Euroaginduen ebazpena irailaren 24an emanen dute

Bi auzipetuak libre uzteko eskatu du defentsak, eta Aranaldek erran du justiziak erantzukizuna duela konponbideanEuskal Herritik 40 lagun inguru joan dira Pauera bi auzipetuei elkartasuna adieraztera

Erdian, Aranalde, Bake Bideako Anaiz Funosas eta Baudouin abokatuarekin solasean, auzia bukaturik. A.R.
Aitor Renteria.
Paue
2013ko irailaren 11
00:00
Entzun
Paueko Dei Auzitegiko presidenteak irailaren 24an jakinaraziko du Jokin Aranalde eta Aitor Zubillaga euskal iheslari politikoen aurkako euroaginduen ebazpena. Anartean, biak gelditu dira libre, baina auzitegiaren zaindaritzapean. Euskal Herritik 50 lagun inguru joan ziren auzira, Aranalde eta Zubillagara elkartasuna adieraztera. Horien artean, Tolosa eta Ibarrako auzapezak (Gipuzkoa), Sarako eta Hendaiako (Lapurdi) hautetsi batzuk, Anaiz Funosas Bake Bidea taldeko ordezkaria, Alize Leizeagezahar Akitaniako Kontseilaria, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko ordezkariak, Herrirako Emilie Martin eta Mertxe Colina ABko ordezkaria.

Dominique Jeol Paueko prokuradore nagusiak Aranalde eta Zubillagaren aurkako euroaginduak onartzeko eskatu zion epaileari. Zubillagaren kasuan epaileak informazio gehiago eskatu zion Espainiari uztailaren 16ko auziaren ondotik. Zubillaga ekainaren 26an atxilotu zuten Saran, haurraren bila zihoalarik pilota eskolara. Izan ere, Zubillagaren aurkako bi euroagindu eskaera zeuden, gauza bera leporatuta. Prokuradoreak azaldu zuen izena idazterakoan egindako akats batengatik dela baina indarrean dagoena 2013koa dela.

Kontrako iritzia agertu du Amaia Errekarte abokatuak. Nabarmendu zuen aspaldiko gertakariak leporatzen dizkiotela Zubillagari eta bizi normala egiten zuela Ipar Euskal Herrian. Lehen aldiz Gotainen (Zuberoa) atxilotu zuten 2008an, 2000 urteko gertakariak leporatuz. Orduan Espainiaratu zuten, eta epaileak libre utzi zuen. Haren kontrako bertze eskaera bat balego, Espainiako epaileak aukera hori baliatuko zuela nabarmendu zuen Errekartek. Ez zuen horrelakorik egin. Nortasun agiria egitera joan zelarik poliziak atxiki zuen Zubillaga baina ez zion deus leporatu. Errekarteren iritziz, horrek argi frogatzen du orain leporatzen diotena orduko eskari bera dela eta bi aldiz auziperatuko luketela gertakari berberarengatik. Gaineratu du kanporatzeak Zubillagaren familia eskubideak ere urratuko lituzkeela. Gainera, gogora ekarri zuen euroaginduari buruzko informazio gehiago eskatu zuela epaileak berak eta Espainiak ez zuela igorri sei eguneko epean.

Aranalderen kontrako agindua aztertu zuen ondoren epaileak. Espainiak ETAri laguntza eman izana leporatzen dio, zehazki harentzako militanteak bilatzea, Maite Aranalde eta Jon Mintegiaga, hain zuzen ere. Horregatik euroagindua onartzea eskatu zuen prokuradoreak. Errekartek azpimarratu zuen aipatutako «kaptazioa» Aranalderen alaba zela. Horrek ez du sekula onartu poliziaren galdeketa atxilotua izan delarik. Mintegiagak aldiz deklaratu zuen poliziaren aitzinean ETAn sartu zuen pertsona ez zela Aranalde izan, Mikel Uzkudun baizik. Euroagindu eskariak ez duela oinarririk ondorioztatu zuen Errekartek. Epaileak adierazi zion ez zegoela han salaketaren oinarria aztertzeko, eskariaren zuzentasuna aztertzeko baizik.

Torturaren itzala

Aranaldek Espainiako poliziaren esku jasandako torturen berri eman zuen abokatuak. Ondoren, Aranaldek berak berretsi zuen adierazpena. Epaileari jakinarazi zion prentsari hainbat alditan adierazitakoa, lehen aldiz 1967an atxilotu zutela, bigarrenez 1968an eta 2002an azken aldikoz. «Hiru atxiloketetan bortizki torturatu ninduten, baina esan beharra daukat azkena izan dela bortitzena; 2002ko tortura Francorena baino askoz sistematikoagoa da». Euskal Herrian azken 50 urteotan pairatutako gatazka politiko-armatuaren orria pasatu beharra dagoela azpimarratu zuen Aranaldek. Baina orri hori ez da oraindik itzuli, Frantziak eta Espainiak ez dutelako konponbidearen ildoan urratsik egin nahi. «Zure aitzinean duzun hau gatazkak iraun duen 50 urteetan Espainiak torturatu dituen 7.000 euskal herritarretatik bat da».

Frantziako poliziak ekainaren 23an atxilotu zuen Aranalde Heletan (Lapurdi). Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ekainaren 15ean egindako agerraldiarekin lotura duela erran zuen Aranaldek. Nabarmendu zuen kolektibo horrek euskal gizartean duen erreferentzialtasuna. Ekitaldi hartan, EIPKk argi adierazi zuen gatazkaren konponbidean eragile aktiboa izan nahi zuela eta urratsak egiteko prest zegoela, haren ekarpena plazaratuz.

Aieteko adierazpenaren garrantzia azpimarratu zuen Aranaldek. «Parte batek entzun zituen han egindako gomendioak eta urratsak egin ditu, baina bertze parteak, Frantziak eta Espainiak, ez dute urrats izpirik egin bakea ekar dezakeen egoera bermatzeko.

Gogora ekarri zuen Francois Hollande Aljeriara joan zela, gerra bukatu eta 60 urtera, barkamena eskatzeko. «Ez dugu nahi Frantziako presidente bat etortzea 60 urteren buruan barkamenak eskatzera Euskal Herriari». Konponbidearen ildoan guztiek ekarpena egin dezatela erran zuen, baita justiziak berak. «Frantziako justiziak asko egin dezake eta egin behar du, konponbidea lortzeko».

Patrick Baudouin abokatu eta Nazioarteko Giza Eskubideen Aldeko Federazioko presidenteak ere hartu zuen hitza, aditua baita giza eskubideen urraketetan.

Aranalderen aurkako euroagindua, eta oro har euroagindua tresna gisa, esparru zabalago batean kokatu behar dela erran zuen. 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondotik, mundu zabalean giza eskubideen oinarriak arrailduz joan direla azpimarratu zuen.«Terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakian, gizabanakoen eskubideak urratzen dira», eta Guantanamoko kasua aipatu zuen adibide gisa. 2003an onartu zuen Europak euroagindua, baina Estatuen arteko harmonizazioa bermatu gabe.

Baudouinen arabera, pentsatzen zen Estatu guztiek demokraziaren arauak bermatuko zituztela, baina errealitatean ez dela horrela azaldu zuen. «Espainian torturaren erabilpena etengabea izan da eta herritarren zein nazioarteko erakundeen salaketek argi erakusten dute hori». Gogorarazi zuen Espainian salbuespen legedia dagoela indarrean eta murrizturik daudela talde eta gizabanakoen eskubideak. Estatuen interesak ere jokoan sartzen direla erran zuen, Frantziak laguntza emanez Espainiari eta alderantziz, haien interesen arabera.

Araldeneren kasuan torturaren aztarnak nabarmenak direla esan zuen. Euroaginduari itzuliz galdera zuzena egin zion epaileari. «Zein da Aranalderen aurkako euroaginduaren arrazoia, Aranalde zigortzea edo abian den bake prozesuari oztopoak jartzea?». Gatazkaren konponbideak justiziak zeregin nabarmena duela gogora ekarri zuen. Euroaginduari uko eginez, botere politikoen menpe ez dagoela erakusteko ahala duela ohartarazi zuen. Sinesgarritasuna kendu zion Espainiaren salaketari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.