Fernandez Iradiren kontrako euroagindua onartu du Pauek, eta beste bi atzeratu

Jokin Aranalderen eta Aitor Zubillagaren euroaginduei buruz erabaki aitzin, informazio gehiago eskatu du auzitegiakEuroaginduak eteteko elkarretaratzea egin dute Frantziaren kontsuletxearen aurrean

Hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalek elkarretaratzea egin zuten atzo, Bilbon, Frantziaren kontsuletxearen aurrean. L. JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Jenofa Berhokoirigoin, Asier Garcia Uribarri
Baiona<br /><br />Bilbo
2013ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren aurkako bi euroaginduak onartu egin ditu Frantziako Justiziak, hainbat eragilek Frantziari euroaginduak gelditzeko eskatu dion egun berean. Bilbon elkarretaratzea egin zuten eragile politiko, sindikal eta sozialek, Frantziaren kontsuletxearen aurrean, eta Paueko Auzitegiak Fernandez Iradi Espainiaratzeko erabakiaren berri eman zuen. Jokin Aranalde eta Aitor Zubillaga iheslarien kontrako euroagindu eskaerei buruzko erabakia ere atzo zen ematekoa auzitegia, baina haiei buruz erabakitzeko informazio gehiago eskatu zuen.

Espainiaratua izan aitzin, Frantzian beharko du bete bere zigorra Fernandez Iradik. Hogeita hamar urteko kondena betetzen ari da. Epaileak ez zuen, beraz, presoaren abokatuaren eskaera onartu. Presoak esklerosi anizkoitza duela ikusirik, Espainiaratzea ez onartzea galdegin zion. Jaiki Hadik, Etxerat-ek eta Herrira-k behin baino gehiagotan salatu dute Fernandez Iradiren kartzelan mantentzea.

Aranalde eta Zubillaga iheslarien aurkako euroaginduak, bestalde, berriz aztertuko dituzte irailaren 10ean Paueko Auzitegian. Hain zuzen, Espainiaratze eskaerak nahiko argiak ez zirela ondorioztaturik, informazio gehiago eskatu du epaileak. Hamar egun ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak informazioa igortzeko. Erabakia «gutxienekoa» dela zion barda Amaia Rekarte iheslarien abokatuak. «Bake prozesuaren garapenerako oztopo diren euroagindu horiek ez aplikatzeko» eskatu dio Bake Bideak epaileari.

Aranalderi leporatua zaionaren kokapen geografikoa jakinarazteaz gain, haren ardura heina zehaztea ere galdetu dio epaileak Espainiako Justiziari. «Guk argiki ohartarazi genuen zehazki leporatua zaiona zer den ez zekiela Jokinek», Rekarteren hitzetan. Zubillagari doakionez, 2008. urteko euroagindua komunikatzeko eskatu dio epaileak Espainiako Auzitegi Nazionalari. Hain zuzen, ekainaren 26an atxilotzerakoan 2008ko euroagindu bat jakinarazi zioten, baina auzitegiari 2013ko bat komunikatu zioten. Hots, 2013koa aztertu zuten asteartean, baina hori jakinarazi gabe.

Huts juridiko horiek ikusirik, euroaginduak ez onartzea edo Espainiako Justiziari informazio gehiago eskatzea galdetu zioten Rekarte eta Maritxu Paulus Basurko abokatuek epaileari. Prokuradoreak, berriz, Espainiaratzeak onartzea edo informazio gehiago eskatzea nahi zuen.

Iragan asteartean aztertu zituzten Aranalde, Zubillaga, Fernandez Iradi eta Beñat Atorrasagastiren Espainiaratze eskaerak. Azken horri doakionez, forma akatsak atzemanik, ez du eskaera onartu epaileak.

Elkarretaratzea Bilbon

Errepresioarekin bukatu, bake prozesua abian pankarta lelodunaren atzean bildu ziren atzo dozenaka lagun Frantziaren kontsuletxearen aurrean, Bilbon. Lelo berarekin larunbatean manifestazioa izango da Baionan, eta parte hartzera deitu zituzten herritarrak. Iheslarien aurkako atxiloketak salatzeko eta bake prozesuarekin bat egiteko eskatzeko elkartu ziren, besteak beste, Pernando Barrena Sortuko bozeramailea, Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusia, Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkidea, Joseba Gezuraga EAko ordezkaria eta Sonia Gonzalez LABeko kidea.

Gonzalezek Frantziari eskatu zion Espainiako Estatuak agintzen dion estrategia errepresibotik aldentzeko: «Frantziak ezin dio ez ikusiarena egin gatazkaren konponbideari». Gogora ekarri zuen Frantzia euskal gatazka politikoaren parte dela eta gatazkaren konponbidean duen erantzukizuna onartu behar duela.

Iheslarien atxiloketak «bereziki larriak» dira, Gonzalezen iritziz: «Hirurek bizimodu erabat normala eta publikoa egiten zuten». Gonzalezen ustez, Frantziak iheslariek plazaratu zuten ekarpenaren inguruan duen «erantzun zuzena» dira atxiloketa horiek.

Bilbon bildutako eragileek deia egin dute Bake Bideak larunbatean euroaginduen kontra Baionan antolatu duen manifestaziorako. Manifestazioa 16:00etan abiatuko da Euskaldunen plazatik. Dozenaka eragilek egin dute bat deialdiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.