EAJrekin akordioak egiteko aukera badagoela diote EH Bilduk eta PSEk

Mintegi seguru azaldu da bilerek aurrera egin eta ados jarriko direla; Pastorrek dio gaiak sakondu behar dituztela oraindikPPren ordezkariekin eta UPDko kideekin bilduko da gaur ordezkaritza jeltzalea

EH Bilduko eta EAJko ordezkariak, Mintegi eta Urkullu buru zituztela, atzo, Sabin Etxean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Akordioetarako aukera egon daiteke; baina erabakiak hartzeko, proposamenen zehaztasunen berri jakin behar da. EH Bilduk eta PSE-EEk bat egin dute EAJrekin izan dituzten bileren ondoren egindako lehen balorazio horietan. Baita Sabin Etxean eman eta jaso duten jarreraren inguruan ere. EH Bildu akordioetarako borondatearekin joan dela azaldu du Laura Mintegik. Jose Antonio Pastorrek, PSE-EEren «jarrera eraikitzailea» nabarmendu du. Bilerak giro adeitsuan egin direla esan dute bai batak eta bai besteak. Hemendik aurrerakoari dagokionez, EH Bildu baikorrago agertu da PSE-EE baino. Atzoko bilera «emankorra» izan zen Mintegirentzat, akordioak erdiesteko bidean etorriko diren hurrengoen lehenengoa. Pastorrek, berriz, adierazi du bilera gehiago egongo diren edo ez zehazteke dagoela.

Sabin Etxeko karpeta horiak

Sabin Etxearen barruan hitz egin du Mintegi lehendakarigaiak, ordu eta laurdeneko bilera amaitu duenean, EH Bilduren ordezkaritza osatu duten Pello Urizar eta Hasier Arraiz atzean dituela. Egoitzaren beheko solairuan aritu da; Sabino Arana zenaren idazmahaia eta altzairuak ikusgaidauden gunean. Karpeta horia dute eskuan koalizioaren ordezkari guztiek, zeinak EAJk aurkeztutako gidoia gordetzen duen.

Pastor ere karpeta berdinarekin atera da Sabin Etxetik, prentsa arduradunaren laguntzarekin. Haiekin PSE-EEren ordezkaritza osatu dute Patxi Lopez jarduneko lehendakari eta lehendakarigaia, Txarli Prieto eta Iñaki Arriola, baina horiek ez dira jarri hedabideen aurrean. Balorazioa, beraz, ez du lehendakarigai eta PSE-EEren idazkari nagusiak egin, alderdiko bozeramaileak baizik. Hiru ordu laurdeneko bileraren ondoren, ez du EAJren egoitza erabili nahi izan balorazioa egiteko, eta kalean egin ditu adierazpenak. Mintegiren adierazpenak bezala, Pastorrenak ere adi jarraitu ditu EAJren prentsa arduradun batek.

Hauteskundeak irabazi ondoren, Eusko Jaurlaritza osatzeari begira EAJk hasitako bilera sailaren lehen saioak izan ziren atzokoak. Bozetan bigarren geratu den indarra hartu zuen lehenik EAJk, 10:00etan. Bost bat minutu lehenago iritsi zen EH Bilduren ordezkaritza Sabin Etxera, eta sarreran egin zien harrera EBBren idazkari Pilar Garcia Salazarrek. Elkarrekin igo ziren Iñigo Urkullu, Joseba Egibar eta Koldo Mediavilla zain zeuden bilera gelara.

«Oso giro onean joan da bilera», jakinarazi zuen Mintegik batzar gelatik ateratakoan. Atzo EAJk proposamenaren «aurkezpen orokorra» egin zuela azaldu zuen, eta proposamena «garatuta» gaur jasotzea espero duten arren, elkarguneak badituztela; gai batzuetan adostasunak lortuko dituztela uste duela. «Ikusten dugu badagoela sakontzea hainbat puntutan, eta, lehenengo begirada batean, adostasun zabalak egon daitezkeela». Hortaz, Mintegiren esanetan, bai EH Bilduk bai EAJk argi daukate atzokoa «bilera saio baten lehena» izango dela: «Modu sistematiko eta egonkorrean biltzeko asmoa dugu bi aldeek».

Alor batzuetan adostasun handiagoak dituztela aitortu du lehendakarigaiak. Beste gai batzuetan zailagoa izango dela akordioa iristea, baina, horietan ere, adostasuna iritsi nahi dutela. «Uste dugu gatazkaren ondorioei dagozkien gaietan, esate baterako, errazago lor dezakegula adostasuna», azaldu du Mintegik. Bi indarrek «antzeko balorazioa» egin dezaketela dio, eta, helburuetan bat etorrita, baliabideen inguruko akordioa lortzea baino ez da izango: «Helburuetara heltzeko nolako pausoak eman eta nolako tresnak erabiliko ditugun». Hain zuzen, Mintegik azaldu duenez, EAJ eta EH Bildu bat etorri dira «gatazka politikoari eta horren ondorioei amaiera justua eta zabala» eman behar zaiola, eta ildo horretan ahalegina egiteko prest azaldu dira biak ere.

Ahaleginerako prest

Beste alor batzuetan handiagoak dira bi indar politikoen arteko desadostasunak. «Horrek ahalegin handiagoa eskatuko digu bi aldeei, beharrezkoa den adostasuna lortzeko», azaldu du EH Bildukoak. Gai sozioekonomikoetan daude urrutien elkarrengandik. Zailtasunik handienak bertan ikusten ditu, bien programak desberdinak baitira «oinarritik». Hala ere, bi indar politikoek elkarguneetara iristeko ahalegina egin nahi dutela azaldu du Mintegik.

Horixe da baikorrena haren ustez: akordioak lortzeko jarrera. «Bi indar politikoen aldetik dago elkarlanean aritzeko jarrera euskal gizartearen arazoei konponbidea emateko». Hori, gainera, indar politiko guztiekin egin behar dela uste dute. Eta legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin ez ezik, parlamentutik kanpoko gizarte eragileekin ere egin behar dela elkarlan hori. Horiek hala, «oso legealdi interesgarria» izango dela uste du Mintegik, «herri honek dituen beharrizan sakonei konponbidea emateko adostasun zabalak» egiteko prestasuna ikusten baitu.

Oztoporik gabe lehendakari

Iñigo Urkullu lehendakari izan dadin oztoporik ez duela jarriko azaldu du EH Bilduko legebiltzarkideak, «hauteskundeetan babes handiena jaso duena izan delako». Hala ere, koalizioak ez du oraindik erabaki inbestidura saioan Mintegiren hautagaitza aurkeztuko duen.

PSE-EEk ere ez du oztopatuko Urkullu lehendakari hautatzea, «argi eta garbi, hauteskundeetako garailea» izan delako. Patxi Lopezen hautagaitza ez duela aurkeztuko ere azaldu du, eta, gainera, Jaurlaritza eskuz aldatzeko tramiteak arindu eta erraztuko dituela.

Hortik aurrerako erabakirik ez duela hartu azaldu du Pastorrek. EAJk «akordio orokorretarako gidoi orokorra» azaldu diela eta orokortasun horretan ados egotea erraza dela, baina zehaztasunak ezagutu behar direla bien artean zer-nolako bat etortze edo desadostasunak dauden jakiteko. Hortaz, atzokoa «lehen kontaktu» gisa hartu du, eta zehaztasunak jaso eta aztertu zain geratu da akordiorik egongo den eta beraz bilera txanda bati ekingo dion edo ez erabakitzeko.

Edozein modutan, «lerro gorriak» gaindiezinak izango direla abisu eman du PSE-EEren bozeramaileak: politika sozialak mantentzea, zerga politika aldatzea eta ekonomiaren berpiztea sustatzea ezinbestekoa izango dela akordioei begirako edozein saio hasteko. Hala ere, ekonomiaren eta bakegintzaren inguruan «borroka politikoetatik kanpo» egongo diren adostasun zabalak beharrezko diren ustea plazaratu du.

Gaur, PPren ordezkariekin bilduko dira EAJrenak, 10:00etan, eta UPDko kideekin 12:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.