Konponbideari begira. Polizia operazioa

Zortzi bitartekariak preso, «ETAren beso eragilea» izatea egotzita

Eloy Velascok atzo kaleratutako hamabost orrialdeko autoan ez dago atxilotuen eta ETAren arteko loturen frogarikNaia Zurriarain deklaratzera deitu du epaileak; ostegunean joan beharko du

Oihana Elduaien Uranga.
2014ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Espetxeratu egin dituzte Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) bitartekari taldeko zortzi lagunak, ETAren eta presoen arteko zilborrestea izatea egotzita. «ETAren beraren beso eragilea» osatzea egotzi die Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok, eta, fiskalak eskatu duen bezala, zortziak baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu du. Aranjuezera eraman dituzte Mikel Almandoz eta Asier Aranguren; Navalcarnerora Jon Enparantza eta Egoitz Lopez de Lacalle; Soto del Realera Aintzane Orkolaga eta Aitziber Sagarminaga; Estremerara Arantza Zulueta; eta Alcala Mecora Jose Campo.

Naia Zurriarain inputatu eta deklaratzera deitzeko ere agindu du epaileak. Ostegunerako jarri dio ordua, 12:00etarako.

Atxilotuak baldintzarik gabe aske uzteko eskatu zion defentsak epaileari, baina baldintzekin libre uztea ere ez du ametitu epaileak. Horretarako hiru arrazoi eman ditu: atxilotuak frogak desegiteko aukera edukitzea, batetik, ihes egiteko arriskua, bigarrenik, eta hirugarrenik, Zuluetaren zein Enparantzaren kasuan, delitua berriz egin dutela eta baldintzapeko askatasuna hautsi dutela. 2010ean ere atxilotu zituzten bi horiek, eta baldintzapean aske zeuden orduz geroztik.

Zortzi lagunak espetxeratzea ekarri duen operazioa joan zen astean egitea ez da kasualitatea izan. Tiraderan zituen dokumentuak justu orain ateratzea erabaki du Auzitegi Nazionalak, hain justu, EPPK-k Euskal Herriratzea aurrena eta gero etxeratzea lortzeko legearen araberako urratsak iragarri ostean. Argi dago autoan. Izan ere, Herrira mugimenduaren kontrako polizia operazioa atzemandako dokumentuak baino ez ditu aipatzen espetxeratze autoak, operazioan bertan bilatutakoez gain. Tiraderan zituen, eta orain ateratzea erabaki du. EPPKren iragarpenaren eta preso ohiek bitartekaritza taldekoekin batera emandako prentsaurrekoaren ostean.

Nolanahi ere, eta bitartekaritza taldeko zortzi lagunek presoekin lotura dutela argi dagoen arren, —presoei eragileekin harremanak errazteko sortu zen, hain justu, bitartekaritza taldea—, Velascok atzo kaleratutako espetxeratze autoak ez du inon esaten zortzi horiek non daukaten ETArekin lotura. Une batean honela dio autoak: «Dokumenturen batean igartzen da BTko kideren bat zuzenean ETAk izendatu zuela». Dokumentu hori zein den ez du esaten, eta ETAk izendatu ei duen pertsona nor den ere ez. Gainera, balizko dokumentu horretaz ez da argi eta garbi idatzita agertzen ETAk izendatu zuela, baizik eta «igarri» egiten da.

Espetxeratutako zortzi lagunak «ETA erakunde terroristan parte erabakigarria osatzen duten estrukturekin» lotzen dituen dokumentuak Herrira-ren kontrako operazioan topatu zituztela dio epaileak. «Ezabatze erabatekoa sistemarekin garbitutako euskarri informatikoak» topatu zituztela diote, baina Guardia Zibilaren auzitegi informatikako perituek errekuperatu egin dituztela aurreko dokumentuak. ETAk EPPKrentzat bidalitako txosten bat eta Mugarri txostena daudela dio, besteak beste. Ez du esaten, ordea, txosten horiek nork eman dizkion nori, eta norentzat. Ez du esaten txosten horiek atxilotutako zortzi lagunekin zer lotura duten.

Herrira-ren operaziokoak kontatuta, autoak saltoa egiten du denboran, abenduaren 28ra arte. Hain justu, EPPK-k urrats gehiago iragartzeko agiria argitaratu zuen egunera arte. Atxilotutako lagunek bi egun lehenago agiria zabaldu zutela dio, eta urtarrilaren 2an berriz bildu zirela, preso ohiekin batera Durangon eman zuten prentsaurrekoa prestatzeko. Bilerak egiten zituztela dio autoak —20 bileraz hitz egiten du behin eta 21ez beste behin—, baina bilera horiek noiz, non edo norekin egiten zituzten ez du esaten. Ezta bilera horietan zer delitu zehatz egiten zuten ere. Esaten duena da joan zen asteazkenean Guardia Zibila Elkanoko egoitzara joan zenean, atxilotuak ez zeudela «ohi bezala» bileran, baizik eta Espainiako Barne Ministerioak atxiloketak iragarri ostean, «frogak deuseztatzen» eta «ihesean saiatzen» ari zirela. Nolanahi ere, aurrerago dio bilerak «klandestinoak» zirela.

«Delituen talde ardura» argi gelditu den ondorioa atera du epaileak, eta hori operazioko agiriekin are argiago geratu dela dio, nahiz eta haien azterketa «oso aldi goiztiarrean» dagoela eta «soilik atariko azterketa» egin dutela aitortu.

Bitartekaritza taldekoek presoen artean komunikazio sarea osatuta zeukatela dio, eta oharrak trukatzen zituztela. Senideek ematen zituzten oharrak batzuetan, Velascoren esanetan. Horrexegatik galdekatu nahi du Zurriarain: Asier Arzallus presoari oharra ematea egozten dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.