Europako hauteskundeak

Dena ez da Marine Le Pen

Estaturik gabeko nazio txikietan, alderdi independentista nagusiek emaitza onak jaso dituzte bozetan

Sinn Feineko Gerry Adams, Michelle Gildernew, Martin McGuinness eta Martina Anderson. PAUL MCERLANE / EFE.
Samara Velte.
2014ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Zeresana eman du Europako alderdi ultraeskuindar eta populisten gorakadak, baina haiek ez dira izan igandeko hauteskundeotan indartuta atera diren bakarrak. Estaturik gabeko nazioetako alderdi independentistek ere orain arteko babesari eutsi diote; eta, zenbait lekutan, nabarmen egin dute gora.

HERRIALDE KATALANAK. Independentziatik gertuago

Katalunian, 78 urtean lehenbiziko aldiz, ERCk irabazi ditu hauteskundeak. Botoen %23,67 lortuta, puntu eta erdi atera dio CiUri. Oriol Junqueras ERCko presidenteak «erantzukizunez» jokatuko duela hitzeman du, eta gobernuan sartzeko prest agertu da, azaroaren 9ko galdeketarako bidean «egonkortasun instituzionala» bermatzeko.

«Gaur beste urrats bat egin dugu independentziarantz», esan zuen igande gauean, hauteskundeetako emaitzak jakin berritan. Bere alderdiak irabazitakoa ez ezik, alderdi subiranisten emaitza nabarmendu zuen: izan ere, ICV-EUiA (%10,29) eta Podemosen (%4,66) botoak gehituta, erabakitzeko eskubidearen alde agertu diren alderdiek boto guztien %60 pilatu dituzte. PSC Kataluniako Alderdi Sozialista, berriz, hirugarren geratu da, %14,28rekin; PP bosgarren (%9,81), eta, haren ostean, Ciutadans (%6,28).

Junquerasen hitzetan, «sei hilabeteko kanpaina etengabea» hasiko da hemendik aurrera, azaroaren 9ra bitartean. Artur Mas Kataluniako presidenteak ere ez ditu porrot gisa hartu Europako emaitzak: aitzitik, Kataluniako prozesu politikoa indartzen dutela nabarmendu du. «Garai zail eta garestienetan gobernuan egon eta beti ardura hartu duen alderdi batek guk bezala irautea ez da meritu eskasa».

Valentzian ere gora egin dute alderdi abertzaleek: Primavera Europea koalizioak Europako Parlamentuan sartzea lortu du, Jordi Sebastia Burjassoteko alkatea zerrendaburu duela.

ESKOZIA. SNPren arantzatxoa

Zazpi urtez gobernatu ostean ere nagusitasunari eutsi dio SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak. Eskozian gehien bozkatutako alderdia izan da (%28,9), laboristen aurretik (%25,9). Dena den, ez du espero bezala hirugarren diputatua eskuratuko Europako Parlamentuan, eta orain arte zeuzkaten biekin geratuko da.

Beste arantza bat ere geratu zaio Alex Salmond lehen ministroari: UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren alderdiak diputatu bat lortu du Eskozian. David Coburn zerrendaburu duen alderdiak botoen %10,4 lortu ditu, Berdeek eta liberal demokratek baino gehiago. Coburnentzat, «irrigarria» da SNPren kanpaina independentista, eta haren aurka egingo duela iragarri du.

IRLANDA. Zalantzak eta dimisioak

Ipar Irlandak hiru diputatu ditu Europako Parlamentuan. Atzo arratsaldean oraindik botoak zenbatzen ari ziren, baina, lehenbiziko proiekzioen arabera, banaketa orain arte bezala mantenduko da: diputatu bana izango dute Sinn Feinek, DUP Alderdi Demokratiko Unionistak eta Ulsterreko Alderdi Unionistak.

Irlandako Errepublikan ere asko luzatu da botoen zenbaketa; hango hauteskunde sistema berezia dela medio, herritarrek hautagaien zerrendak aukeratzen dituzte gustukoenetik gutxien gustatzen zaienera, eta konbinazio horiek kontuan izanda banatzen dira eserleku gehienak. Horregatik, batez beste bederatzi itzulitan zenbatzen dituzte botoak.

Zuzenean eserlekua eskuratzeko adina boto lortu dituen bakarra Sinn Feinen Dublingo barrutirako hautagaia izan da, Lynn Boylan. Irlandako Errepublikak Bruselara igortzen dituen gainerako hamar diputatuak hurrengo itzulien arabera aukeratuko dituzte.

RTE kate publikoak egindako proiekzioen arabera, gehien bozkatutako alderdiak Fine Gael gobernuko alderdi kontserbadorea eta Fianna Fail dira: bakoitzak botoen %22 lortu ditu. Hautagai independenteak eta alderdi txikiak nabarmen hazi dira murrizketa politiken aurkako aldarrikapenei esker, eta denen artean %27 pilatu dituzte. Aurreikuspen horien arabera, Sinn Feinek botoen %17 lor ditzake, eta beste hiru ordezkari Bruselan —iparraldekoaz gain—. FGrekin batera Dublinen gobernuan dauden laboristek, berriz, nabarmen egin dute behera: proiekzioak betetzen badira, botoen %6 baino ez dituzte jasoko, eta Europako Parlamentuan zeuzkaten bi eserlekuak galduko dituzte.

Irlandan udal hauteskundeak ere egin zituzten joan den astean. Behin-behineko emaitzen arabera, Fianna Failek irabazi ditu, 259 kargu lortuta. Sinn Feinek ere nabarmen egin du gora: 2009an baino hiru bider kargu gehiago lortu ditu (153). Laboristak, berriz, %8ra jaitsi dira, eta alderdiko buruak, Eamon Gilmore Irlandako lehen ministrordeak, dimisioa eman du.

FLANDRIA. N-VA, gehien bozkatutakoa

Europako hauteskundeekin batera, legebiltzarrerako eta eskualdeetako bozak ere egin dituzte Belgikan. Behin-behineko datuen arabera, N-VA flandriar independentistek jaso dute boto gehien, Bart de Wever Anberesko alkatea zerrendaburu dutela: parlamentu federalean %26, eta Flandriakoan, %32. Alderdi flandriar guztiek gora egin dute, eta valoniarrek, behera: Elio di Rupo lehen ministroaren alderdi sozialistak botoen %7,5 baino ez ditu jaso parlamentu federalerako bozetan, duela lau urte baino sei puntu gutxiago.

Oraingoan, De Weverek ez du baztertu gobernuburu izatea. Horretarako, ordea, gutxienez lau alderdiko bi koalizio osatu beharko dituzte bi parlamentuetan. Flandriakoan, kristau-demokratak dira bigarren indarra (%20); eskuin muturreko Vlaams Belangek botoak galdu ditu, eta %5 baino ez ditu pilatu. Valoniako parlamentuan, sozialistak izan dira nagusi, duela lau urte baino emaitza kaskarragoa jaso arren. 2010eko hauteskunde federalen ostean, Belgikako parlamentuko alderdiek 541 egun behar izan zituzten gobernua osatzeko, flandriar eta valoniarren arteko desadostasunak zirela medio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.