EAJk dio blokeen formula ez dela egokiena, eta Aralarrek, biltzeko prest dagoela

Urte askoko porrota ezkutatu nahi izatea egotzi dio Iñigo Urkulluk ezker abertzaleari

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
EA, Alternatiba eta ezker abertzalearen proposamena jaso dute EAJk eta Aralarrek, eta lehen erreakzioak kaleratu dituzte. Iñigo Urkulluk zalantzan jarri du proposamena, albiste agentzia bati egindako adierazpenen bidez, baina arbuiatzera iritsi gabe. Aralarrek, berriz, prentsa ohar bat kaleratu du, jakinarazteko proposamena jaso duela eta horren inguruan hitz egiteko bilera eskaerari baiezkoa eman dioala. Aralarrek gogoratu du «elkarrizketarako beti irekia» dagoen alderdia dela. Halaber, proposamen zehatza esku artean izandakoan aztertu eta baloratuko duela argitu du.

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak ez du begi onez ikusi EAJ, Aralar, EA, Alternatiba eta ezker abertzalea bilduko lituzkeen hauteskunde aliantza bat osatzeko proposamena. Gogora ekarri du EAJk izan zuela esperientzia bat hauteskunde orokor batzuekin Nafarroan fronte autonomiko batekin, eta orduko esperientziatik asko ikusi zuela. «Ez dut uste koalizio eta bloke jakin batzuk direnik formula egokiena,eta ez dut uste ezker abertzaleakEAJrekin batera ezer egin nahi duenik, zeren eta deialdi publiko baten atzean eguneroko errealitatea eta EAJren eta ezker abertzalearen arteko harremana benetan zein den ezkutatzen da», azaldu du.

Iñigo Urkulluk onartu du proposamena erakargarria izan daitekeela euskal boto-emaileentzat, baina uste du porrot bat ezkutatzeko erabiliko dela. «Planteamendua erakargarria izan daiteke euskal gizarteko boto-emaile jakin batentzat, baina horren atzean ezker abertzaleak urte askoko porrota ezkutatu nahi izatea dago. Hauteskundeetara, estatuarekiko konfrontazioaren amuarekin aurkeztu nahi du, abertzale guztiak eskutik lotutako irudiaren amuarekin. Porrota ezkutatu nahi du».

Dena den, Urkulluk aitortu du posible izan daitekeela abertzaleen arteko aliantza bat. «Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzan, udaletan edo diputazioetan, PSEren eta PPren artean, aliantza bat posible den bezala, abertzaletasunaren baitako indarren artean ere posible da, baina bakoitzaren proiektu politikoa oinarri hartuta», azaldu du Urkulluk.

Aralarren eskema

Proposamena prentsaurrekoan azaldu baino lehenago, Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak alderdiaren ikuspuntua azaldu du Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan. Abrilek azaldu duenez, Aralarrek «indarrak biltzeko apustua» egin du datozen Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira. Aralarren eskemaren arabera, bi aukera daude: «bata, Euskal Autonomia Elkartean, Bildu osatzen duten alderdien eta Aralarren arteko indar batuketa, eta, bestea, Nafarroan, NaBairen presentzia Kongresuan baliatuz, formula horretara Bilduko kideak batuz».Abrilek azaldu zuenez, hori da Aralarrek gaur gaurkoz mahai gainean duen eskema. Izena gutxienekoa dela eta bilatu behar dena oinarrizko edukiak direla gaineratu du.

UPNk, berriz, kezka azaldu du proposamenaren aurrean. Sergio Sayas UPNko Komunikazio idazkariaren ustez, «Bildu xurgatzen ari da euskal nazionalismoa Nafarroan». Sayasen ustez, nazionalismoa «muturtzen» ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.