PSE-EErekin Jaurlaritza «egonkorra» eratzea EAJren esku dagoela dio Pastorrek

EAJren esanetan, «ez luke zaila izan behar» PSErekin «akordio batzuk egiteak», baina «ez da erraza izango» elkarrekin gobernatzeaEH Bilduk adierazi du ez dagoela aukerarik jeltzaleekin gobernua osatzeko

PSE-EEko hautetsiek familia argazkia atera zuten atzo, Eusko Legebiltzarrean, legebiltzarkide aktak jaso zituztenean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
EAJrekin Jaurlaritza osatzeko prest legokeela aditzera eman du PSE-EEk: «Gobernu sendo eta egonkorra izatea EAJren esku dago, oso-osorik», esan du Jose Antonio Pastorrek, akordiorako beharrezkotzat dituen neurriak biltzen dituen txostena EAJri igorri eta biharamunean.

EAJk ez du argitu gutxiengoan gobernatzeko asmoa duen edo gobernu akordiorik egingo duen, eta horixe argitu dezala eskatu dio Pastorrek: «Nola eta zertan jokatu nahi duen esan behar du; bere ardura da». Areago, «bakarrik gobernatzeko asmoa badu, umil jokatu beharko du, nagusikeria alboratu, eta praktikan gutxiengoan dagoela onartu», esan dio. «Alderdi garrantzitsua den arren, barneratu behar du dagoeneko ez dela Euskadiko alderdia». Akordioak zertarako nahi dituen azaltzeko ere esan dio: «Besteokhurrengo aurrekontuen onarpena errazteko, edo herri gisa akordio serio eta orokorragoak egiteko».

2013ko aurrekontuak onartzea ez oztopatzeko EAJk proposatutako itunari dagokionez, abisua eman dio: «Ezin da eskatu aurrekontuak onartzen laguntzea, horien edukiak zeintzuk izango diren jakin gabe».

EAJk gainerako alderdiei akordioak egiteko aurreko astean emandako proposamenari astearte arratsaldean erantzun zion PSE-EEk. «Euskadik gobernu sendoa behar du, lehentasunen programa argia izango duena, eta gehiengo zabal eta egonkorra izango duena», dio BERRIAk eskuratu duen 15 orriko erantzunak. EAJri proposamen orokorregiak egin izana egotzi, eta bere ustez gaineratu behar liratekeen zehaztasunak egin ditu PSE-EEk.

EAJri esan dio «botere politikoa banatzea» besterik ez litzatekeela aurrekontuak bermatzeko elkarri ez erasotzeko akordio soil bat egitea, eta oinarri batzuk bermatzeko eskatu dio. Besteak beste, zerbitzu publiko unibertsalak bermatzeko, «murrizketarik gabe».

Euskal instituzioak «arrazionalizatu» eta bikoiztasunak saihesteko, bi hileren buruan legebiltzarrak lantalde bat osatzea ere proposatu du. Lurralde Historikoen Legea aldatu eta Udalen Legea onartzea izango luke eginbeharren artean. Zerga sistema «berehala» aldatu eta ezartzea ere nahi du PSE-EEk, fruituak 2013an bertan jaso daitezen.

Bakegintzari dagokionez, sozialistek diote ETA desegiten eta «utzi dituen preso eta errefuxiatuen gizarteratzea» lortzen saiatu behar dela. Espetxe politikak berebiziko garrantzia duela diote.

Erraza zail

«Edukiak ikusita, ez luke zaila izan behar bi alderdien artean akordio batzuk lortzea», adierazi du Iñigo Iturrate EAJren legebiltzarkide izango denak. Hala ere, jarraian zehaztu du PSE-EE nola aritu den ikusita ez dela «erraza» izango gobernua osatzeko akordioa egitea. Baina sozialistek ituna «zintzotasunez eta borondate onez» nahi badute «elkarlanerako guneak» erraz aurkitu daitezkeela esan die. Azaldu duenez, EAJk egindako proposamenaren eta PSE-EEk EAJri emandako erantzunaren artean antzekotasun handiak daude.

EH Bilduk, berriz, argi du ez duela EAJrekin gobernu akordiorik egingo. «Akordio egonkorrak» egitea ez du baztertu, hala ere, Laura Mintegi lehendakarigaiak, baina hori «edukien araberakoa» izango dela zehaztu du. Bakeari eta normalizazioari dagokien gaietan ikusi ditu itunak egiteko aukerarik handienak, «nahiz eta abiadurak eta azken helburuak ez diren berdinak».

Aurrekontu guztiak onartzeko proposamena, berriz, ez zaio zentzuzkoa iruditzen Mintegiri, bere ustez edukien arabera onartu edo baztertu behar baitira proposamenak. Ekonomiari dagokionez, zerga sistema funtsezkoa izango dela azaldu du.

EAJk datorren astean egingo du bigarren bilera txanda alderdiekin, eta, seguruenik, Iñigo Urkullu lehendakarigaia ez da bilera horietan izango. Ezta Patxi Lopez ere.

Bestalde, legebiltzarreko kredentzialak atzo jaso zituzten ordezkari sozialistek; gaur jasoko dituzte jeltzaleek, eta bihar EH Bildukoek. PPkoek, berriz, astelehenean hartuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.