'Parot doktrina', eraitsia. Epaiaren ondorioak

Gorenera itzuli da doktrina

Zigor Sala gaur bilduko da Estrasburgoren jurisprudentziaren hedadura aztertu eta erabakia nork ezarri behar duen zehaztekoGehiengo kontserbadoreak eta presidenteak doktrinaren alde egin zuten 2006an

jokin sagarzazu
2013ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Sortu zen leku berera itzuliko da Parot doktrina. Zazpi urte geroago, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak doktrinaren aurka emandako ebazpena dela eta, Auzitegi Gorenak gaur berraztertuko du 2006an ezarritako irizpidea. Estrasburgoko Auzitegiak ezarritako jurisprudentziaren hedadura zehaztu eta nola aplika daitekeen aztertuko dute Zigor Salako hamasei magistratuek, 11:00etan hasita.

Auzitegi Nazionalak Gorenari aurre hartu zion ostiralean eta Parot doktrina ezarria zuten bederatzi presoren kaleratzea agindu zuen. Gaurko bileran, baina, Gorenak aztertuko du erabaki hori berari hartzea dagokion edo presoari doktrina ezarri zion auzitegiaren esku utzi behar den, ostiralean gertatu zen bezala. Aurreneko ikuspuntuaren kasuan, Estrasburgoren erabakiaren aplikazioa atzeratu egingo litzateke, helegiteen menpe geratuz. Era berean, magistratuen mahai gainean ere egongo da aurreko astean Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak aurkeztutako ikuspuntua. Hark proposatu zuen 2006ra arte betetako zigorrei espetxe onurak aitortzea, eta ez hortik aurrerakoei, doktrinaren aplikazioa bertan behera utziz, baina hura ezarrita duten zenbait presoren kaleratzea atzeratuz. Hori argitzea Gorenaren eskuetan utzi zuen Auzitegi Nazionalak.

Goreneko iturriek zabaldu dutenez, Zigor Salako magistratuak saio «ez jurisdikzional» batera deituta daude, «irizpide orokor bat» aztertzeko. Dena den, eta adostasun batera iristea zaila badute, aukera dute mahai gainean dituzten kasuak aztertzea —bost, guztira—; kasu horietako batzuetan presoak jada kalean daude.

Beti ere iturri horien arabera, irizpide orokor bat ezartzea da Juan Saavedra Salako presidentearen asmoa; hori dela-eta gaurko eztabaidan parte hartuko duten ponenteak izendatuta daude. Aipatutako bi ikuspuntuak defendatuko lituzkete ponente horiek, eta El País egunkariaren arabera, doktrinaren sorreran parte hartu zuten bi magistratu dira: batak alde egin zuen eta besteak aurka. Era berean, Saavedrak hirugarren ponente baten parte hartzea onartu omen du, erdibideko erabaki bat hartu beharko balitz. Gorenean gehiengoa dute magistratu kontserbadoreek, 2006an doktrina onartu zutenean bezala. Orduan hiruk baino ez zuten egin aurka —hirurak progresistak—, eta doktrinaren alde bozkatu zutenetako bat izan zen Zigor Salako egungo presidentea.

Gorenaren azken erabakiaren oinarrian dago kaleratzeak saihesteko Auzitegi Nazionaleko fiskalak —Espainiako Gobernuaren eta Goreneko fiskalaren babesarekin— aurreko astean plazaratu zuen ikuspuntua. Auzitegi Nazionalak berak, baina, ostiralean kaleratzeko agindu zuen presoen kasuetan, ondorioztatu zuen ez dela proposatutako interpretazio berri horren ibilbidearen zain egon beharrik. Gorenak interpretazio horrekin bat egiten duen edo ez ikusteko dago orain.

Erabaki horrek eragina izango luke auzitegien erabakien zain dauden kasuetan —kasu zehatzetan aplikatu arte jurisprudentzia ezartzen ez duen arren, irizpide orokorra ezartzen duelako—. Auzitegi Nazionaleko Zigor Sala, adibidez, ostiralero bilduko da doktrina ezarria duten gainerako presoei buruz erabakitzeko, eta, ordurako, Gorenak proposamen berriari buruzko irizpidea zehaztua izango duela espero dute. Auzitegi Nazionalak EPPK-ko beste 45 presori buruz erabaki beharko du aurki, eta Konstituzionala ere Gorenaren erabakiaren zain dago. Aurreko astean bilkura egin zuten Konstituzionaleko magistratuek, baina saioan ez zuten eztabaidatu mahai gainean dituzten 17 kasuetako bakar bat ere. Hurrengo asteko astelehenean bilduko dira berriz.

Lehia botere judizialean

Beroa izan daiteke Gorenean gaur egingo den eztabaida. Fiskaltzaren jarrerak eta ostiralean Auzitegi Nazionalean hartutako erabakiak baldintzatuko dute bilkura. Izan ere, Gorenaren irizpideari itxaron gabe hartu zuen erabakia Auzitegi Nazionalak, eta horrek zatiketa eragin zuen plenoan. Zigor Salako 17 epaileetatik bederatzik egin zuten preso horiek askatzearen alde eta zortzik aurka. Fernando Grande-Marlaska Zigor Salako presidenteak hautsi zuen berdinketa —presidentea izan zen botoa ematen azkena—. Haren jarrera ezustekoa izan zen, aste horretan bertan Grande-Marlaskak berak epaileei eskatu baitzien Gorenaren erabakiaren zain gelditzearen alde bozkatzeko.

Horren harira, bada erabaki horren atzean CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko lehia ikusten duenik. Europa Press berri agentziak atzo zabaldutakoaren arabera, PPk eta PSOEk adostuta eta itxita izango lukete jada zerrenda hori. Hori ixteko biltzekoak ziren gaur ere, baina bilera atzeratzea erabaki du PSOEk, alderdi horretakoiturrien arabera, Alfredo Perez Rubalcaba idazkari nagusiaren gaixotasun batengatik. Bi alderdien asmoa zen hilaren 19an aukeratzea CGPJko 20 kideak, Espainiako Gorteetan. Grande-Marlaska CGPJko kide izateko hautagaien artean dago, baita Juan Saavedra ere. Goreneko magistratua, gainera, kontseilua zuzentzeko hautagai nagusietako bat dela zabaldu duten hainbat iturrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.