Ezarian. Non da? (I) Takolo

Betiko lepotik, burua

Lehengo dinamikan ez bada ere, Takolok bereak egiten jarraitzen du, bai Segurako barnetegian, bai lagunartean eta baita plaza eta ospakizun batzuetan ere.
Agustin Mujikak duela zortzi urte utzi zion Pirritx eta Porrotxekin antzezteari, baina barneko pailazoa ez zaio inondik inora hil.
Agustin Mujikak duela zortzi urte utzi zion Pirritx eta Porrotxekin antzezteari, baina barneko pailazoa ez zaio inondik inora hil. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Monika Juaristi -

2013ko irailak 11
Zortzi urte igaro dira dagoeneko. Edonork esango luke atzo ikusi zuela azkenengo aldiz. Baina ez. Zortzi urte agertokiak zapaltzeari utzi zionetik. Zortzi urte pailazo lanak maila profesionalean utzi zituenetik... Margo zuria aurpegiko gehienean, gorria belarri eta ezpainetan, eta beltza begi inguru eta bekainetan. Zortzi urte dira Takolok Pirritxen eta Porrotxen ondoan antzezteari utzi ziola.

1982an hasi zen Agustin Mujika Takolorena egiten, Olentzero eskolara iritsi bitartean haurren itxaronaldia arintzeko asmoz, eta 2006an utzi zion, Pirritx eta Porrotxekin Sorgin bideoa grabatu ostean. Lasartekoak 26 urteko ibilbide oparoa osatu zuen; Pirrutxekin eta Porrotxekin hasieran, Pirritxekin eta Porrotxekin, gero.

Oraindik oso gogoan ditu Takoloren azalean bizi izandako garai politak, haurrekin partekatutako pasadizoak, momentu gogorrak... Atzo balitz bezala kontatzen ditu guztiak. Bere bizitza, ezin imajina daiteke edo dezake umorerik gabe. Zaila izan zen, harentzat, Takolo, Pirritx eta Porrotx uztea.«Oso zaila eta tristea izan zen hura niretzat. Balantzan jarri nituen nire bizitzako gauzak, eta erabakia hartu nuen: Takolo, Pirritx eta Porrotx taldea uztea. Orain hobeto nago, baina hasieran oso triste egon nintzen, eta momentu txarrak pasatu nituen. Ia zortzi urte pasatu dira, baina ametsetan mundu horretan ibiltzen naiz oraindik ere; ametsetan agertokian antzezten ikusten dut neure burua».

Uzteko erabaki horrek tristura eragin arren, atzera begiratzean, irribarrea ateratzen zaio, eta malenkonia puntua ere nabari zaio: «Momenturik magikoena haurrekin komunikazioa sortzen den unea izan da niretzat, beti. Eta gurasoak ere hor sartzen dira, noski. Momentu magikoa da pailazoa, haurrak eta gurasoak elkartzen direnekoa. Oso momentu goxoa da». Tiraka hasi, eta berehala ekartzen ditu burura txikiekin bizi izandako momentu eta pasadizo ugari.

Egunkari oso bat bete daiteke Takoloren pasadizoak eta bizitako momentuak kontatzen. Ziur asko, baita bi edo hiru ere. Baina non da gaur egun Mujika? Zein da haren lanbidea? Eta... Zertan dabil Takolo? Zaldibian (Gipuzkoa) bizi da, bere emaztearekin, eta bi seme-alaba dituzte. Dagoeneko gainditu ditu garai txarrak, eta zorte handiko gizona dela dio. Izan ere, oholtzetatik urrundu arren, haurrengandik oso hurbil jarraitzen du. Segurako (Gipuzkoa) Euskal Girotze barnetegiko irakaslea da, bertako animatzailea. 34 urte daramatza lanbide horretan. Urtean, ia 600 ume jasotzen dituzte. Eskualdeko ikastetxeetako ikasleak joaten dira, LMH3 eta DBH2 bitartekoak. «Lan honetan beharrezkoa da haurrengana hurbiltzea eta jarrera txeratsua erakustea. Momentu alaiak eskaintzea ezinbestekoa da, eta gustuko dut. Neu nahiko komikoa naizenez, horixe egiten dut», dio Mujikak bere lanbideaz. «Haurrek erotuta nagoela pentsatzen dute askotan. Gero, pailazoa naizela esandakoan ulertzen naute». Haurrak animatzeko, antzeztu, magia egin, gitarra jo eta beste gauza piloa egiten du.

Sormena lantzen du barnetegian: «Haurren euren arteko harremanei ematen diegu garrantzia. Lehen helburua hezkuntza bakarrik zen, baina orain haurrak pertsona gisa eraikitzen saiatzen gara hainbat elementu landuz: euren arteko harremanak, euren arteko komunikazioa... Eta hori, euskaraz, noski. Nolabait esateko, euskararekin lotura afektiboak lotzeko ahalegina egiten dugu», erantsi du.

Inprobisatzea atsegin du, eta animatzaile lanari esker ere, askatasun hori du oraindik. «Niri ez zait batere gustatzen gidoi bati jarraitzea; ez lehen eta ez orain. Beti behar nuen nire espazioa, inprobisatzea. Urtean 160 emanaldi inguru eskaintzera iritsi ginen, eta inprobisazioak motibatzen ninduen, batez ere. Barnetegiko animatzaile lanetan ere clown bat naiz, eta horri esker mantendu dut neure burua». Barnetegian ez dio gidoi edo programazio bati jarraitu beharrik, eta horregatik du hain atsegin bere lana: «Eskola eta barnetegia oso ezberdinak dira. Eskola edo pailazogintza erabaki beharko banu, eskola utziko nuke ziur. Eskolako eskeman ezingo nuke funtzionatu, baina barnetegian bai, han ez daukat programazio bati jarraitu beharraren presio hori», dio.

Haurrekiko duen enpatia ezin uka daiteke. Hori, ordea, ez du inon ikasi; berezkoa du. Autodidakta da, eta bere esfortzuak eta barnetegiko lanak lagundu diotela onartu du. «Nik ez nuen inolako prestakuntzarik hasi nintzenean, eta aurrerantzean ere, oso ikastaro gutxi egin ditut. Nik asko ikusi dut, eta proba asko egin ditut, eta, egia esan, zorte handia izan dut». Formatu edo trebatzerakoan, asko lagundu dio antzezteko barnetegian egiten duen lanak: «Komunikazioaren inguruan, asko ikasi dut barnetegian: zer esan haurrei, noiz esan, nola esan... Finean, praktikan ikasten duzu gehien, eta nik haurrekin asko ikasi dut. Haiek nirekin eta nik haiekin».

Barnetegiko lanak ordu asko hartzen dizkio. Astelehenetik ostegunera egiten du lan, goizez eta arratsaldez. Baina hori baino gehiago egiten du. Mozorro denda bat du Zaldibian (Gipuzkoa): Jaiak denda. Nolabait esatearren, bere pailazo lanbideari jarraipena emateko zabaldu zuen negozioa: «Badira txirrindulariak txirrindularitza uzten dutenean lotura hori mantentzeko bizikleta denda bat edo zabaltzen dutenak, Lejarreta esaterako. Niri asko lagundu dit mundu honek. Oso pertsona lotsatia izan naiz, eta asko lagundu dit mozorrotzeak, barruan nituen kontuak ateratzeko». Mundu honetaz zerbait badakienez, proiektu horri heldu ziola azaldu du.

Denda hornitzeko kanpoko hornitzaileekin egiten dute lan. Horrela, nazioarteko mozorro asko eramaten dituzte dendara. Euskal jantziak ere badituzte noski. Mujikak dioenez, negozioan beharrezkoa da garai berrietara moldatzea: «Jendeak modan dagoena nahi izaten du. Modan jarri den pertsonaiaren bat: EITBko Atsuak, esaterako. Iruñeko ikurrinarena ere eskatu dute zenbaitek. Zer gertatzen den, hori nahi izaten du jendeak». Egokitze ahalegin horretan, bidaiak ere egiten ditu nagusiak: Bartzelonara eta Madrilera, besteak beste. Beste tokietan zer dagoen ikusi, eta dendara ekartzen ahalegintzen da.

Takolo, oso bizirik

Takolo Mujikaren barruan dagoen pertsonaia da: Takolo Agustin Mujika da, eta alderantziz. Oraindik barruan darama antzezteko eta umorea egiteko ar hori, eta Takolok oso bizirik jarraitzen du harengan. Oraindik ere egiten ditu agerraldiak Kuxi eta Koxmorekin, Seguran, Zaldibian eta Lazkaon, esaterako. «Ez nuen erabat utzi, noski. Izan ere, Takolo oraindik ere hor dago, eta geureak egiten jarraitzen dugu. Ez lehengo dinamika hartan, baina banabil bai». Zaldibiako bi gazterekin elkartu zen, eta haiekin ere hirukotea osatu du. Urtero eskaintzen dute emanaldi bat edo beste, eta, Mujikak dioenez, aurten ere egingo dute zerbait.

Hirukote berrian ere, Takoloren azalean jarraitu du Mujikak. Hori, guztiz sakratua da harentzat: «Nik ez nuen inoiz planteatu pertsonaiak aldatzea. Nire ustez, pertsonaiak ezin dira birziklatu. Bakoitzaren atzean pertsona bat dago, eta izaera bat dago, eta hori ezin da aldatu. Takolo da Takolo, bakarra. Porrotx Porrotx den bezala eta abar. Hori ezin da aldatu, pertsona bakoitzarekin lotuta doalako. Iruditzen zait pailazo munduak izan behar duela sakratua».

Beste bi lagun ere baditu: Martin eta Ximon, hain zuzen. Bentrilokuoak dira, eta oso maite ditu. Martinek ahoa bakarrik mugitzen du, eta urte gehiago ditu. Ximon berriz, berriagoa da, eta ahoa ez ezik, bekainak eta gauza gehiago mugitzen ditu. «Ximon pasada bat da. Kalifornian erosi nuen. Eskolan edukitzen ditut batez ere, eta kalera ere ateratzen da. Baina ezin dute denbora askoz egon. Horiek esketx laburrak izan behar dutela uste dut, hamar minutu inguru eta listo». Batez ere jaietan irteten da haiekin, eta, haren ustez, «oso emanaldi polita izaten da».

Mujikak berak ere ez daki nondik piztu zitzaion ideia hura: «Beharbada, norberak sentitzen duen bakardadetik», dio, barre artean. «Ikusi nuen hiztunen aitzakiarekin bazegoela haurrekin komunikatzeko beste bide bat». Hiztunena antzeztea baino gehiago da, eta panpinak ere irakasle bilakatzen omen dira barnetegiko ikasgelan.

Betiere, euskararen alde

Beti euskaraz lan egin du Agustin Mujikak. Ikastolako irakaslea zenean, A ereduan ikasten zuten haur asko aparte zeudela ikusi zuen, bai hizkuntzari dagokionez, baita kulturalki ere. «Ume gehienak Lasarten bizi ziren, baina guraso asko espainiarrak ziren, eta, nolabait esateko, apartatuta zeuden. Pailazoen bitartez, pixkanaka haiengana hurbiltzen hasi ginen: zer zen txapela, zer abarkak, nor zen Olentzero, nor zen Santa Ageda... Apur bat kultura hurbildu genien, eta horren inguruan, nola ez, hizkuntza. Bide horretatik zerbait erakargarria egin genuen, pailazoekin». Lasarten egindako lanagatik eta Pirritx eta Porrotxekin egindako ibilbidearengatik, 2010ean, omenaldia egin zion herriko Ttakun Kultur Elkarteak, Lasarten. Saritua izan zen, herrian euskararengatik eta euskararen alde egindako lan guztiaren esker ona erakusteko.

Argi dagoena da bai Agustin eta bai Takolo, biak, oso bizirik daudela. Gauza asko egiteko gogotsu daude biak, eta ez dute aterik ixten, ezta berriro agertokira igotzeari ere: «Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta ezin dugu jakin zer etorriko den. Barnetegia itxiko balitz, esaterako, eta osasunez ondo banago, zergatik ez? Ate hori inoiz ez dut itxi. Beste neurri batean egiten dut gaur egun, baina hor jarraitzen dut». Eta argi utzi du Takolo beti bera izango dela: «Uste dut pertsona ez dela aldatzen. Lehen bezala ez bada ere, Takolok hor jarraitzen du. Espiritua eta izaera hor daude, eta hori ez da aldatuko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna