Mendia

Emakumeak ere mendien babesean

Mendiko kiroletan, goren-gorenean aritu dira Euskal Herriko emakumeak. Oihana Kortazar, Edurne Pasaban eta Josune Bereziartu dira horren adibide.

2013ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Uurte asko eman dituzte Euskal Herriko emakumeek euren ametsak eta nahiak bete ezin. Etxearen eta familiaren zaintza izaten ziren ardura nagusia; aisia eta kirola, ez zeuden emakumeen esku. Gaur egun egoera bestelakoa da, eta Euskal Herriko emakumeak mendiko hainbat jardueratan, esaterako, punta puntako kirolari dira. Mendiaren inguruko jarduera edo kiroletan, oraindik ere, gizonezkoak izaten dira gehien parte hartzen dutenak; hala ere, emakumeak gero eta leku gehiago hartzen ari dira jarduera horietan, eta parte hartzen duten emakumeak nabarmen gehitu da aspaldiko urteetan.

XX. mende hasieran hasi ziren Euskal Herriko mendi elkarteak emakumeei eskubide guztiekin bazkide izateko aukera eskaintzen. Bizkaiko hiriburuko Bilbao Alpine Club izan zen erabaki hori hartzen aurrenetako bat, 1924an. Ondoren, Eibarko Kirol Elkarteak eta Donostiako Fortuna Kirol Elkarteak jarraitu zuten ildo beretik, 1933an eta 1935ean, hurrenez hurren.

Euskal Herriko mendi elkarteetan emakumeek merezi zuten tokia hartzen zuten, baina, Europako Alpeetako herrialdeetan elkarteek ez zuten inolako mugimendurik egin. 1858an Londresen sorturiko Alpin Club historikoak 1974. urtera arte ez zituen emakumeak bazkide modura onartu; antzeko kasua da Suitzako Club Alpin Suisserena; 1979. urtera arte ez zuen bazkide emakumerik onartu.

Hala ere, eta hainbat urte lehenago, emakume bat gainontzekoei aurrea hartu, eta bere pasioa eta afizioa aurrera eraman zituen: 1915. eta 1920. urteen artean, hainbat irtenaldi egin zituen Pilar Larrañaga tolosarrak Pirinioetara, bere senarrarekin batera. Garai haietan, Larrañaga Balaitous (3.144 m) mendiaren gailurrera heldu zela esaten da; horrela izanik, Larrañaga izango litzateke Euskal Herrian 3.000 metrotik gorako mendi bat igotzen aurrenekoa.

Ordutik 30 urte eskasera, 1959an, Euskal Herriko Goi Mendi Taldea sortu zen, Eibarren. Hamazazpi lagunek osatu zuten, horien artean, emakume batek, Loli Lopez Goñik alegia. Santa Barbaran, Eginon eta Amezketan lehen pausoak eman ostean, Mont Blanc (4.810 m) eta Cervino (4.478 m) igo zituen 1958an, Euskal Herriko emakume mendizaleen muga urrunago eramanez.

2010ean, Lopez Goñik berakbere izena duen Euskal Mendi Federazioko emakume alpinistaren saria eman zion Edurne Pasabani, zeina gaur egun goi mendiko zaletasunaren euskal adierazle nagusia den. Alpinista tolosarrak goren-gorenera eraman du emakumeen goi mendiko zaletasuna. 14 zortzimilakoak igotzen historiako lehen emakumea bihurtu zen 2010eko maiatzaren 17an, Shisha Pangmako (8.027 m) gailurrera iritsi zenean. «Nire bizitzaren zati handi bat izan da alpinismoa, eta, zehatzago, 14 zortzimilakoak igotzeko abentura. Emakume izateak ez dut uste eragin didanik, hein handi batean behintzat; hala ere, beti entzun behar izan ditut gutxiesten nauten komentarioak», adierazi du Pasabanek. Horiei muzin egin eta aurrera jarraitzea da Pasabanek erabilitako taktika. «Emakume izanagatik gehiago demostratu behar izan dut zenbaitzuetan, baina ez askotan. Zerbait lortu nahi duenak berdin-berdin erakutsi behar du egiteko gai dela, gizonezkoa edo emakumezkoa izan», esan du mendizale tolosarrak. Bederatzi urtez eskaini zituen Pasabanek bere indar guztiak 14 zortzimilakoak igotzeko helburua lortzeko. Lehena, Everest (8.848 m) izan zen, 2001eko maiatzean. Ordutik, urtez urte joan zen Himalayako gailur garaienetako bat konkistatzen, hamalauetara igo arte. «Hasiera batean, babesle eta diru laguntzak lortzeko emakume izateak nolabait baldintzatu ninduela esan dezaket, baina, azkenean, babesleek alpinistan sinistu behar dute, eta aurrera eramango duen abenturan», azaldu du.

Mendian ez da soilik alpinismoa praktikatzen, ordea. Pasabanizan da euskal goi-mendizaletasunaren adierazle nagusia, eta Josune Bereziartuk, berriz, antzeko papera izan du kirol eskaladan. Urte asko pasatu ditu zailtasunaren erreferentzia izaten. Lorpen handiena 2002an erdietsi zuen, emakumeen zailtasun maila bederatzigarren dimentsiora eramanez. «9a zailtasuneko Baing de Sang bidea eskalatzea lortu nuenean, bai gizon eta bai emakumeentzat zailtasun horretara iristeko aukerak zeudela erakusteko adibide izan nintzela esango nuke», esan du Lazkaoko eskalatzaileak.

Kirol eskalada gaztea dela esan daiteke, eta, horregatik, nahiko kontzientzia errotua izan du emakume eta gizonezkoen parekotasunean. «Kirol eskalada modernoa eta nahiko liberala dela esango nuke. Nirekin eskalatu duten gizon eta emakumeak talde izan gara beti, eskalatzaileen taldea, ez eskalatzaile emakume eta eskalatzaile gizonezkoz osaturiko taldea», argitu du Bereziartuk. Gaur egun, emakumeen eta gizonezkoen artean dagoen zailtasun mailaren desberdintasuna, pertsona karismadun baten faltari egozten dio Lazkaokoak. «Nire garaian gizonezkoek Wolfang Gullich erreferentzia zuten bezala, emakumezkook Catherine Destivelle edo Lynn Hill geneuzkan; gaur egun, horrelako pertsonabaten falta sumatzen dut», adierazi du.

2002an erdietsitako lorpenari beste koska bat gehitu zion 2005eko udaberrian, Bimbaluna bidea eginez, 9a/+ zailtasunekoa. Bereziartu, hala ere, beste eskalada mota batzuetan ere jardun izan du; hala, 2004an Yeah Man bidearen lehen igoera egitea lortu zuen, Rikardo Otegirekin batera, Alpeetako Gastlos mendizerran, 300 metroko garaiera eta 8b+ zailtasuna duen hormatzarra. «Emakume izateagatik ez dago oztoporik eskaladan, norberak bere buruari jartzen dizkionak izaten dira gehienbat», esan du .

Alpinismoa eta eskalada baino gazteagoa den mendiko beste modalitate bat mendi lasterketak dira. Horretan ere Euskal Herriko emakumeak goren-gorenera iritsi dira; adibide argiena, Oihana Kortazar da, Elgetako korrikalaria. Skyrunning World Series-etako txapeldun izan zen 2011n, haurdunaldia izan zuenetik urtebetera. «Nire kirol ibilbidean emakume izateak nolabait baldintzatu banau, amatasunagatik izan da. Kirol arloan berdintasuna nagusi da mendi lasterketatan; ez dut inoiz emakume izateagatik gutxietsita sentiarazi ziezadakeen egoerarik bizi izan», azaldu du Kortazarrek. Emakumeen parte hartzea gora doa lasterketen munduan ere, eta sailkapen nagusietan geroz eta emakume gehiago aurki daitezke goiko postuetan. «Gizonezkoen kopuruarekin alderatuta, nabarmen gutxiago gara oraindik ere, baina gero eta emakume gehiago gara, eta mailak ere nabarmen egin du gora azken urteetan», azaldu du korrikalariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.