Alkateen Nazioarteko Konferentzia

«Biktima guztiak» aintzat hartuta hasi dute alkateen konferentzia

Gaur amaituko da bakearen alde udalek lana nola egin aztertzeko Donostian egiten ari diren Alkateen Nazioarteko Konferentzia«Biktima guztien alde» minutu bateko isilunea egin dute Izagirrek berak eskatuta

Juan Karlos Izagirre eta Vicente Zaragueta, Konferentziako parte hartzaileei harrera egiten. A. CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2013ko urriaren 11
00:00
Entzun
«Oinarrietatik» egin behar da bakea. «Bizikidetza herritarrek egin behar dute». Hala uste du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak. Herritarrengandik gertuen dauden erakundeak udalak direla kontuan hartuta, seguru dago lan handia egin dezaketela. «Enpatiak eta konfiantzak eraiki behar dira». Bereziki abegitsu azaldu da biktimekin, «biktima guztiekin, eta bereziki Donostian izan direnekin», bertakoa delako. Alkateen Nazioarteko Konferentziako harrera hitzaldian, minutu batean isilik egotera deitu zituen bildutakoak, eta halaxe egin zuten. «Oroimena, aitorpena eta justizia behar dute biktima guztiek».

Elkarrengandik ikasteko, Alkateen Nazioarteko Konferentzia egiten ari dira Donostian, Aieteko Bakearen Etxean. «Irakaspenak atera eta ekarpen berriak egiteko da konferentzia hau. Denok dauzkagu ekarpenak eta denok daukagu zerbait ikasteko», esan zuen Izagirrek. Nazioarteko hainbat alkate ez ezik, Euskal Herriko ordezkaritza ere bazen, PP ez beste alderdi guztietakoa. Esate baterako, Jose Antonio Santano Irungo alkatea joan zen PSE-EEtik; Alfredo Etxeberria Elgoibarkoa EAJtik; eta Julen Mendoza, Errenteriakoa, Bildutik. Eneko Goia jeltzalea, Pernando Barrena zein Joxean Agirre Sortukoak, Xabi Soto Alternatibakoa eta Maite Sarasua Aralarrekoa ere han ziren. Olatz Arozena LABeko zuzendaritzako kidea, Xabi Anza ELAkoa, Pako Etxeberria auzi medikua, Paul Rios Lokarriko bozeramailea eta Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria ere bai. Eta haien artean, Gipuzkoako Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak: Martin Garitano ahaldun nagusia eta Lohitzune Txarola aldunditik, eta Monika Hernando Giza Eskubideetako zuzendaria Jaurlaritzatik.

Juan Karlos Izagirrek eta Vicente Zaragueta konferentziako ohorezko kideak egin zieten ongietorria guztiei. Bereziki arretatsu nazioartetik etorritakoeei. David Bieter Boiseko alkatea, Mairtin O Muilleoir Belfastekoa, Abdalah Saleh Daninizid al-Shakiakoa (Palestina), Salek Pabba Saharako Wilayako gobernadorea, Horacio Javier Rios Rosarioko alkatea, Enrique Jose Armas Managuakoa, Carlos Villan Duran Giza Eskubideetarako Nazioarteko Zuzenbideko Espainiako Elkarteko lehendakaria, David Newton Conciliation Resourceseko lehendakaria, Pat Colgan Peace Programekoa eta Michel Cibot Bakearen Aldeko Alkateak elkarteko kidea.

Hain justu, erakunde horren helburu eta egitekoak azaldu zituen Cibotek. Ohartarazi zuen bakean aurrera egiteko beharrezkoa dela «borondatezko indar handi bat». Inor ez dagoela erabat prestatuta bide horretarako, baina, prestakuntzen gainetik borondatea dela ezinbesteko tresna.

Garitano: «Bakeari gerra»

Guztiek dakite bakea ez dela lortzeko erraza, eta gutxiago, Martin Garitanoren arabera, «bakeari gerra» deklaratzen dioten sektoreak baldin badaude. Nolanahi ere, eta oztopoak oztopo, bakeak bere bidea egingo duela ohartarazi zuen Gipuzkoako ahaldun nagusiak; gatazkaren gogorra «oso gertutik» bizi ostean, «bake egarri izugarriz» dagoela Gipuzkoako gizartea; eta alkateak herriz herri euren aletxoa jartzen ari direla bakeak bide hori egiteko.

Etorkizunaz ere mintzatu zen Monika Hernando, Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria. Geroa ezin dela «ezer gertatu ez balitz bezala» eraiki nabarmendu zuen. «Egia, justizia eta erreparazioa» beharrezkotzat jo zituen, eta biktimak ez direla baztertu behar azpimarratu zuen; «ezta parekatu ere». Hernandok uste du udalek ere lan handia dutela adiskidetzea eta elkarbizitza lortzeko, eta halaxe egiteko dei egin zien bildutako ordezkariei.

Hiroshimako alkate eta Bakearen Aldeko Alkateen presidente Matsui Kazumik, berriz, bideo bidez helarazi zuen mezu bat. Japoniako hiriak 1945ean jasandako eraso nuklearra gogora ekarri, eta konferentzia antolatu izana txalotu zuen: «Elkarrekin lan eginez gero, ziur nago gure helburua lortu ahal izango dugula».

Hitzaldi guztietan izan zituzten biktimak gogoan, baina, biktimen elkarte batzuek liskar iturritzat hartu zuten konferentzia. Coviteko kideak Aieteraino joan ziren, han zirenei gutun bat helaraztera. Alderdi Ederren elkarretaratzea egin zuen Biktimen Foro Lokalak, eta Bilduk «isilarazi» egin nahi dituela salatu zuen. Biktimen aldeko keinuak eskatu zituzten, Donostiako alkateak deituta konferentzian biktimen alde minutu bat isilik egon zirenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.