Ezarian. Non da? (III) Panpi Ladutxe

Kantxan artista, oholtzan maisu

Pilotatik aspaldi erretiratu zen; orain, kantari aritzen da Ladutxe. Urtean 120 emanaldi inguru egiten ditu, euskaraz gehienak.
Pilota odolean darama Ladutxek, eta, gaur egun, gazteak entrenatzen aritzen da.
Pilota odolean darama Ladutxek, eta, gaur egun, gazteak entrenatzen aritzen da. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Jon Eskudero -

2013ko irailak 13
Euskal Herriko etxe gehienetan irudikatu izan den modu bertsuan jarraitzen du Panpi Ladutxek (Azkaine, Lapurdi, 1958): umil eta umoretsu. Pilotari handia izana da, eta gaur egun mikrofonoaren aurrean dabil, kilo pare bat edo beste gehiagorekin. «120 bat musika emanaldi eskaintzen ditut urtean». Izan ere, kantaria da. Estima handiko kantaria. Azken diskoa ere ez du plazaratu zaharra: Orhoit izenekoa. Bizilekua baliatuko du, akaso, inspirazioa lortzeko. Azkainetik gertu bizi baita, Donibane-Lohizuneko lurretan, Lapurdin. Etxearen parez pare laku handi bat du, eta, albo batean, berriz, golf zelaia. Paradisutik zerbait badu tokiak. «Lasai ederrean egoten naiz hemen. Golfa ere gustuko dut, eta ordu batzuk igarotzen ditut bertan». Pozik bizitzeko ez zuen leku txarra aukeratu. «Ezin naiteke kexa. Osasuna eta familia ditugun bitartean, ederki gara».

Etxe barrenera sartu eta ezker-eskuin begiratzea aski da Ladutxeren historia ezagutzeko. «Gaur egungo pilotariek ez bezala, elastiko zuriarekin jokatzen genuen guk. Ederki aldatu dira garaiak!». Orduan ere ilea kizkur- kizkurra eta gorputza sendo zuela nabari da argazkietan. Batzuk trinketeko irudiak dira; besteak, ezker hormakoak. «Trinketean eman nituen nire lehen pausoak pilotari gisa. Asko ikasita ailegatu nintzen Hegoaldera». 21 urterekin aita izan, eta 22rekin egin zuen mailako profesionaleko debuta. «Emaztea eta ni gazte ginelarik ezagutu genuen elkar, dantza talde batean. Amodioa sortu zen, eta ni kontent, bestela oso parrandazalea izango bainintzen». Aita zela, beraz, ekin zion pilota partida garrantzitsuak jokatzeari.

Hendaiako (Lapurdi) etxe batean bizi ziren artean. Diru puska bat irabazteak, baina, etxe berri bat erosten lagundu zion. «Oraingo pilotari onenek adina ez genuen irabazten, baina ez zegoen gaizki. Garairik onenetan, 600-700 euro inguru poltsikoratzen genituen». Bere izerdi propioz eraikitako etxean bizi ahal izatea ohore bat dela dio lapurtarrak. Etxea eraiki, eta dekoratu ere egin du. «Irabazitako txapelak eta trofeoak gordeak ditut, ez dut laket bistan edukitzea. Argazkiak bai, mota guztietako argazkiak jarririk ditut hormetan». Denetan handiena, hori bai, zezenketa bateko koadroa da. «Afizio asko ditut, baita zezenak ere».

Pilotako argazkiak nahi adina ditu han eta hemen. Bakoitzak badu bere historia eta istorioa. Bat aukeratzekotan, hori bai, 1987koarekin geratzen da. «Joxan Tolosa eta biok ageri gara. Elkarrekin txapeldun izan ginen urte hartan, eta oso momentu bereziak bizi izan nituen. Oraindik ere, argazkia ikusi eta kilimak sentitzen ditut barrenean». Ordea, urte hartan ez zen guztia poza izan ladutxetarren etxean. «Aita joan zitzaigun. Niretzat, aita dena zen bizitzan. Pilotaria ere hari esker izan nintzen». Hunkiturik mintzo da aitari buruz, eta kantuan hasteko ez du asko behar. «Aita, o neure aita, mundutik joan ziñana. Aita, o neure aita, hainbat maite zintudana». Duela bi urte, berriz, ama galdu zuen, eta hari ere kantua eskaini dio azkeneko diskoan. «Bideoklipa eta guzti kaleratu dut. Ama beti da ama, eta merezi zuen halako kantu bat».

Laguna ez ezik, botileroa ere izan zuen aita Ladutxek. 87an hura gabe geratu zen, baina pilotariaren arimak ez zuen behera egin. Indartsu jarraitu zuen, burua jaitsi gabe. 1988an txapeldunorde geratu zen Jose Martin Martinikorena lagun zuela, eta 1989an, berriz ere, txapela jantzita itzuli zen etxera. Tolosa atzelari hartuta, 22-18 menderatu zituzten Julian Retegi eta Fernando Arretxe. «Lehenengo txapela izaten da ia beti espezialena, baina hark ere ilusio aparta egin zidan. Punta-puntako pilotaria nintzen artean». Urte asko egin zituen onenen artean, eta 40 urterekin hartu zuen erretiroa. Hori bai, markak hautsita eta marka utzita erantzi zituen praka zuriak. «Iparraldeko pilotari bat Hegoaldean maila horretan ikustea ederra zen niretzat».

Horregatik, zeregin horretan aritzen da gaur egun Iparraldeko gazteekin. Etorkizunean bera bezalakoren bat ikusiko ote duen esperantzarekin. «Daukagun jakinduri apurra aprobetxatu behar dugu, eta gazteei pilotan jokatzen edota takoak jartzen erakutsi behar diegu». Lehenago Ives Salaberri Xala-rekin eta Sebastien Gonzalezekin aritzen zen jo eta su. «Garai horiek bukatu ziren. Nire lanak fruituak eman zituen». Izan ere, Xalak badu buruz buruko txapela etxean, eta Gonzalezek ere bai lau t'erdikoa. «Justu, momenturik onenean utzi ninduen Gonzalezek».

Halere, pilotari loturik jarraitzen du lapurtarrak. «Odolean daramat». Denbora librea duenean, ez du birritan pentsatzen, eta berehala elkartzen da hainbat pilotarirekin: Intxauspe anaiekin, Ducassourekin... Ladutxek lan saioak prestatzen dizkie, eta goitik behera errespetatzen dituzte pilotariek. «Egun, trinketean aritzeko soilik prestatzen ditut mutikoak. Ezker horman ere zerbait lortu nahi nuen, baina ez da posible izan. Laguntzarik ez dut izan».

Pilotalekuetara, berriz, joaten da tartean-tartean. «Gustatzen zait, baina musika emanaldiekin ez zait erraza». Telebistaren aurrean bai. Askotan zain egoten da partidak noiz hasiko. «Kontzertuen erruz, ezin izaten ditut guztiak ikusi, baina saiatzen naiz. Goizeko hiruretan, lanetik bueltan, behin baino gehiagotan ikusi izan ditut neurketak ETB-K katean».

Hiru egunetik kontzertu bat

Hainbat aldiz egin izan du hori, goizeko hiruretan zein beranduago sarri etxeratzen baita. Urtean 120 emanaldi eskaintzen ditu; hiru egunetik behin, beraz. «Kantari gozatu egiten dut, baina bideak nekatu egiten nau. Gaur Frantziako Tolosan, hurrena beste nonbait... Eskerrak taldekideek gidatzen duten autoa eta nik lo apur bat egiteko baliatzen dudan bidaia!». Lau kide dira taldean, eta guztien buru Ladutxe da, bera arduratzen baita mikrofonoa hartu eta giroa jartzeaz. «Teklatua, tronboia, saxoa eta ni ibiltzen gara. Aitarekin ikasi nuen kantatzen, eta hori da nire ofizioa gaur egun. Oholtza gainetan ez ezik, bazkaloste eta afalosteetan ere aritzen gara. Euskaraz gehienetan, baina frantsesez ere bai».

Zehazki, kantutik bizi da Ladutxe. Hegoaldean ez dagoen lege bat dago-eta Iparraldean. «Profesionala naizela esan daiteke. Kantuan ari naizelarik kobratzen dut, baina ari ez naizenean ere bai. 44 emanaldi ofizial eginez gero urtean, jornal bat lortzen duzu, eta hortik bizi zaitezke. Zorte hori dut nik». Beste zorte bat ere badu. «44 emanalditara nahiko aise ailegatzen gara. Musika talde izugarri ona dut, denak kontserbatorioko irakasle baitira. Eta nire jarduna ere gustatzen zaie herrietan. Beraz, ezin kexatuko gara».

Herrietako deiak badituztela ezin daiteke uka. «Ia egunero deitzen didate nonbaitetik». Dena den, ezezkoak ematen hasia da lapurtarra. Izan ere, bestelako bizi erritmoa eramatea gustatuko litzaioke pare bat urte barru. «Hiru urte lehenago hitzartutako emanaldiak baditugu, eta horiei ezetz esatea ezinezkoa da orain. Hori bai, hurrengo urteetan beste zerbait egin nahi dut». Hain zuzen ere, Hegoaldean gehiago kantatzea gustatuko litzaioke. Gaur egun egiten ditu emanaldi batzuk, baina oso gutxi. «Urrutira joateko joera hori bazter utzi nahi nuke pixkanaka, eta Euskal Herrira atxiki. Gainera, nire diskoetako kantuak oso maiteak dira hemen. Hegoaldean hogei bat kontzertu lotu nahiko nituzke».

Aitona ere bada

Hegoaldean kantaldiak lortuko dituen ez daki oraindik. Badaki, baina, Kalifornian bere zain daudela euskaldun asko. Pilotako taldea hartuta, datorren astean hartuko du AEBetako bidea, eta pilotan zein kantuan ibiliko dira bertan. «Lagun handi bat badut han, Bidart, eta hark gonbidatu gaitu. Euskaldun asko bizi da han, eta kantuan aritzea gustuko dute. Gu horretara joango gara. Eskusoinua hartuta, ez da jai girorik faltako». Aspaldian zebilen asmo horrekin Ladutxe, eta azkenean datorren astean lortuko du.

Gainera, Kalifornia leku maitea du pilotari ohiak. Sarritan joan izan da hara; besteak beste, semea bisitatzera. «Nire seme Xabi hara joan zen soilik hamasei urte zituela. Han egin zituen ikasketak, eta golfeko jokalari profesionala izan da. Emaztea ere han ezagutu zuen». Orain, berriz, Suitzan bizi du semea, eta biloba bat ere badu. «Niretzat, familia oso garrantzitsua da. Kantua amaitzean familiari eskaini nahiko nioke denbora gehiago. Biloba zoragarria dut, eta harekin gehiago gozatzea dut helburu». Maika alaba, berriz, Bourdeauxen bizi du. «Produktuak saltzen egiten du lan, eta bizimodu ona darama». Familiaz mintzo denean, irribarrea sortzen zaio ezpainetan Ladutxeri.

Garbi dauka bizitzan egindako ezertaz ez duela damutzeko arrazoirik, gustuko gauzetan aritu baita. «Ez dut esan, baina dantzaria ere izan naiz, eta banaiz. Emaztea eta biok txapelketa bat irabazi genuen gazteak ginenean. Orain, berriz, pilotariei esaten diet dantza egiteko, kirolarentzat oso ona baita».

Dantza egiteko, baina, osasuntsu egotea komeni izaten da, eta horri beldur apur bat badio lapurtarrak. «Heriotzari bainoago, eritasunari diot beldurra. Gero eta kontu txarragoak entzuten ditut inguruko jendearengatik, eta horrek zer pentsatua sortzen du». Horregatik, momentua ahalik eta hobekien bizi behar dela nabarmendu du. «Umiltasunez beti, baina alai eta pozik bizitzea oso garrantzitsua da. Kantatzea eta dantzatzea terapia onak dira ongi bizitzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna