Kursaaleko agiriaz bilerak egin nahi ditu ezker abertzaleak alderdiekin

Arraizek eta Ugarteburuk azpimarratu dute ona litzatekeela denek autokritika egitea, ezker abertzaleak egin gisaraProiektu politikoa indarrez inposatzea egotzi diete PPri eta PSOEri

Maribi Ugarteburu eta Hasier Arraiz, atzo, Donostian emandako prentsaurrekoan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak igandean Kursaalean aurkeztutako adierazpena ez da ekintza bakan bat. «Azken bi urteetan abian jarririko egitasmo eta eginiko urratsen sekuentzian kokatu behar da», Hasier Arraiz eta Maribi Ugarteburu bozeramaileen esanetan. Horregatik, Konponbide haizea dabil agiriak ibilbidea izatea nahi dute. Hala, bilera erronda bat egingo dute alderdiekin, prozesu demokratikoan bakea eraikitzeko helburuarekin argitara emandako agiria partekatzeko. Agiriaren edukiak azaldu nahi dizkiete alderdi guztiei, ados jarri eta elkarrekin bidea egiteko.

Izan ere, ezker abertzaleak badaki biktimen gaia garrantzitsua dela konponbidean aurrera egiteko. Badaki bidea «luzea eta bizia» izango dela, baita zailtasunak izango direla ere. Baina egin beharrekoa delakoan dago. Eta bide hori ezin dutela bakarrik egin azaldu zuten Arraizek eta Ugarteburuk Donostian emandako prentsaurrekoan. Ezker abertzaleak autokritika egin du biktimekin izandako jarreraren inguruan, baina «alferrikakotzat» jo du hori berak bakarrik egitea: «Gatazka honetan, inor ez da izan begirale huts».

Horregatik, kezkaz hartu dute Egiaren Batzordea osatzeko proposamenari hainbat sektorek egindako kritika: «Zergatik daude batzorde horren aurka? Beldurra al diote egia osoa jakiteari? Susmoa dugu egia osoa jakitearen aurka dauden horiek euren gezurrekin estali nahi dutela gure herriko errealitate gordina: gatazkaren ondorio lazgarrien errealitatea, hau da, ETAren zein beste erakunde armatuen jarduerak eragindako mina, bai eta indar parapolizialek, estatu terrorismoak, errepresioak, erailtzeko politikak, torturek eta tratu txarrek eragindakoak».

Baina, ezker abertzaleak ez dauka dudarik, erabakigarria da gertatutakoari buruz hitz egitea eta haren inguruko egia azaltzea, eta, horretarako, ezinbestekotzat jotzen du Egiaren Batzordea sortzea. Horregatik, ezker abertzalea horretarako prest dagoela berretsi ostean, prestasun berbera edukitzeko eskatu zieten Arraizek eta Ugarteburuk gainerako alderdiei.

«Errespetuz»

Arraizek eta Ugarteburuk gogora ekarri dute aitortu dutela ETAko biktimen inguruan «urteetan izandako sentsibilitate eskasa», eta nabarmendu dute «gatazka luze hau pairatu duten pertsona guztienganako erabateko errespetu eta errekonozimenduz» egin dutela hori, «inoren kontra egin gabe». Horren inguruan eragileetako batzuek erakutsitako jarrera ez zaie gustatu, ordea: «Bitartean, adierazpenaren aurka egiten duten horiek uko egiten diote Euskal Herrian bestelako biktima asko eta asko daudela aitortzeari ere».

Nolanahi ere, ezker abertzaleari adierazgarria iruditu zaio «Euskal Herriko gehiengo politiko eta soziala ordezkatzen duten eragileek» baikor baloratu dutela ezker abertzaleak igandean aurkeztutako adierazpena, «ñabardurak ñabardura».

«Ezetzaren frontea» osatzen duten PPk eta PSOEk bestelako jarrera erakutsi dute, «irakurketa negatiboa» eginaz. Ezker abertzaleak ekarpenak egiten dituen bakoitzean «asaldatu» egiten dira bi alderdi horiek, Arraizek salatu duenez. «Exijentzia berriak» mahai gainean jartzea egotzi diete, baina, beren proiektu politikoa «indarraren bidez inposatzen dutenak» beraiek direla ohartarazi dute. Jarrera hori izatearen arrazoia zein den argi dauka ezker abertzaleak: «Ideia eta proiektu konfrontazio askeko jokaleku demokratiko baten beldur dira». Bi alderdiei egotzi die «eskubide urraketa argudio politiko bakar gisa» erabiltzea.

Nolanahi ere, gogora ekarri dute ezker abertzalearen urratsen hartzaile nagusiak euskal herritarrak eta nazioarteko komunitatea izan direla eta direla. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaie igandeko ekitaldian African National Congress eta Sinn Fein alderdietako kideek parte hartu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.