Euskal iheslari politikoek sorterrira itzultzeko urratsa eginen dute aurki

Harrera prestatzeko, iheslari ohien kolektiboa egituratzen ari da eskualdeka; Altsasun aurkeztuko dute, hilaren 15eanHerrietatik antolatuko da itzulera, eta tokiko erabakiaren arabera eginen da urratsa

2013ko ekainaren 15ean Miarritzeko ekitaldian parte hartu zuten iheslariak. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
2013ko ekainaren 15ean Miarritzen aurkeztutako bide orriari jarraikiz, euskal iheslari politikoen kolektiboko kideek sorterrira itzultzeko urratsa eginen dute ondoko asteotan. Lehen urratsa da, ordea, iheslari anitzek zailtasun adminstratiboak dituztelako itzultzeko, edota, deportazioaren kasuan, hara igorri zituen estatuaren erabakia indarrean dagoelako oraindik. BERRIAk jakin duenez, iheslari politikoen itzulera prestatzeko eta harrera egiteko, sortzekotan da iheslari ohien kolektiboa. Martxoaren 15ean aurkeztuko dute kolektiboa, Altsasun (Nafarroa), eta xehetasun gehiago emanen dituztebertan, iheslarien itzulerari buruz.

Dagoeneko ekin diote iheslari ohien kolektiboa antolatzeari, eta prozesu hori herri, eskualde edo herrialde mailan egituratzen hasi dira. Iheslariek diote ezen, gizartea baldin bada gatazka politikoaren konponbiderako protagonista nagusia, haren ondorioak gainditzeko protagonista ere badela. Horregatik, adosturik, herri eta eskualdeek erabakiko dute nola ekiten dioten iheslarien itzulerari.

Herria dugu arnas ekitaldian, urratsak egiteko borondatea jakinarazi zuen EIPK-k, azken 50 urteotan Euskal Herriak pairatu duen gatazka politikoaren gainditzeko bidean. Lehen urratsean, Espainiako justiziarekin arazorik ez duten iheslariak itzuliko dira. Izan ere, Miarritzeko ekitaldian plazaratu gogoeta oinarritzat harturik, haien egoera erregularizatzeko urratsa egin zuten hainbat iheslarik. Espainiako kontsulatuak pasaporteak egiteko eskari gehienak onartu zituen. Ez guztiak, hala ere. Ipar Euskal Herrian bizi publikoa egiten duten zenbait iheslariren aurkako prozedurak indarrean daude oraindik Espainian. Itzuliko balira presondegira sartuko lituzketela jakinarazi zieten kontsulatuan.

Askotarikoa da iheslarien soslaia, bizi diren egoerarengatik. Miarritzeko ekitaldian, azpimarratu zuten gerra zibilaz geroztik iheslariak izan direla Ipar Euskal Herrian. Garai batean, gatazka armatuarengatik eta gerra zibilaren jazarpenarengatik alde eginiko iheslariak egon dira, Ipar Euskal Herrian, Frantzian eta mundu zabalean. Iheslari politikoen errealitatea ez zen ETArekin hasi, iheslariek gogoratu dutenez, gatazka politikoaren erroei erreferentzia eginez. Ondoko belaunaldietan iheslari politikorik ez egoteko gatazka politikoa eragin duten arrazoietan eragin behar dela nabarmendu zuten iheslariek, plazaratu zuten bide orrian.

Gatazka politikoaren arrazoietan eragitearekin batera, ondorioen atalari ekin behar zaio, eta bide horretan kokatzen dute iheslariek itzuleraren urratsa. «Guztiok herri libre batean bizi gaitezen», azaldu zuen Miarritzeko ekitaldiaren aurkezpenean Jokin Aranalde EIPKren mintzaideak. Euroaginduaren ondorioz, jarrera intsumisoa hartu zuen Aranaldek, uko eginez epaitegiak agindutakoa betetzeari.

Azken iheslaria itzuli arte ez da deserriratzearen korapiloa askatuko. Batzuk Ipar Euskal Herrian bizi dira; anitz, mundu zabalean, gehienetan egoera prekarioetan eta erregularizatu gabe. Deportazioaren korapiloa ere askatu beharra dago itzuli ahal izateko. 1984an ekin zion Frantziak iheslariak deportatzeari. Sarekadak egin zituen eta mundu zabalera igorri 60 deportatu. Kuba, Sao Tome, Cabo Verde. Deportatuen egoera ezberdina da definizioz, hartu dituen estatuaren arabera. Iheslariek diote Frantziak kanporatu bazituen Frantziak bideratu behar duela itzulera.

Itzuleraren oinarriak

«Herria dugu arnasa, herria dugu arrazoi», azaldu zuten Miarritzeko bide orrian. Preseski, aipatu ekitaldien karietara hainbat elkarrizketa egin zituzten hedabideetan. Azken hilabete eta asteotan ere, hertsiagoak bihurtu dira iheslarien eta herrietako eragileen arteko harremanak. Iheslarien egoera ezberdina den bezala, herri bakoitzeko errealitatea ezberdina da, eta horren arabera antolatuko dute itzulera. Iheslarien kolektiboak ez du xehetasunik eman oraindik horren inguruan.

Iheslari ohien kolektiboa sortzeko arrazoi gisa aitzinatu dute arestian aipatutako arrazoia. Ehunka eta milaka izan dira Euskal Herrian deserrirako bideahartu duten iheslariak, belaunaldi batean nahiz bestean. Ehunka, milaka izan direla azpimarratu dute. Konponbidearen ildoan eta sorterrirako bidean iheslari ohien ekarpena funtsezkoa dela deritzote. Hasteko, haiek antolatuko dute iheslariei harrera egiteko prozedura herrietan.

Badira Ipar Euskal Herrian eta mundu zabalean Francoren garaian ihes egin zutenak; badira trantsizioko lehen urteotan ihes egin zutenak edota alderdi eta eragile batzuen legez kanporatzearen ondorioz ihes egin zutenak. Iheslariek diote gutxieneko beharrak bermatu behar direla itzulera molde ordenatuan egin ahal izateko. Badira familia duten iheslariak, baina badira familiarik ez dutenak ere. Itzuleraren kontzeptuak berak etxearen erreferentzia nabarmentzen du, eta iheslari batzuek ez dute etxerik, hara itzultzeko.

Errealitate horri buru egitea herriari dagokiola diote iheslariek. Gatazkaren ondorioak molde ezberdinetakoak diren bezala, konponbiderako gainditu beharko diren oztopoak ere ezberdinak izanen dira. Batzuetan, etxea eta lana beharko dute; bertze batzuk aspaldi daude erretretan sartuta, baina egoera prekarioan.

Itzulerak elementu bat nabarmenduko du, alegia, oraindik itzuli ezin diren iheslarien egoera. Anitz dira oraindik agiririk gabe bizi direnak edota klandestinitatean bizitzera behartuak. Preseski, horien egoera aipatzeko bilera sorta bat abiatu zuen EIPk. Otsailaren 15ean 26 eragilek bat egin zuten iheslarien kolektiboak aurkeztu bide orriarekin, eta konponbidean engaiatzeko prestasuna jakinarazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.