Ezarian. Lutheria eskola

Musika sortzearen abilezia

Harizko musika tresnak sortzeko luthierrek duela 500 urte erabiltzen zuten teknika eta lanabes berak darabiltzate Bele Bilboko Euskal Lutheria Eskolako ikasleek. 25 urte bete berri ditu.

Bilbo
2014ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Soinua geometria jakin bati zor zaiola esaten dute adituek. Neurri, proportzio eta bolumen jakinei esker entzumenerako hain ederra den doinua sortzen dela. Baina, soinu politak lortzeko, tresnak egin behar dira, eta lan horretan maisu dira luthierrak. Artisautza, musika eta artea nahasten dituzten bakoitzean, instrumentu berri bat sortzen da.

Arte horrek badu bere txokoa 25 urtetik gorako tradizioa duen Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioan. Han, lutheria ikasketak egiteko aukera dago, eta, aurten, ikasgaiak berregituratzearekin batera, izen berria eman diote eskolari: Bele Bilboko Euskal Lutheria Eskola. Hala, artisauek tailerrean egiten duten lana ezagutzera emateko, Lutheria jardunaldiak antolatu zituzten aurreko astean. Horien bidez, eskolaren sortzaile izan zen Jesus Alonsori omenaldia ere egin diote.

XVI. eta XVIII. mendeen artean lortu zuen goren maila biolingintzak. Gasparo da Salo, Maggini, Amati, Stradivari, Guarneri del Gesu eta antzeko maisuak biolingintzaren urrezko garaian kokatu ziren. Egun, teknologia digitalek ikerketarako esparru berriak zabaldu dituzten arren, orain bost mende bezala egiten dute lan luthierrek. Horri esku teknologia izena eman dakioke; izan ere, eskulanean, adimen eta zentzu guztiak biltzen direnean punta-puntako teknologia lortzen dela azaldu dute eskolan. «Material eta tresna berdinak erabiltzen ditugu, garai hartan lortu zutena guretzat goi maila izan zelako. Haiek bezala lan egiten dugula esaten dugu teknologia bera delako, bai eskuen trebezia eta bai lanabesak esku tresnak direlako», azaldu du Luis Artolak, eskolako biolingintza irakasleak.

Lutheriakoak ikasketa bereziak dira, munduan oso eskola gutxi daudelako. Bele horietako bat da. Bertan, maisu handienen lekukoa hartu dute 23 ikaslek. Argi xume baten azpian eta tailerra girotzen duen musika instrumentala atzean dutela, zura zati soil bat artelan sortzen dute. «Lutheria lanabesaren eta eskulangintzaren arteko artea da, eta egurra oso ondo ulertu behar duzu», azaldu du Urtzi Balantzategik, lehen maila egiten ari den eta eskulangintza maite duen ikasleak. Musika oso gustukoa zuen, eta, bere pasioetako bat eskulangintzarekin nahastu zezakeen ikasketen berri izan zuenean, Belen izena ematea erabaki zuen.

Baina instrumentu batek eskaintzen duen soinuaren kalitatea ez zaio egurraren langintzari bakarrik zor. Haratago doa. «Ikusmen espaziala izan behar duzu, eta zura eraldatzeko abilezia garatu behar duzu, nahiz eta lehenengo begiradan ezer ikusi ez», dio Alvaro Jimenezek, Madrildik etorritako ikasleak. Lehenago informatikari lanetan ibili zen, eta «eraldaketa» baten bila heldu zen eskolara. «Lan egiteko beste modu bat da, ez duzu beste ogibideetan izan dezakezun presioa sentitzen. Lasaitasunean aritzen zara, eta poz handia sentitzen duzu instrumentu bat sortzen ari zarela ikustean», dio Jimenezek. Harekin bat dator Cadiztik (Espainia) Bilbora joandako Agustin Lucena ikasleak. «Begirada entrenatzea asko kostatzen da». Ohol bakoitzak behar bezalako mugimendua egiten duela eta hori neurtzen dutela azaldu du. Hau da, dardara frekuentzien bidez piezak behar bezalako erantzunak ematen dituela gainbegiratzen dute. Eta ez da lan batere erraza. «Nori axola dio milimetro-hamarrena pasatzea? Bada, oker ñimiño hori egiten badugu, instrumentuak ez du guk nahi dugun emaitza lortuko», gaineratu du Jimenezek.

Lana tentu handiz egin behar badute ere, argindarra erabiltzen duten makinak apenas erabiltzen dituzten tailerrean. Oraindik ere, duela bostehun urteko marrazki, irudi eta teknikak darabiltzate. Arrabota, aiztoa, arraspa, gubia, lima... «Paradoxikoa dirudi garai honetan, teknologiak hainbeste aurrerapen izan duenean, oraindik ere garai hartako ereduak jarraitzea», esan du Artola irakasleak. Haren ustez, eskuak duen trebezia norberak duen adimenarekin lotzen baldin bada, lotura horrek eman dezakeen teknologia maila izugarria da. Hortaz, lutheria ikasketak egin nahi duen pertsona orok eskulanerako trebezia izan behar du. «Ez daukanari garatzen laguntzen diogu», azpimarratu du. Musikarekiko zaletasuna eta oinarrizko ezagutza batzuk ere beharrezkoak dira ogibide horretan aritzeko.

Ikasketa berrituak

Belek xede bat du: Europako eskola onenen artean kokatzea. Egun, Bilbokoak ikasle asko erakartzen ditu. Batez beste, sei ikasle hartzen dituzte ikasturteko. Aipagarria da gehienak Euskal Herritik kanpotik etorritakoak direla; batez ere, Kataluniatik edo Hego Amerikatik.

Ikasleak bi biolin, biola bat eta txelo bat, hau da, laukote bat, osatuko du ikasketek irauten duten hiru urteetan. Gainera, instrumentu horiek konpontzen eta mantentzen ikasiko du. Artolaren arabera, profesional batek bi hilabete behar ditu biolin bat osorik sortzeko. Eskolan, ostera, urtebete hartzen dute horretarako. «Sortu ez ezik, beste ikasgai batzuk ere landu behar dira: tresna jo, diseinua eta geometria menperatu eta lutheriaren historia ikasi behar dute». Iñaki Arginarena azken ikasturtean dago, eta txeloa amaitu berri du. «Ondo lan egiten ikasteko denbora asko behar da, eta urteak behar dituzu horretarako». Uruguain hasi zen gitarrak egiten, eta ogibidea izan behar zuela erabaki zuen. Familia zati bat euskal herritarra duenez, birritan pentsatu gabe hegazkina hartu zuen Bilboko eskolara. «Ikasketak amaitu ostean, prestakuntzarekin jarraituko dut; musikari profesionalak oso zorrotzak dira, eta instrumentu benetan onak sortzeko gai izan nahiko nuke».

Lan munduratzea, zaila

Ikasleek profesionalen, musika eskoletako irakasleen eta edozein motatako musikarien eskaerei aurre egiteko gaitasuna lortu behar dute. Horretarako, prestakuntza oso praktikoa eskainiko dute datorren ikasturtetik aurrera. «Eskolan bertan eta kanpoan aritzeko aukera izango dute, beste luthierren lantokietan edo eskoletan», dio Artolak. Aurrerantzean, ikasleek Europako mugikortasun programetan parte hartu ahal izango dute. Alvaro Jimenez ikasleak argi dauka, Bilbotik Herbehereetara emango dugu saltoa: «Antzinako instrumentuetan trebatu nahi dut, eta hango eskola batean jarraituko dut prestakuntza».

Datorren ikasturtetik aurrera, artisau eraikuntza, oinarri akustikoa, oinarri zientifikoa eta instrumentuak jotzen ikastea izango dira zutabe nagusiak Belen. Gainera, akustika irakasgaia indartuko da. Azken hori eskolako oinarrietako bat izan da; hasieratik eskolaren sortzaile Jesus Alonso akustikako ikerlari eta fisikaria izan baitzen.

Gizakiek 20 hertzetik 20.000ra arte entzun dezakete. «Soinua entzuten dugu, baina ez dugu ikusten. Hala ere, makinen bidez frekuentziak neurtu eta oholetan lortu behar diren mugimendu mota desberdinak erakusten dizkiegu ikasleei», adierazi du Unai Igartuak, akustikako irakasleak. Frekuentziometroa, bozgorailuak eta teknologia digitala erabiliz, egiten ari diren instrumentua agudoetan edo grabeetan erantzun egokia ematen duen aztertzen dute. «Makinek pistak ematen dituzte, baina jo eta entzun egin behar dira». Beraz, hasiera-hasieratik, soinuak tresnetan duen hedapen abiadura eta dentsitatea aztertzen ikasten dute. Egurrak mugimendu mota batzuk dituela ikusi ostean, horiekin jolasten dira instrumentuak behar bezalako soinua lor dezan.

Ikasketak berregituratuta, lan munduan izan beharko dituzten gaitasun guztiak lantzen saiatuko dira. Hala, egurra eta soinua aztertzeaz gain, azken produktua lortu arteko pauso guztiak ikusiko dituzte. Bernizatzea beste urrats garrantzitsua da. Eskolan esaten dutenez, instrumentu bat bernizatzea artelana babestea eta distiraz janztea da. Berniza kanpoko eraginetatik babesteaz gain, edertasuna ematen dio tresnari. Gainera, soinuan ere eragina du. Erretxinak, olioak, esentziak, alkoholak, pigmentuak edo koloregaiak, dena neurtu behar da azken milimetroraino.

«Lan munduratzea ez da beti erraza, lan egiten jakin behar da hemen amaitzean eta irtendakoan egin beharko dituzten lanak hemen aurretik egin ditzaten saiatzen gara», dio Artola irakasleak. «Etorkizunean, bakoitzak bere tailerra antolatu beharko du, eta, lana ondo eginez, bere burua ezagutaraziko du». «Bidea ederra baina nekeza samarra» dela eta mundu osoko ikasleak erakartzen dituela aipatu dute eskolan. Nahiz eta ikasleak probintzia eta herrialde askotatik etorri, denek badute ezaugarri komun bat: bokazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.