Iribasek D ereduari buruzko ikerketa goraipatu, eta neurriak iragarri ditu

Guardia Zibilaren jarduna babestu egin du Hezkuntza kontseilariak, eta legea aldatuko du, «terroristek ez ditzaten eskolak eman»Iribasek bere aurkako «sorgin ehiza» salatu du; «alarma» eragitea egotzi dio oposizioak

Jose Iribas, Nafarroako Hezkuntza kontseilaria, atzo, parlamentuan, batzordeko eztabaidan. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Oihan Vitoria.
2013ko abenduaren 11
00:00
Entzun
«Ez dugu piromanorik nahi suhiltzaile lanetan». Horrela ekin zion Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak atzoko agerraldiari. Oposizioko alderdiek deituta, azalpenak eman zituen parlamentuko hezkuntza batzordean, Guardia Zibilak D ereduko ikastetxeei buruz eginiko ikerketari buruz. Ezer gutxi argitu zuen. Guardia Zibilaren jarduna defendatu zuen, eta hezkuntza «helburu politikoetarako» baliatzen dutenen aurka neurriak hartzeko xedea agertu zuen. Hala, «terrorista, bortxatzaile eta pederastek», espetxetik irtetean, eskolak eman ez ditzaten legea aldatuko duela iragarri zuen.

Duela aste batzuk jakin zen Guardia Zibilak Nafarroako D ereduko 28 ikastetxe ikertu dituela. ETArekin zerikusia izan dezaketen aitzakian, 1.652 maisu-maistra zelatatu dituzte, eta tirabira ugari piztu dira ordutik. Iribas, ordea, ez zen txostenaren xehetasunez mintzatu atzoko saioan, edukia lau haizeetara zabaltzeko baimenik ez zuelakoan. «Ikerketak ez du hezkuntza izaerarik; segurtasuna bermatzea beste asmorik ez du». Iribasek esan zuen ez dakiela zein den ikerketaren jatorria, baina Guardia Zibilak tankera horretako «lan mardul bat» abian jarri badu «arrazoiak» dituelako izango dela azaldu zuen.

Txostenaren gainean sortu den polemikaren karietara, Iribasek uste du ez direla «aproposak» hezkuntza sistemarentzat. «Eta gurasoei ere kalte egiten die». Gainera, bere aurkako «jazarpen politiko eta mediatikoa» salatu du, eta ezker abertzaleari egotzi dio horren atzean egotea. «Sekulako sorgin ehiza jasaten ari naiz. Horrelako polemika interesatuek hezkuntzatik at egon beharko lukete», gehitu du Iribasek; hezkuntzan eta irakasle zein familiengan eragin dezakeela uste baitu.

Lasaitasun eta normaltasun mezua ere zabaldu nahi izan du Hezkuntza kontseilariak. «Nafarroako ikasleen emaitzak paregabeak dira, Europako erreferente bilakatu gara, PISA txostenak iragan astean argitaratu zuenez».

Horren haritik, Bilduko Bakartxo Ruizek eztabaida desbideratzea egotzi dio, eta Iribasek erabilitako metafora bera aprobetxatu du hari erantzuteko: «Zuek zarete piromanoak, gure hezkuntza sisteman. Zuek zarete azeriak oilategian». Auzo lotsa sentitu du Ruizek, eta, txostena auzitan jarri ordez, irakasleen jarduna zalantzan jartzea leporatu dio. «Normalizazioaz hitz egin ostean, irakasleak zelatatzea ontzat eman duzu. Erregimen totalitarioetan gertatzen dira horrelakoak».

«Benetako etsaiak»

Horri erantzunez, Iribasek nabarmendu du ez duela zerikusirik ikerketarekin. Halaber, adierazi du eredu ororen aukeraketa askea babesten duela, betiere hezkuntza ez den beste asmoetarako erabili ezean. «Ikasleek eskubidea dute nahi duten eredua hautatzeko, guztiak baitira legezkoak». Iribasen ildotik, D ereduaren «benetako etsaiak» hezkuntza tresna politiko gisa erabiltzen dutenak dira, Yolanda Barcina gobernuburuaren esanetan.

Geroa Baiko Patxi Leuzak, bestalde, esan du sortutako alarma sozial eta giro asaldatuaren erantzulea Iribas bera dela. «Zuek izan zarete bonba piztu duzuenak. D eredua kriminalizatzen ahalegindu zarete». Leuzak txostenari buruzko argibideak eskatu dizkio behin eta berriz Iribasi, baina uko egin dio erantzuteari. Era horretan, Leuzak dimititzeko exijitu dio Iribasi. Na-Baiko Nekane Perezek ere «lotsagarria» deritzo kontseilariaren jarrerari. «UPNk gerraren mentalitatea baliatzen du hezkuntzan ere».

Iribasek polemika «hauspotu» baino ez duela egin uste dute PPk eta UPNk ez beste indar politikoek. PSNko Pedro Rasconek ohartarazi du alderdien arteko tirabirek hezkuntza sistemari kalte egiten diotela. PPko Amaya Zarranzen arabera, «larritzekoa» da egoera: «Ez dago entzun nahi ez duena baino gorragorik». Iribasek neurriak iragarri ditu: «Zigor Kodeak kartzelan sartzea zigortzen du. Horren ondotik datorrena, aldiz, legeztatu gabe dago. Hutsunea betetzea da gure asmoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.