Euskal ordezkaritza plurala bilduko da Deszentralilzazio ministroarekin

Alaux (PS), Galant (AB), Lasserre (Moem), eta Brisson (UMP) egonen dira, besteak beste, Marylise Lebranchurekin

Euskal lurralde elkargoaren hipotesia aztertzea galdatuko diote ministroari

Jenofa Berhokoirigoin -

2012ko urriak 3
Dezentralizazioaren erreformaren arduradun Marylise Lebranchu ministroarekin biltzeko ordezkaritza plurala eta zabala hautatu du Hautetsien Kontseiluak. Colette Capdevielle (PS), Sylviane Alaux (PS), Frederique Espagnac (PS) eta Jean Jacques Lasserre (Modem) parlamentariez gain, Max Brisson (UMP), Jean-Mixel Galant (AB) hautetsiak eta Jean Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko presidentea joanen dira urriaren 11n Parisera, Ipar Euskal Herriaren gobernantzari buruz eraman gogoeta aurkeztera.

Deszentralizazioaren erreformaren barruan Ipar Euskal Herriari buruzko atal berezi bat izatea galdatzeaz gain, lurralde elkargoaren hipotesia ikertzeko ere eskatuko diote Lebranchuri. Ipar Euskal Herriarentzako den egituraketaz «harago joan beharra» azalduko diote: «Batetik, paisaia instituzional berri bat sortzen ari delako, eta, bestetik, gaur egungo antolaketak mugak ezagutzen dituelako Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketa garrantzitsuei aurre egiteko orduan», Hautetsien Kontseiluaren arabera. Gaur egun, elkarte moduan funtzionatzen du egitura horrek, baina euskal lurralde elkargoaren proposamena zehazki aztertzen dabil, Pays egituren desagerpena dela-eta Hautetsien Kontseilua eta Garapen Kontseiluaren geroa zalantzan delako. Proposamena iragan irailaren 6ko biltzar nagusian adosturik, Parisera eraman zuten, Senatuan azter dezaten. Proposamenarekin bat egiten du Hautetsien Kontseiluko %75ek. Hain zuzen, 72 kidek osatzen dute elkartea, baina 58k dute haien postura argitzea onartu, eta horietan 45 dira alde agertu.

Lebranchu Miarritzen, bihar

Euskal ordezkaritzarekin elkartu bitartean, bihar egonen da Lebranchu Miarritzen (Lapurdi), herri eta hiri elkargoen 23. topaketen kari. Lurralde berrantolaketaz eginen den eztabaidaren bukaerako hitzartzea eskainiko du Gare du Midi deitu gunean. Nahiz Euskal Herrian izan, ez da ezagupen instituzionalaz hitz egiteko hitzordua izanen, haatik. Alderdi abertzaleek jakinarazi dutenez, ez dute bertaratzeko gomitarik ukan, eta Batera plataformak ez dio hitzordurik galdatu. Cecile Duflot Lurraldeen berdintasunaren ministroa ere bertan egonen da etzi, tokiko ekimen publikoei buruzko eztabaidan parte hartzen.

Mintegia bihar eta etzi

Deszentralizazioaren III. Akta marrazteko bidean, pauso berria emanen dute Parisen ere, tokiko demokraziari buruzko mintegiaren kari. Irailaren 13an Baionan egin zen gisara, departamendu anitzetan berrantolaketari buruzko hausnarketa eraman ondoan, Senatuan eginen dute ariketa bihar eta etzi. Egiten ari diren urrats horieta guztietan Euskal Herriaren xedea entzuna izatea nahi du Hautetsien Kontseiluak.

Ezagupen instituzionala lortzeko «aukera historikoa» ikusten badu ere, zaila izanen dela argi du Hautetsien Kontseiluak. «Hori lortzeko, zinez konbentzigarriak eta borrokalariak izan beharko dugu; elkartasun handia beharko dugu gure a0rtean, ez delako erraza izango... Erraza izatea ezinezkoa da», egituraren presidentearen hitzetan. Izan hautetsi edota herritar xume, guztiek eskaera bera entzunarazi beharra daukatela diote parlamentariek. «Elkartasuna beharko dugu ukan gure artean, diskurtso bera eraman beharko dugu guk Parisen, eta hautetsi eta eragileek hemen», dio Capdeviellek.

Horren haritik egin zen urratsa larunbatean, Batera plataformak antolatu jardunaldietan. Ezkerretik eskuinera, ideologia abertzale oro barne, 300 lagunek berretsi zuten orduan lurralde elkargoaren sortzeko beharra. 2015erako elkargoa gauzatzea galdatu zioten Frantziako gobernuari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna