'Parot doktrina' eraitsita. Epaiaren eragina

Zigor Sala eta defentsa bat datoz: epaia denei aplikatu behar zaie

Estrasburgoren epaia Del Riori ez ezik haren egoera berean dauden presoei «berehala» aplikatu behar zaiela dio defentsako taldeakEpaia ez betetzea «Europatik aldentzea» dela dio Espainiako Auzitegi Nazionalak

Marc Muller, Didier Rouget eta Michael Ivers abokatuak, atzo, Donostian emandako prentsaurrekoan. JUAN CARLOS RUIS / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2013ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Espainiaren «barne arazoetan» sartzeko batere intentziorik gabe azaldu da Marc Muller. Parot doktrinaren auzia politikatik bereizi egin behar zela nabarmendu zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegian Ines del Rioren defentsa egin zuenean, eta halaxe egin du auzia irabazi eta gero ere. Eskubide kontua dela azpimarratu, eta Del Rioren defentsa egiterakoan Estrasburgoko Auzitegian egindako hitzak errepikatu zituen atzo Donostian: «Auzia oso sinplea da politikatik biluztuz gero». Epaia argia dela azpimarratu zuen eta ohartarazi zuen 114. paragrafoan argi esaten dela Del Rioren egoera berberean dauden preso guztiei aplikatu behar zaiela. Beraz, Del Rio «ahalik eta azkarren» askatzeko agindu zuela kontuan hartuta, gainerakoan ere «ahalik eta azkarren» askatu behar direla uste du.

Interpretazio hori ez da berea bakarrik. Amaia Izkok argi esan zuen atzo astebete, Estrasburgok epaia kaleratu zuen egunean, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ere idatzi zuen ostiralean Juan Manuel Piriz kaleratzeko erabakia argudiatzeko atera zuen autoan. Honela dio atzo publiko egin zen autoak: «Epaiak aplikazio orokorra dakar Del Rioren egoera antzekoan dauden preso guztientzat». Gainera, epaia ez betetzea «Europatik eta bere zibilizazioaren zentzutik urruntzea» dela dio Jose Ricardo de Prada epaileak idatzi eta Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako 17 epailetatik 16k sinatutako autoak.

Joan zen astelehenean 56 euskal preso zeuden Del Rioren egoera berean, Amaia Izkoren arabera. Alegia, 56 ziren doktrina aplikatuta preso zeudenak, eta aplikatu aurretik jarritako irteera data gaindituta. Orain, Del Rio, Piriz eta Antton Troitiño kenduta—azken hori Londresen preso dago oraindik, nahiz eta baldintzapeko askatasuna onartu dioten— 53 gelditzen dira egoera horretan. Kasu horietako 30 Estrasburgoko Auzitegian daude, Espainiako auzitegietako ibilbidea agortuta hara iritsita. Beste kasu gehienak Auzitegi Nazionalean daude, nahiz eta Auzitegi Gorenean eta Konstituzionalean ere badauden kasu batzuk.

Del Rioren abokatu taldeak ez dauka zalantzarik: Auzitegi Nazionalean dago doktrinaren sorburua, hark aplikatu die preso horiei guztiei, eta hari dagokio bertan behera uztea ere. Estrasburgok 30 kasu horiek esku artean hartu zain egon gabe askatu behar lituzke Espainiak preso horiek, abokatu taldearen esanetan.

Mullerrek ez ezik Michael Iversek, Didier Rougetek, Amaia Izkok, Urko Aiartzaketa Sudhashu Swaroopek osatzen dute defentsa taldea. Azken hori ez beste guztiak izan ziren atzo Donostiako agerraldian. Epaiak aplikazio orokorra behar duela ulertzen dute, zalantzarik gabe. Eta 114.paragrafoan dago horretarako gako bat. «Egoera berdinean dauden beste pertsonak» aipatzen dira paragrafo horretan, hitzez hitz, nabarmenduz, Parot doktrina aplikatuz pertsona horiei ere «espetxe onuren eskubidea» murrizten zaiela.

Mullerrek nabarmendu zuenez, gainera, Estrasburgoko epaiek normalean izaten ez duten xehetasun bat ere badu honek: eskubide urraketa dagoela esateaz gain, urraketa hori nola konpondu ere zehazten du, ohi ez duen gisan. Beraz, eskubide urraketa doktrina aplikatzen zaien denei egiten zaiela esaten duenez, urraketa hori konpontzeko moduak ere guztientzat izan behar duela ohartarazi zuen Mullerrek. Alegia, guztiak utzi behar direla libre.

Espainia «egoera zailean» dagoela ulertzen duela azaldu zuen Mullerrek, baina Estrasburgoren epaia ez dela «erasoa» eta ez dela hala hartu behar nabarmendu zuen. «Espainia Europako parte da, bere borondatez sinatu baitzuen Giza Eskubideen Hitzarmena». Europak egiten duena Hitzarmen horretako eskubideak ez direla errespetatu esatea dela.

Estrasburgoren epaia argia dela nabarmendu ostean, aholku bat ere eman zuen Mullerrek: «Alde guztiek atzera urratsa egin behar lukete, epaia irakurri eta sakon hausnartzeko. Hala, Espainiako ikusiko du legalitate printzipio indartuta irten dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.