Bakea lortzeko bidea elkarrizketa dela nabarmendu du Bidetik-ek

«Biktimenganako errespetua» eskatu du Bidetik fundazioak, Joxe Mari Korta ETAk hil zuela hamahiru urte pasatu direlaJoxean Agirre bertan izaki, Sortu lehen aldiz joan da ETAren biktimen omenaldi batera

Omenaldira bertaratutakoak txaloka, Zumaian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2013ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
«Bakezko bizikidetza eraikitzeko bide bakarra elkarrizketa da». Horixe adierazi zuen argi Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak, atzo, Joxe Mari Kortaren omenez antolaturiko ekitaldian. Atzo hamahiru urte bete ziren Joxe Mari Korta Adegiko presidente zena ETAk hil zuela, Zumaian (Gipuzkoa). Herri horretanbertan egin zuten agerraldia Bidetik-eko kide Andoitz Kortak —Joxe Mari Kortaren semea—, Jexux Mari Mujikak eta Jesus Alberdik, eta honakoa azpimarratu zuten bizikidetza baketsu bat lortzeko bidean: «Bakea eraiki nahi duten guztiekin hitz egin behar da, nahiz eta mingarri gertatu inoiz».

Eguerdiko hamabiak jotzeko hamabost bat minutu falta ziren, eta jendez betetzen hasi zenJoxe Mari Korta industrialdea. Kortaren argazkia eta lore sorta bilakatu ziren poligonoarenepizentro, eta horren inguruan Kortaren familia ezartzen hasi zen, baita lagun eta lurraldeko ordezkari politikoak ere. EAJko Joseba Egibar, Bakartxo Tejeria eta Markel Olano izan ziren iristen lehenetakoak, Pello Gibelalde Adegiko presidentearekin batera. Geroxeago azaldu ziren Sortuko Joxean Agirre, EAko Pello Urizar eta Aralarreko Rebeka Ubera, besteak beste. Aurreko egunean jakin zen Sortuk ere omenaldian parte hartuko zuela; ETAren biktimen omenaldi batera joaten den lehen aldia da. Hori hala,laster zituen kamerak gainean Agirrek, baina, hala eta guztiz ere, ez zuen agertu izanaren inguruan adierazpenik egin nahiizan.

Aipaturikoez gain, honakoak ere izan ziren omenaldian: Iñaki Agirrezabala Zumaiako alkatea, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenarako eta Lehiakortasunerako sailburua, Marina Bidasoro Gipuzkoako Diputazioko Giza Eskubide eta Memoria Historikoaren zuzendaria, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta Gorka Maneiro UPDren EAEko bozeramailea. Egun erdia iritsi zenerako berrehun bat pertsona inguru bildu ziren Kortaren enpresaren atarian. Orratzak erdian zeudelarik eman zitzaion hasiera hamar minutuko isiluneari. Gitarra joleen doinua etorri zen ondotik, eta txalo zaparradak biribildu zuen ekitaldia.

Lore eskaintzaren aurretik, hamaikak eta laurden inguruan, Jexux Mari Mujikak adierazpena egin zuen, euskaraz. Hamar puntutan zatituriko dokumentua azaldu zuen. Lehenik adierazi zuen 2011ko urrian ETAk iragarritako jardun armatuaren behin betiko etena berri pozgarri zein mingarria egin zitzaiela. «Pozgarria, bizikidetza bakezkoaren alde gaudelako», esan zuen. Mingarria, berriz, «ETAk berak eragindako biktimekiko inolako errespetu eta begirunerik agertzen ez zuen adierazpena zelako». «Egiazko memoria lantzeko hori ez da inola ere bidea», erantsi zuen.

Bizikidetza baketsu baten bidean, gizarte zibilaren egitekoa azpimarratu zuen Mujikak. «Eginkizun zail horretan gizarte zibil osoak hartu behar du parte, baita biktimek eta horien ingurukoek ere». Hori esanik, Bidetik ere prozesu horretan laguntzeko prest zegoela onartu zuen.

Gizartea, ordea, «degradazio moralera gehiegi ohitu» dela iritzi zion, eta eskatu zuen «azkar eta garbi» barneratu behar duela ez daitekeela onartu indarkeria politikoki justifikatzea. Mujikak argudiatu zuen «politikoki justifikatu nahi izan den indarkeriaren inguruan jarrerarik ez hartzea eta isilik gelditzea injustiziaren konplize bilakatzen da ezinbestez».

«Bizikidetza lortzeko bidean ez ditugu gogoko genituzkeen maximo etikoak —damua, barkazio eskea...— exijituko, baina inoiz eta inola ere ez dugu onartuko hilketak gertakizun triste baina ezinbesteko bezala agertu nahi duen ikuspegi edo adierazpenik», esan zuen Mujikak. Horrela, gehitu zuen ETAren hilketak «injustiziazko erailketak» izan zirela publikoki aitortzeko exijituko dutela. Aitorpen hori baita, euren aburuz, «biktimekiko errespetuaren hasierako eta oinarrizko baldintza».

«Egiazko nahiaren beharra» ere nabarmendu zuen Mujikak. Bakegintzan aritzeko, nahia ez ezik, zintzotasuna eta zuhurtzia ezinbestekotzat jo zituen. «Gorrotoa eta mendekuari uko eginez eguneroko jokabideetan bakea zaildu ordez, bakea egiten saiatu behar da», zioen, «ez baitago biderik, bidea bera da bakea».

Azkenik, «harrokeria eza» izan zen Bidetik-en agerraldian gailendu zen beste ideia: pausoak ondo eta azkar ematea garrantzizkoa dela baina «harrokeriak» ez duela inongo tokirik. Bakea nork ekarri duen eta horren ondorioz, irabazleak zeintzuk diren nabarmentzen jardutea «sobera» dagoela adierazi zuten. Alderdi politikoentzako mezua izan zen hori, eta gaineratu zuten «interes alderdikoietatik kanpo» dauden ikuspegiekin jokatzeko prest egon behar duela bakearen alde egin nahi duen alderdi orok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.