Aranalderen aurkako euroagindua onartu du Pauek; Zubillagarena, ez

Aranalderen defentsak hiru eguneko epea du erabakiaren aurkako helegitea ezartzeko; Aranalde epailearen kontrolpean egonen daZubillagaren aurkako eskaria ez du onartu epaileak, prozeduran akatsak zituelako

Bake Bideak uztailean antolaturiko manifestazioa. Ezkerretik hasita, pankartari eusten, Aitor Zubillaga, Beñat Atorrasagasti eta Jokin Aranalde. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Paueko Dei Auzitegiak onartu egin zuen atzo Jokin Aranalde Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaidearen aurkako euroagindu eskaria. Ordea, bertan behera utzi zuen Aitor Zubillagaren aurkako eskaria, Espainiak egindako euroagindu eskarian zeuden formazko akatsak argudiaturik. Epaiaren ondotik, Aranalderen defentsak hiru eguneko epea dauka helegitea ezartzeko Kasazio Auzitegian.

Frantziako Poliziak ekainaren 24an atxilotu zuen Aranalde Heletan (Lapurdi) EIPK-k ekainaren 15ean egindako Herria Dugu Arnas ekitaldiaren ondotik. Aitzineko astean kolektiboak mintzaidetza aurkeztu zuen. Hamalau kidek osatzen dute, eta Aranalde da horietariko bat. ETArentzako militanteak lortzea leporatzen zion Espainiak. Frantzia eta Espainia demokraziak direla argudiaturik, Europaren barruan kideei konfiantza egin behar zaiela azalduz, euroagindua onartzearen alde ebatzi zuen prokuradoreak. Epaileak prokuradorearen iritziaren alde ebatzi du, baztertuz Espainiari informazio gehiago eskatzea.

Aranalderen abokatuak, Amaia Errekartek, eskariari uko egiteko arrazoi sendoak zeudela berretsi du, eta horretan oinarrituko du ebazpenaren aurkako helegitea. Idatziz jaso du epailearen ebazpena. «Epaileak dio ezin dela sartu Aranalderi leporatzen zaizkion salaketen mamian, eta formetan oinarriturik ez duela akatsik ikusten eskaria ez onartzeko», jakinarazi du Errekartek.

Auzian egindako oharra errepikatu du Errekartek. Espainiako justiziak ETAn bi pertsona sartzea leporatzen zion Aranalderi, eta bat Aranalderen alaba da. Sekula ez du deklaratu Poliziaren aitzinean, eta ezinezkoa litzateke onartzea Poliziaren salaketa. Beste pertsonak, berriz, atxilotu zutenean deklaratu zuen bertze pertsona baten bidez sartu zela ETAn, eta prozeduran azaltzen da haren izena. Defentsaren iritziz, horrek berak frogatzen du Aranalderen aurkako salaketak ez duela oinarri judizialik.

Aranaldek berak jakinarazi zion epaileari Espainiako Poliziak hiru aldiz atxilotu eta torturatu zuela, 1967an, 1968an eta 2002an. Bortitzena azken hura izen zela jakinarazi zion. «Espainiako polizia etxeetan torturaren eta tratu txarren erabilpena ohikoa da, sistematikoa», erran zion epaileari. Patrick Baudoin Parisko abokatu eta Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioko presidenteak ere hartu zuen Aranalderen defentsa auzian. Epaileari erran zion bazuela aski elementu euroaginduaren aurka egiteko eta ez bihurtzeko torturaren konplize.

Aranalde Ipar Euskal Herrian bizi da 2002tik. Bertan du familia. Espainiaratuz gero, Aranalderen familia eskubidea urratuko zuela jakinarazi zion Errekaldek epaileari. Epaileak ez du aintzat hartu defentsaren argudioa.

Abokatuen iritziz, erabakia larria da; batetik, kolektiboaren mintzaide delako Aranalde eta, bestetik, epaileak arrazoi juridiko sendoak zituelako eskaria ez onartzeko. Defentsak epaiketan pausatu dituen elementuak aintzat har zitzakeen epaileak, baina ez du bide hori hartu.

Helegitea eginen du defentsak, baina euroagindu eskariarekin bezala, Paueko Kasazio Auzitegiak ezin du euroaginduaren oinarria sakon aztertu. Bakarrik formetan akatsen bat ote dagoen deliberatzea da haren eskumena. Ebazpena jakinarazi arte, hilabete ukanen du Kasazio Auzitegiak. Bitartean, epaileak libre atxiki dezake Aranalde. Oraingoz horrela dago, libre epailearen kontrolpean.

Zubillaga libre gelditu da, euroaginduak forma akats bat zeukalako. Zubillagaren aurkako euroagindua 2008koa zen, eta Espainiako Poliziak helarazi zuena 2013koa. Hori zuzentzeko edo argitzeko eskatu zien epaileak, baina Espainiak agindu horren frantsesezko itzulpena igorri zuen, jatorrian gaztelaniaz egindakoa igorri gabe.

«Paueko Dei Auzitegiak Espaniako justiziaren manua aplikatzen duela salatzen dugu, euroagindu horien aplikatzea Euskal Herrian bake prozesu baten planteatzeari oztopo bat ezartzea bezala baita», jakinarazi du Bake Bideak. Gogoratu du euroagindu eskarien oinarrian arrazoi politikoak daudela. Azken 50 urteotan pairatu den gatazka armatuaren orria gainditzeko proposamena egin du ETAk, eta bide horretatik, konponbidea eraikitzeko aukera errealak daudela nabarmendu du Bake Bideak.

Frantziaren erantzukizuna

Ekainaren 15ean iheslariek Miarritzen egindako Herria Dugu Arnas ekitaldia borondate horren adierazle dela adierazi du. «Iheslariek bake prozesuan engaiatzeko borondatea plazaratu zuten, eta horren barne, beren egoerari erantzuteko bide orriaren aurkezpena egin zuten». Frantziako Justiziari eskari zuzena egiten dio Bake Bideak, gaur egungo testuinguruan duen eginkizunaz jabetzeko eta kontuan har dezala konponbidea eraikitzeko bidean.

Adierazpena plazaratzeaz gain, Bake Bideak jakinarazi du ondoko egunotan juridikoki aztertuko dutela epailearen ebazpena. Horren ondotik, ez du baztertu gogoeta fase bat hastea eta mobilizazioak bultzatzea gizarte eragileekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.