Albistea entzun

Donostiako 60.Zinemaldia. Patxo Telleria eta Aitor Mazo. 'Bypass' filmaren zuzendariak

«Ez dugu nahi komediaren mesedetan pertsonaia tontoak sortzerik»

Komedia erromantikoa, melodramaz zipriztindua. «Frantses erara» egindakoa. Eta euskaraz. Bikote harremanen inguruko gogoeta dakar Patxo Telleriak eta Aitor Mazok elkarrekin zuzendutako bigarren lanak.
Patxo Telleria eta Aitor Mazo Donostian izan ziren atzo, filma aurkezten.
Patxo Telleria eta Aitor Mazo Donostian izan ziren atzo, filma aurkezten. GARI GARAIALDE/ ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2012ko irailak 27 - Donostia

Filmaren erdialdera jotzen du goia Bypass lanak. Gabonetako afari batean protagonista guztiak mahaiaren bueltan esertzera doazenean. Umorearen eta endredoaren gailurra hortxe. Gainerakoan, gorabehera gehiago ditu. Xabik (Gorka Otxoa), Nereak (Barbara Goenaga) eta Mariak (Sara Cozar) osaturiko maitasun triangeluaren inguruan ardazturiko istorioak irribarreak ez ezik, algarak ere atera dizkio publikoari.La máquina de pintar nubes egin ostean, gaztelaniaz, euskaraz filmatu dute Aitor Mazok eta Patxo Telleriak Bypass. «Istorio bakoitzak bere hizkuntza eskatzen du. Gu oso gustura gaude euskaraz filmatu izanarekin». Nahi lukete Zinemaldiak bultzada bat ematea filmari, baina eszeptiko dira: «Hemen oso txiki gara».

Prentsarentzat bereziki egindako emanaldian jendeak barre egin du franko. Gustura erreakzio horrekin?

PATXO TELLERIA (P. T.): Oso, oso gustura. Badakit hori esan ohi dela beti. Estreinaldi batek sortzen duen euforiaz gain, oso pozik gaude. Zentzu batean, baita harrituta ere. Ez da txiste eta hitzezko gag-ez osaturiko film bat. Irribarrea espero genuen, mingostasun zipriztin batzuekin, baina algara ere jaso dugu.

Komediak indar handia du, baina zuek esana da alde dramatikoari ere garrantzia eman nahi zeniotela.

AITOR MAZO (A.M.). Istorioa egoera dramatiko batean oinarritua dago. Bizitzan ere sarritan barre egiten dugu gauza serioekin, eta negar gauza barregarriekin. Guretzat, oso asmakizun ona da bi egoera horiek nahastea. Aurreko filmean egin genuen, eta oraingo honetan, are gehiago. Sentimendu esparru handiago bat lantzeko aukera izan dugu.

P. T.:Une batean protagonistetako batek besteari esaten dio: «Egunen batean barre egingo dugu hau guztia gogoratzean». Esaten da komedia dela tragedia gehi denbora. Guk pertsonaien sufrimenduarekin barre egiten dugu, baina ez ditugu erridikulizatzen. Pertsonaien duintasuna eta gizatasuna gordetzen saiatzen gara. Ez dugu nahi komediaren mesedetan pertsonaia tontoak sortzerik.

Gezurren eta nahasketen istorio bat da, endredozko komedietan ohiko denez. Erreferentzia zinematografikorik izan duzue?

P. T.: Ez, erreferentzia tematikorik ez dugu izan behintzat. Izatekotan, tonuaren edo estiloaren ikuspegitik nahi genuen hurbiltzea azken urteetan Frantzian egiten den komedia molde horretara. Espainiako komediak azalekoagoak izaten dira, eta beste umore mota bat jorratu nahi genuen.

Irudipena daukat gidoia lantzeak eskatuko zizuela lanik handiena.

P. T.: Bai, testuan oinarrituriko istorio bat da. Askoz ere gehiago oinarritu gara hitzetan irudietan baino. Gidoia ordulari mekanismo baten tankerakoa izaten da. Armazoia eta engranaje nagusia dago batetik, eta orratz txiki mordo bat bestetik. Koherentzia mantentzeko hari mutur guztiak ondo zaindu behar dira. Zazpi bat bertsio egin ditugu, baina film gehienetan gertatzen da hori.

Bi zuzendari izanik, nola banatzen duzue lana? Etengabeko kontraste lanean ibiltzen zarete?

P. T.: Lehen filmean, La máquina de pintar nubes-en, errespetu handiagoa genion ofizioari, eta lanak gehiago banatu genituen. Oraingo honetan, ez dugu funtzioen bereizketarik egin. Arlo estetikoa gehiago landu du Aitorrek, askoz ere gehiago baitaki horretaz, baina gainerako guztia bion artean egin dugu, bai planoen gidaritza eta baita aktoreen zuzendaritza ere.

A. M.: Nahiko osagarriak gara. Bata iristen ez denean, bestea iristen da. Batak egiten ez duena, besteak egiten du.

Aktore ere jardun duzu, Aitor. Zeure burua zuzendu beharrean, Patxok zuzentzea errazagoa izango zen.

A. M.: Oso kontu berezia da hori. Zuzendari modura, gauzak oso argi izaten ditut, baina, gero, aktore lanetara igaro eta erabat biluzik sentitzen naiz. Alde horretatik, oso eskertzekoa da Patxo izatea neu gidatzeko.

Zuk agerpen labur-labur bat baduzu, Patxo. Hitchcocki egindako omenaldia?

P. T.: Beno, beste zuzendari askok nire aurretik egin dutena da hori. Esan liteke Hitchcocki egindako omenaldia dela edo figurante bat aurrezteko egin dugula...

Bikote harremanen inguruko gogoeta dakar, oro har, zuen lanak. Film asko egin daitezke gai horren inguruan...

P. T.: Dozenaka egin daitezke.Gizakiok monogamikoak izatea erabaki genuenean gure naturaren kontra, gatazka iturri etengabe bat sortu zen. Bikotearen eta maitasunaren ikuspuntu ironiko bat jorratu dugu. Hollywooden oraindik sinesten dute heroietan, Jaungoikoarengan ere sinesten dute, eta baita maitasunean ere. Guk ez hainbeste.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joxean Fernandez, Maria Pilar Rodriguez, Isabel Herguera, Izaskun Arandia eta Bingen Zupiria, liburuaren aurkezpenean. ©Jagoba Manterola / Foku

'Euskal emakume zinemagileak' liburua plazaratu dute

Andoni Imaz

Euskal Herriko zinemagintzan «funtsezkoak» izan diren emakumezko zuzendariak ditu ardatz, eta Euskadiko Filmategiak eman du argitara. Maria Pilar Rodriguez ikertzaileak koordinatu du artikulu sorta.

Larunbatean hasiko da <em>Bizirik</em> lanaren aurkezpen bira, Donostiako Dabadaba aretoan. ©BENGO

Nork bere burua barkatu artean

Uxue Rey Gorraiz

Aitor Bengoetxea 'Bengo' musikariak lehenengo lan luzea eman du: 'Bizirik'. Zortzi kantu bildu ditu; hiru kolaborazio tartean. Larunbatean hasiko du kontzertu bira, Donostian.

Inauteri giroan murgilduko du herria festibalak. ©GUILLAUME FAUVEAU

Inauterietako dantzak eta musika batuko ditu Hartzaro festibalak

Berria

Otsailaren 10etik 21era egingo dute Uztaritzeko jaialdia, udaberriari ongietorria emateko asmoz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.