Mendia. Andoni Areizagaren heriotza

Andoni Areizaga, elurretako gizona

«Mendizale sutsua», «lagunen laguna», «elurraren maitalea». Ezin konta ahala dolu hitz eta mezu jaso ditu BERRIAk egunotan, Andoni Areizaga mendiko eskiatzailearen heriotzak eragindako saminaren erakusgarri.

2013ko urriaren 11
00:00
Entzun
Xingola beltz batek estali du larunbatetik Open Altitoy Ternua-ren webgunea. Euskal mendiko eskia negarrez da asteon, Andoni Areizaga, Joxi Hernandez eta Iñaki Cuellar galdu ostean.

2011ko irailaren 27an, baserrian, istripuz hil zen Antxon Bandres tolosarra. Sendagile eta politikaria, baina ororen gainetik mendiko eskiatzaile sutsua. Haren omenez, Euskal Herriko mendiko eskiko txapelketa antolatzen da Ereta (Biarno) inguruan urtero. Hain zuzen ere, Antxon Bandresen oroimenezkoak antolatzailea galdu du aurten. Uztailaren 5ean, beste kolpe bat jaso zuen euskal mendiko eskiak: Karlos Imirizaldu mendizale noaindarra Aitzondon (Uharte, Aralar) hil zen, eskalatzen ari zela 20 metro ingurutik amilduta. Hark eragindako zauria erabat itxi gabe zegoela, berriz ere dolua nagusitu da euskal mendizaletasunean. Larunbatean, urriak 5, Andoni Areizaga eta beste hiru mendizale (Joxi Hernandez, Iñaki Cuellar eta Bernard Doumerq) zendu ziren errepide istripuz. Urte beltza, euskal mendiko eskiarentzat.

Aitor Murua Urdangarin (Andoain, 1950) mendiko eskiko sailaren arduraduna da Euskal Mendi Federazioan, eta Euskal Selekzioaren hautatzailea ere bai. Muruak ondo baino hobeto ezagutzen zuen Areizaga. Aspaldiko lagunak izateaz gain, biek ala biek zaletasun bera zuten: mendiko eskia. «Urte asko dira elkar ezagutzen dugula, eta kirol asko egin dugu elkarrekin: maratoiak lasterka, bizikleta irteerak eta, noski, mendiko eskia. Mendiko eskian hasi aurretik, ordea, Andoni alpinista handia zen. Beti izan da ni baino mendizaleagoa, eta asko ikasi dut berarekin», dio Muruak. Lanbidez Donostiako suhiltzaileen sarjentua zen Areizaga; Muruaren hitzetan, bete-betean haren neurrira eginiko lanbidea. «Suhiltzaile lana bikaina zen Andonirentzat, ikaragarri gustatzen zitzaion. Esperientzia handia hartu zuen batez ere mendiko erreskateetan eta segurtasun kontuetan, eta beti saiatzen zen hori guztia lagunei eta ingurukoei erakusten, baita ikastaroak emanez ere», azaldu du Muruak.

Mendiko eskiaren aitzindari

Lana ikaragarri gustatzen omen zitzaion donostiarrari, baina Areizagari bere zaletasunak, mendiak, ematen zion benetako bizia: «Andoni hainbeste inplikatzen zen mendiko kontuetan, inguruko denok ere neurri berean inplikatzea nahi zuen. Berak gauza asko uzten zituen albo batera mendiarengatik, eta askotan ez zuen ulertzen guk gauza bera ez egitea. Andonik bi abiadura zeuzkan bizitzan; bete-betean edo geldirik, eta ingurukook haren erritmoan joan ezean, haserretu egiten zen (barrez). Mendizale amorratua zen», dio Muruak.

Mendizaletasunak mendiko eskira eraman zuen Areizaga pixkanaka, eta azken urte luzeetan, horretan aritu da buru-belarri. Euskal Herria beste ikuspegi batetik, eski gainetik, erakutsi zien donostiarrak lagun eta inguruko askori. «Euskal Herria mendi eskiekin ezagut zitekeela erakutsi zigun. Andoni Leitzan bizi izan zen, eta hango mendietara eramaten gintuen eskiatzera. Garai batean ezinezkoa zirudiena egia bihurtu da egun Andoniri esker. Orain Basakabira joan eta 50 lagun ere aurkitzen dituzu neguan eskiekin. Irumugarrietan, Aralarren... Euskal Herrian eski larruekin ibil daitekeela erakutsi zigun», azaldu du Muruak.

Horrez gain, Andoni aitzindaria izan zen Euskal Herrian mendiko eskiko lasterketetan. Hura izan zen mendiko eskiko txapelketak probatu zituen lehen euskaldunetako bat; eta Pierra Menta (Areches-Beaufort, Frantzia) munduko lasterketa nagusira joaten ere hura izan zen lehen euskaldunetako bat.

Areizagak, baina, beti nahi zuen gehiago eta lasterketen harra Euskal Herrian sartzen saiatu zen buru-belarri. Muruaren hitzetan, horretan ere «mugarri» izan zen Areizaga. «Mendiko eskian ere lasterketak daudela konturatu zen. Pierran eta Andorran elkarrekin ibili ginen lasterketetan, eta hemen ere antzeko zerbait sortu behar genuela esaten zidan behin eta berriz. Azkenean, Andoni, Antxon Burtzio, Antxon Bandres eta ni elkartu eta Euskadiko Txapelketa antolatu genuen Toy haranean (Hautes-Pyrenees, Okzitania)», azaldu du Muruak. Lasterketa hark arrakasta handia izan zuen. Halaxe sortu zen Altitoy.

2007an sortu zen Altitoy mendiko eski lasterketa. Bi eguneko proba herrikoia Luz Saint Sauveur eta Toy haraneko mendietan barrena. Altitoy Euskal Mendi Federazioaren babesean sortu zen, baina proba indarra hartzen hasi zen pixkanaka, eta, azkenean, Andonik bere kabuz jarraitzea erabaki zuen. «Andonirentzat urte osoko lana bihurtu zen Altitoy. Lasterketa amaitu orduko, hurrengo urtekoarekin hasten zen lanean», azaldu du Muruak. Altitoy dela- eta Areizagak Federazioa utzi zuen arren, bi lagunen arteko harremana estua izan da gero ere. «Ni hautatzailea naiz, eta beti aritzen ginen harrobiaz hizketan, gazteak mendiko eskiaren munduan sartzeko», esan du Muruak. Pixkanaka babesleak lortu zituen Areizagak, eta 2009. urtean, Ternua mendi etxea bihurtu zen Altitoy probaren babesle nagusia. Rikardo Idiakez Ternuako Komunikazio arduradunaren hitzetan, Andoniren heriotza «kolpe gogorra izan da Ternuako kideentzat». Urte luzetako harremana izan du Ternuak Andonirekin, Altitoy probaren inguruan batez ere lan handia egin baitute elkarrekin.

Pierra Menta eta Altitoy

Horrez gain, Areizagaren gizatasuna goraipatu du Idiakezek, Ternuaren izenean: «Gizalege handiko pertsona bat galdu dugu, eta euskal mendizaletasunarentzat ere kolpe galanta izan da». «Andonik, Joxik, Iñakik eta Bernardek mendiarekiko eta, bereziki, mendiko eskiarekiko maitasuna, ezagutza eta pasioa transmititzen zituzten», eta «euren indarra eta ekintzailetasuna eredugarriak izan dira» Ternuarentzat ere. Ildo horretan, Ternuak adierazi du lanean segituko dutela aurrerantzean ere».

Pierra Menta eredu hartuta sortu zuen Altitoy Areizagak. Urtetik urtera gero eta harreman estuagoa lortu zuen Frantziako mendiko lasterketarekin, eta partaide zena antolakuntzako laguntzaile bilakatu zen. Azken urteetan, lasterkariek egiten zuten ibilbidea markatzera joaten zen Pierra Mentara. Areizagak berak honela azaldu zuen Ibilkari kanalean aurtengo esperientzia munduko lasterketa nagusian: «Pierra Mentakoak oso profesionalak dira. Ederki ezagutzen dute haien eremua. Markatzaile taldea oso ona da, eta argi daukate ibilbideek mendian izan behar dutela. Eredu dira eski alpinismoan».

Artikulu berean Areizagak esker oneko hitzak izan zituen Pierra Mentarentzat, «bi antolakuntzen artean sortutako harremana izugarria» zela azpimarratuta. Hain zuzen ere, azken hiru urteetan Frantziako lasterketako antolatzaileak ere Altitoyra joan izan dira laguntzera. Laurence Blanc antolatzaile taldeko kideetako batek azaldu du Areizaga Pierra Menta lasterketaren «lagun handia» zela. «Andoni beti zegoen pozik, irribarretsu, eta denok ezagutzen gintuen Areches-en. Hona etorri eta lasterketako beste edozein boluntariok bezala egiten zuen lan», azaldu du hunkituta.

Hango eta hemengo profesionalekin harremanetan segitu zuen donostiarrak, eta lan handia egin ostean, beste amets bat bete zuen Areizagak 2013ko hasieran: Altitoy munduko mendiko eski lasterketen zirkuituan sartzea, Grande Course delakoan, alegia. Pauso horrek izena eta ospea eman zizkion probari, eta munduko mendiko eskiatzaile onenak erakarri zituen aurten Luz-Ardidenera. Grande Coursetik bertatik doluminak bidali dituzte Euskal Herrira Andoni Areizagaren heriotza jakin bezain laster: «Albiste tristea ekarri digu aste honek. La Grande Course minez dago, eta hemendik gure besarkadarik sentikorrena bidali nahi diegu Andoniren familiari eta Open Altitoy Ternuako talde osoari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.