratu izan dio Mendebaldeak Afrikari, baina nola babes ditzake Afrikak bere fauna eta flora (bere biztanleen ongizatea arriskuan jarri gabe) Mendebaldeak haiek ustiatzen jarraitzen badu?

Sauperren dokumentalean azaltzen diren antzeko galderak planteatzen ditu Amitav Ghoshen The Hungry Tide (2005) nobelak. Indiako ekialdean, Bengalako badian, Sundarbans deritzen irla txikiek osaturiko gunean kokaturik dago istorioa. Han bizi direnen bizi-baldintzak gogorrak dira oso. Tigreen erasoak arruntak dira; espezie babestua denez, tokikoek ezin dituzte ehizatu, eta, ondorioz, haien menpe daude erabat. Ibaiak, berriz, krokodriloz josita daude, eta arrantza zaildu egiten dute. Euriteen garaian, ibaiko urek gora egiten dute, herritarren etxeak arriskuan jartzeraino. Toki horretan, jatorri ezberdineko hiru pertsonaiak topo egiten dute: Piyali Roy, Fokir eta Kanai Dutt. Piyali Roy itsas-biologoak jatorri indiarrekoak ditu gurasoak, baina bera AEBetan jaio eta hezia izan zen. Desagertzeko arriskuan den Orcaella brevirostris izurdea aztertzeko helburuarekin heldu da Bengalako badiara. Fokir idazten zein irakurtzen ez dakien arrantzale gaztea da, bizitza osoa Sundarbarsen igaro duena. Kanai Dutt, berriz, Delhiko negozio gizona da.

The Hungry Tide-k1978 eta 1979 urte bitartean jazo zen Morichjhanpi masakrea du oinarri; Mendebaldeko Bengalako gobernuak irletan babestu ziren errefuxiatu bengalarrak indarrez kanporatu zituen, eta haietako askoren heriotza eragin. Nobelako hiru pertsonaiek gatazka garaian eta haren ostean nagusitu diren hiru ikuspuntu ordezkatzen dituzte: Piyali, esaterako, ingurumen kontuetan Mendebaldean dagoen idealismoaren adibide da; izurdeen desagerpenaren erantzule egiten ditu Fokir eta haren herrikideak, zeintzuk «herrialde ez-garatuen» ordezkari diren, arrantzarako erabiltzen dituzten sareetan korapilatu eta hil egiten direlako, ohartu gabe Bengalako gobernuaren lege baztertzaileen ondorioz tokikoek janaria lortzeko bestelako baliabiderik ez dutela. Kanaik, berriz, kapitalismo basatiaren zinismoa ispilatzen du; harentzat, Fokirren modukoak oztopo bat dira garapenari begira. Jakina, Kanai ez da ohartzen edo ez du onartu nahi garapen hori besteen esplotazioan dagoela oinarrituta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna