Herri harresia osatzera deitu du Eleak mugimenduak uztailaren 27an, Amaiurren

Iruñerriko auzipetuak babestuko dituzte, baita Bilbon 2012ko maiatzaren 29ko greban atxilotutakoak eta 35/02 sumariokoak ere«Salbuespen politika, legedia eta epaitegiak» indargabetzeko eskatuko dute

Maritxu Bolinaga, Txerra Bolinaga eta Ibai Iriarte, Eleak mugimenduak herri harresira deitzeko emandako prentsaurrekoan, Iruñean. IDOIA ZABALETA / ARP.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2013ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Uztailaren 27an herri harresia egingo dute Amaiurren (Nafarroa), 12:00etan. Hala adierazi zuten atzo Eleak mugimenduko kideek, Iruñean emandako prentsaurrekoan. Harresi hori, baina, ez da auzi bakarraren aurka egingo; «legearen izenean egiten diren bidegabekeria guztien kontra» sortuko dute, Eleak mugimenduko Ibai Iriarteren hitzetan. Lau auzitako auzipetuei erakutsiko diete babesa: Iruñerriko Aritz Azkonari, Luis Goñiri, Xabier Sagardoiri, Maider Caminosi eta Mikel Jimenezi; 2012an, Bilbon, martxoaren 29ko grebaren harira atxilotutako Irantzu Ialdebereri, Jon Telletxeari, Urtzi Martinezi eta Aitor Fernandezi; Segiko kide izatea leporatuta epaituko dituzten gazteei; eta 35/02 sumarioko auzipetuei.

Gaztelu plazan egin zuen Eleak mugimenduak agerraldia, eta Txerra Bolinagak eta Ibai Iriartek hartu zuten hitza. «Harriz harri, herriz herri, auzipetuen babeserako herri harresiaren eraikuntzan pausoak ematen ari gara oraindik ere», esan zuen Bolinagak deialdia iragartzean.

Antzinako harresia sendotzen

Amaiurko harresia eratzeko bidean, «harri koxkorrena» jartzeko gonbita egin zuten. Amaiur herria Nafarroaren erresistentziaren ikur da, eta hori dela-eta aukeratu dute. Bolinagak azaldu zuenez, «orain 500 urte birrindu zuten harresia berregingo dugu; kantuz, hitzez, sentimenduz eta borrokarako grinaz». Era berean, uztailaren 27ko deialdirako «disidentziarako eskubidea» aldarrikatu zuen.

Auzolana eta antolakuntza propioa oinarri izango dituen harresia sortu nahi dute Eleak mugimenduko kideek, «sendotasunari esker eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoak antzu bilakatuko dituena».

Laster ebatzi edo hasiko diren prozedurak geldiarazteko harresia da Amaiurkoa. Izan ere, Iruñerriko Azkonak, Goñik, Sagardoik, Caminosek eta Jimenezek laster jasoko dute Auzitegi Gorenaren ebazpena; Bilboko Ialdeberen, Telletxearen, Martinezen eta Fernandezen kontrako epaiketa irailaren 14an hasiko da; 35/02 auziko auzipetuak, herriko tabernen gaiaren harira auzipetutakoak, alegia, urriaren 17tik aurrera epaituko dituzte; eta Segiko kide izatea leporatuta, 40 gazte pasatu ko dira epailearen aurretik, urriaren 14tik aurrera. «Epaitegietatik oldarraldi berriak datozkigu», esan zuen Iriartek.

Epaitegiez gain, estatua, tokiko administrazioak, arduradun politikoak eta poliziak ere markatu zituzten «salbuespen» egoeraren erantzule gisa. «Eskubide sozial eta politikoak murrizten dituzte», salatu zuen Bolinagak, eta, gaineratu zuenez, «herri adierazpenak kriminalizatu eta zigortzen dituzte».

Sanferminetako istiluen harira egindako atxiloketak «kriminalizazio egoeraren azken erakusgarria» baino ez direla kritikatu zuten. Bolinagak azaldu zuen «pertsona bakoitza harri bihurtuta» babestu izan dituztela herritarrek auzipetuak herri harresietan.

Herri harresiak, banan-banan

Hala, orain arte osatutako herri harresi guztiak zerrendatu zituzten Iruñean. Lehenengoa, 2011ko abenduakoa izan zen; Ekaitz Samaniego gasteiztarra ez atxilotzeko osatutako «matrioxka». Bigarrena, 2012an, Bilbon, Gaizka Astorkiza ez atxilotzeko sortutakoa, «adreiluen alarma gorria» deiturikoa. Hirugarrena, Oreretakoa izan zen; Xabier Lujanbio, Maitane Linazasoro, Arkaitz Anzak, Iosu Arruabarrena, Aitor Franco eta Jon Aitor Alberdi gazteak ez eramateko. Laugarren harresia Donostian egin zuten; Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe eta Egoi Alberdi babestekoasmoz aske gunea eratu zuten. Azken adibide gisa, Ondarroan Urtza Alkortaren atxiloketa geratzeko eratutako «erresistentzia» aipatu zuten.

Eredu horiei jarraikiz sortu nahi dute Amaiurko harresia. «Barrura begira beroa, maitekorra, auzipetuak besarkatuko dituena», esan zuen Iriartek; «kanporantz, sendo eta zulakaitza, bidea itxiko diena erasotzaileei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.