Zulueta eta Enparantza abokatuen «muturreko» egoera salatu dute

Diziplina zigorrak betetzeko modulu berezietan dituzte biak; atxilotuz geroztik, funtzionarioak soilik ikusten dituzteFleuryko emakumezkoen kartzelako egoera salatu dute han diren sei euskal presoek

Etxerat-en agerraldia atzo, Bilbon. Ezkerretik, Alfonso Zenon, Maider Alustiza, Izaskun Abaigar, Ibai Bilbao eta Andone Soldevilla. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Euskal presoen egoeran atzerapauso eta eskubide urraketa nabarmenak gertatzen ari direla salatu du berriro Etxerat elkarteak. Azken hilabeteetan ugariak izan dira espetxeetako baldintzen gogortzea salatzeko adierazpenak. Ibon Iparragirre Ondarroako presoa Basauritik (Bizkaia) Navalcarneroko espetxera (Madril) urrundu izana salatu zuten asteazkenean. Atzoko agerraldian, Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak espetxean sufritzen ari diren «muturreko» bakartze egoeraren berri eman zuen Etxerat-ek.

Urtarrilaren 8an atxilotu zituzten Zulueta eta Enparantza, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) bitartekaritza taldeko beste sei kiderekin batera. Ordutik Espainiako kartzeletan modulu berezietan bakartuta dauzkate abokatuak. Zulueta Puerto III.era urrundu berri dute, eta Enparantza Segovian daukate —han dagoen euskal preso politiko bakarra da—. Ibai Bilbao Etxerat-eko kideak aipatu du bakartzea modu iraunkor eta sistematikoan aplikatzen dietela euskal presoei. «Pertsonaren nortasuna ezabatzeko eta menperatzeko mekanismoa da».

Enparantzaren bikotekide Maider Alustizak eta Zuluetaren lagun Andone Soldevillak jakinarazi dute abokatuen egoeraren berri. Besteak beste, azaldu dute egunean hogei ordu baino gehiago egiten dituztela ziegan, eta patio orduak ere bakarrik igarotzen dituztela. Nabarmendu dutenez, atxilotu zituztenetik funtzionarioak bakarrik ikusten dituzte. Bestela, familiaren bisitak dira norbait ikusteko duten aukera bakarra. «Pertsona gisa txikitzea da lortu nahi dute horrelako neurriekin», esan du Soldevillak. Enparantzak hilabetean behin ditu bis familiarrak; bost seme-alaba ditu, eta hiru haur sar daitezke bis bakoitzean. «Gure umeek bi hilean behin ikus dezakete aita», adierazi du Alustizak.

Alfonso Zenonek egin du abokatuei ezarritako bizitza erregimenaren azterketa juridikoa: «Espetxe administrazioa eta Espainiako Gobernua ez dira beren legedia betetzen ari». Bi abokatuei espetxe araudiaren 10, 91.4 eta 94. artikuluak ezarri dizkietela azaldu du Zenonek. Artikulu horien arabera, preso bati erregimen itxia aplikatzeko muturreko arrisku arrazoiak izan behar dira. Zulueta eta Enparantzaren kasuan, espetxe zuzendaritzak haiek ETArekin luketen harremana jarri dute erregimen hori aplikatzeko arrazoitzat. Zenonek salatu du oraindik ez dituztela epaitu eta, hortaz, errugabetasun eskubidea urratzen ari zaiela: «Espetxe administrazioa epaile bihurtu da, eta erregimen jakin bat ezarri die, kondenarik izan gabe».

Zenonek azaldu du berriro eskatuko dutela urtarrilean atxilotutako zortzi bitartekarien askatasuna. «Bitartekari izateagatik daude akusaziopean: ekintza politiko eta publikoa egiteagatik. Ez dago preso edukitzeko lege arrazoirik».

Fleuryn ere okerrera

Parisko Fleury-Merogis emakumezko espetxean egoerak okerrera egin duela adierazi dute han dauden sei euskal preso politikok, gutun baten bidez. Duela bost hilabete aldaketa gertatu zen espetxeko zuzendaritzan, eta ordutik barne arautegia «zorrotzagoa» dela salatu dute. Haien arabera, sistematikoki ezarri dizkiete zigorrak; horren adibidea da azken bost hilabeteetan izan dituzten hamalau barne epaiketak.

Presoek adierazi dutenez, zuzendaritzarekin harremana izaten ahalegindu diren arren erantzuna beti bera izan da: «Errepresioa». Salatu dute «gau eta egunez» kontrol eta miaketak jasaten dituztela, bisiten ondoren biluztera derrigortzen dituztela eta espetxeko hainbat ekintzatan parte hartzeko mugak dituztela. Funtzionarioekin ere gero eta arazo gehiago dituzte, eta egunez egun tentsioa hazten ari da.

Egoera hori ikusirik, hainbat protesta ekintza egingo dituzte datozen egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.