Mendia. Open Altitoy Ternua

Toy ibarreko festa zuria

Wilfrid Jumere eta Alain Bellagamba frantziarrak eta Nahia Quincoces eta Amets Maiztegi euskal herritarrak izan dira garaile inoizko Altitoy herrikoi eta hunkigarrienean. Ia 600 eskiatzaile elkartu dira proban.

Datorren urtean Grande Coursen sartu nahi dute Altitoy txapelketa. JORGE GARCIA DIHINX.
Luz-Saint-Sauver
2014ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Eski gainean 580 lagun, 150 lagun antolatze lanetan, 4.500 metro desnibel eta Toy ibarreko mendi zuriak inguruan. Horiek izan dira VII. Open Altitoy Ternuaren osagai nagusiak. Horiek eta omenaldi bat: Altitoy sortu zuenari, Andoni Areizaga zenari, eginiko omenaldia.

Joan den asteburuan jokatu zen Pirinioetako mendiko eskiko lasterketa alpino eta herrikoiena, Luz-Saint-Sauveurren (Okzitania). Lasterketa aurten ez da sartu Grande Coursen —mendiko eskiko munduko zirkuitua—, baina, hala ere, goi mailako eskiatzaileen bilgune izan da bi egunez Toy ibarra.

Andoni Areizagaren omenez minutu bateko isilunea egin, eta 07:30 pasatxoan atera ziren larunbatean korrikalariak Baregesko Tournaboup aparkalekutik. «Irteera oso polita eta hunkigarria izan zen, eta barru-barruan sentitu genuen denok», azaldu du Karlos Hernandok, probaren zuzendariak. A ibilbidean 2.100 metroko desnibela zuten aurretik eskiatzaileek, eta baso-bide teknikoak ere bai tartean.

Aurreikuspenak betez, Wilfrid Jumere eta Alain Bellagamba frantziarrak hasieratik jarri ziren lasterketa buruan, eta ongi eutsi zioten postuari Baregesko eski pistetako helmugara iritsi arte. 2 ordu eta 41 minutuan osatu zuten ibilbidea, bigarren bikoteari zazpi minuturen aldea aterata. Garaileengandik 12 minutu eta erdira iritsi ziren lehen euskal herritarrak: Aritz Egea urretxuarra eta Iban Letamendi oñatiarra. Emakumezkoetan, berriz, euskal herritarrak izan ziren nagusi lehen postuetan. Nahia Quincoces lekeitiarrak eta Amets Maiztegi hondarribiarrak 3 ordu eta 33 minutuan osatu zuten ibilbidea. 118 bikotek amaitu zuten guztira eliteko proba. B ibilbidean, berriz, 141 bikotek osatu zuten 1.300 metroko ibilbidea.

Igandean ere 07:30ean hasi zen lasterketa, Luz Ardideneko eski estazioan. Bigarren eguna izanagatik, larunbatean baino ibilbide luze eta gogorragoak prestatu zituzten antolatzaileek: A ibilbidean, 2.400 metroko desnibel metatua. Amaiera ere ikusgarria izan zen igandeko saioan; Luz Ardideneko punturik garaienean, Bedereten, 2.200 metroan ezarri zuten helmugako arkua. Sailkapenean aldaketarik ez zen izan bigarren egunean: aurreko eguneko lidergoari eutsi, eta 2 ordu eta 55 minutuko lansaioaren ostean, Jumere-Bellagamba frantziarrak bakar-bakarrik sartu ziren helmugan. Haiengandik 11 minutu pasatxora, laugarren postuan sartu ziren lehen euskal herritarrak: Egea eta Letamendi berriz ere. Emakumezkoetan ere Quincocesek eta Maiztegik larunbateko garaipena berretsi zuten. Uxue Fraile eta Maddi Arrazolak, eta Ines Rovira Ares Izardek osatu zuten podiuma.

Andoni Areizagaren heriotzak erabat baldintzatu du aurtengo Altitoy lehiaketa, eta antolatzaileentzat «zaila» izan da lasterketa antolatzea. «Lasterketa antolatzea erronka handia zen guretzat, Andoni zelako nagusia eta hark kontrolatzen zuelako dena. Oso gogorra izan da, erabaki asko hartu behar izan ditugu, baina argi geneukan Andonirengatik aurrera atera behar genuela proba», azaldu du Hernando zuzendariak.

Hain zuzen ere, ibilbidea zen antolatzaileen kezka nagusietako bat. Eguraldi iragarpen kaskarra tarteko, azken unean aldatu egin behar izan zuten, eta aurten ere Midi du Bigorre (2.877 m) tontorrera igo gabe geratu dira lasterkariak. «Andoni egon izan balitz, ibilbide hauek egingo ziren? Zailagoak edo errazagoak? Pista gehiegi sartu genuen beldurra geneukan, baina uste dut larunbatean asmatu genuela, eguraldi txarra izan zelako. Igandean, ordea, pistaz kanpo tarte gehiago sartu behar genituela uste dugu», azaldu du. Partaideen maila dela eta, pozik daude antolatzaileak. «Altitoy ez da Grande Coursen egon aurten, eta inoiz baino proba herrikoiagoa izan da. Ez geneukan diru asko, eta punta-puntako eskiatzaile asko ez dira etorri, baina, hala ere, oso maila ona egon da», esan du Hernandok. «Korrikalariak pozik geratu dira, antolatzaileok egindako esfortzua eskertu dute, eta horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko», gaineratu du.

Hain zuzen ere, datorren urterako hainbat helburu ezarri dituzte jada; eta, besteak beste, «azken ordukorik ez badago», datorren urtean Altitoy Grande Coursen egongo dela aurreratu dute. Hala ere, probaren izaera herrikoiari eustea izango da Pirinioetako lasterketaren helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.