'Iraultza zerga' eten duela jakinarazi die ETAk enpresaburuei

Enpresaburuen elkarteei igorritako gutun batean, erakunde armatuak adierazi du su-etenaren ondorioa dela erabakia

Alderdi politikoek baikortasunez hartu dute albistea, baina «zuhurtzia» eskatu dute

Jokin Sagarzazu -

2011ko apirilak 29
Iraultza zerga delakoa bertan behera utzi duela iragarriz, ETAk gutun bat igorri die CEN eta Confebask Hego Euskal Herriko enpresaburuen elkarteei. Hala jakinarazi zuen atzo Jose Antonio Sarria CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko presidenteak, Iruñean egindako prentsaurreko batean. Sarriak azaldu duenez, hilaren 26an jaso zuen gutuna. «Hala nahi izanez gero gizarteari oro har, eta enpresaburuei batik bat, iraultza zerga indargabetuta dagoela jakinarazteko eskatu digu ETAk». Sarriak azaldu duenez, gutunaren edukiaren berri eman baino lehen, «ohiko bitartekoen» bidez, benetakoa den egiaztatu dute, eta prentsaurrekoa egin aurretik Elma Saiz Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariari agerraldiaren berri eman diola jakinarazi du. «Gutun honen edukia nabarmen hobea da, aurretik jaso ditugun beste gutunekin konparatuta; horregatik erabaki dugu haren berri ematea», adierazi du Sarriak.

Nolanahi ere, Nafarroako enpresaburuen presidenteak «zuhurtzia eta pazientzia» izateko eskatu du, «ekintza terroristak» aldez aurretik etenda ere askotan ekin baitio ETAk bere jarduerari. «Interes handiarekin hartu dugu hau guztia, zuhurtziarekin. Denborak esango digu hau [iraultza zerga] desagertu den edo ez», gaineratu du.

Confebask EAEko enpresaburuen elkarteko iturriek ere baieztatu egin dute «gisa horretako» gutun bat jaso dutela azken egunetan. ETAren iragarpena «baikorra eta itxaropentsua» dela adierazi dute, baina «zuhurtzia» eskatu dute.

Gernikako Akordioaren eta Bruselako Adierazpenaren sinatzaileen eskaerari erantzunez, ETAk su-eten «orokor, iraunkor eta egiaztagarri» bat iragarri zuen urtarrilaren 10ean. Eskaera horietan, indarkeria ekintza eta mehatxu mota oro bertan behera uzteko eskatu zioten sinatzaileek erakunde armatuari. Sarriak azaldu duenez, berak jaso duen gutunean, ETAk dio indarrean den «su-etenaren ondorioa» dela erabakia.

Hori hala, Nafarroako enpresaburuen elkarteko buruak jakinarazi du joan den urteko urritik ez dutela jaso iraultza zergarekin zerikusirik duen salaketarik. Confebaskeko presidente Miguel Lazpiurrek gauza bera adierazi zuen martxoan jendaurrean egindako zenbait agerralditan. ETAk urtarrilaren 10etik, su-eten iragarri zuenetik, «enpresariak ez mehatxatzeko baldintza» betetzen ari dela ziurtatu zuen hark.

«Terrorismoaren aurkako borrokako» iturriek Efe berri agentziari adierazi diotenez, Espainiako Estatuko Segurtasun Indarrek ere baieztatu egin dute ETAk su-etena iragarri zuenetik ez duela «estortsio gutunik» bidali. Iturri horiek diote ETAk su-eten orokorra iragarri zuenetik orokor hitza «jarduera guztien etete gisa» interpretatu zuela Poliziak. Nolanahi ere, azken hilabeteetan iturri berberek bestelako mezuak zabaldu dituzte.

Iraultza zergarena da, hain zuzen ere, Brian Currin abokatu hegoafrikarrak buru duen Harremanetarako Nazioarteko Taldea azken hilabeteotan lantzen ari den gaietako bat. Nazioarteko adituen taldea atzo iritsi zen Euskal Herrira, eta hainbat agintarirekin, eragile politikorekin eta gizarte eragilerekin bilduko da, martxoan haiei igorritako gutunean aditzera eman zuenez. Gutun horretan, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak jakinarazi zuen, besteak beste, «estortsioa guztiz gelditu den egiaztatzeko prozesu bat» gauzatzen ari dela.

Itxaropen mezuak

Euskal Herriko alderdi politikoak eta instituzioak baikor azaldu dira ETAren iragarpena dela eta. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuarentzat «albiste bikaina» da ETAk iraultza zerga bertan behera utzi duela adieraztea. «Albiste bikaina da, enpresaburuek ez dutelako gehiago jasango ETAren xantaia. Baina ETAk jarduera terrorista betiko utz dezala nahi dugu. Horixe nahi du gizarte honen gehiengo zabal batek», gaineratu du.

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentearen irudiko, gisa horretako iragarpen bat entzunda, baikortasuna eta zuhurtzia «uztartu» behar dira. «Zuhurtzia handiz hartu behar da ETAren erabaki hau, baina pixka bat baikor egon gaitezke. Demokraton batasunaren ondorioz hartu du neurria ETAk»

EAJk ere poztasuna eta zuhurtzia hitzak erabili ditu, eta «behin betiko» amaitzeko eskatu dio erakunde armatuari. «ETAk indarkeria atalka uztea baino, hobe izango litzateke indarkeria mota oro behin betiko bertan behera uztea».

EAEko PPk ere begiz onez hartu du ETAren erabakia. Hala ere, zuhurtzia eskatu du. «Garbi dago ezin dugula txartzat jo. Erabaki hau behin betikoa izan dadin lan egiten segitu behar dugu, terrorismoa bukatzeko. Hori da xedea, eta oraindik gehiago ahalegindu behar dugu», esan du Leopoldo Barreda eledunak.

Gernikako Akordioa sinatu duten indar politikoek, berriz, akordioan jasotako puntuetako bati ETAk erantzun egokia eman diola adierazi dute. Ezker abertzalearentzat, ETAk iraultza zerga «eteteko» harturiko erabakiak agerian uzten du «prozesu demokratikoa bultzatzeko eta konfrontazio armatuko aroa behin betiko gainditzeko konpromiso eta borondatea» duela erakunde armatuak.

EAren irudiko, Euskal Herriaren baketzean pausoak ematen ari dira. «EAk beti salatu du xantaia onartezina dela, eta hori etenda, familia asko lasaiago egongo dira».

Aralarren arabera, «urratsak egiten ari da ETA, eta norabide onean doaz».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna