Lurralde hitzarmena «nahikeria handiz» osatu nahi du Lasserrek

Parisek lurralde elkargoaren xedea baztertzeak «etsipen eta samin» handia eragin badu ere aitzina segitu behar dela dioIpar Euskal Herrian dauden egiturak bermatzeko bide bakarra dela adierazi du

Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidentea eta Battita Boloki Garapen Kontseiluko zuzendaria, atzo, Baionan. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak lurralde kontratu berri bat osatzearen alde egin du, eta Jean Jacques Lasserre egitura horretako presidente eta Frantziako senatariak erran du negoziazio hori «nahikeria handikoa» izanen dela. Etsipena adierazteko baliatu ditu, ordea, Kontseilu Nagusian egindako agerraldiaren lehen hitzak. Parisek uko egin dio lurralde elkargoaren sorrerari, eta gisa horretara, deuseztatu egin du urte luzeetan hautetsiek eta gizarte eragileek egindako lana eta lortutako adostasuna. Samin hori aitorturik, Ipar Euskal Herrian dauden egitura bakanak bermatzeko bide bakarra lurralde kontratua dela erran du. «Hautetsi gisa ezin dugu deuseztatu egindako lana, eta ahalik eta kontraturik hoberena lortzeko ardura dugu».

Prozedurari dagokionez, abendura arte hitzarmen berrian zer nahi duen kokatu landuko du Hautetsien Kontseiluak. 2014ko lehen seihilekoan, proposamena idazteko asmoa du, eta ondoko sei hilabeteetan, estatuarekin, Akitaniarekin eta Departamenduarekin negoziatu eta hitzarmena izenpetzea espero du. 2014an udal hauteskundeak izanik, Lasserrek erran du erabilpen politikoa «saihestu» nahi duela. Horregatik hauteskundeak iragan ondoren landuko da proposatuko duten testua.

«Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak egindako lanen ebaluaketan oinarrituko da gure proposamena», zehaztu du Lasserrek. Orain arteko ereduari jarraikiz, gizarte eragileen ekarpena hitzarmenean biltzeko borondatea duela jakinarazi du. Ez du azaldu nola bermatuko duen hori. Ordea, onartu du estatuaren jarrera gero eta hertsiagoa dela, eta hori jakinik bi aukera daudela: amore ematea, edo proposamen indartsu bat egitea.

Abenduan bukatuko da indarrean dagoen lurralde kontratua. Eta azpimarratu du berriztu ezean gaur egun dauden egiturak galtzeko zorian daudela: Hautetsien Kontseilua bera, Garapen Kontseilua, Euskararen Erakunde Publikoa eta abar. Hautetsiek arduraz jokatu behar dutela azaldu du.

Ariketa biziki zaila izanen dela onartu du Lasserrek. Batetik, estatuak adostasunaren atea itxi duelako lurralde elkargoaren xedea baztertuta. Formetan ere bai. Bertze alde batetik, ez dakielako zein izanen den hitzarmen berriaren oinarri juridikoa. Orain artekoan Pays egitura zegoen.

Euskal Herriko Hitzarmen Berezia da hitzarmenaren berezko izena. Berezia izateko, Ipar Euskal Herriaren ezagutza edo, bederen, haren berezitasuna agertu behar direla nabarmendu du. «Ez dugu nolanahi hitzarmena izenpetuko», azaldu du. Alta, ez du ukatu Hautetsien Kontseiluak berak eta Garapen Kontseiluak hitzarmenaren proposamena baztertu zutela lurralde erreformaren karietara izandako eztabaidan.

Ahulezia indar bihurtu behar dela dio Lasserrek, eta horretarako, bi kontseiluek eta gizarte zibilak urteotan egindako lanaren lekukoa atxiki nahi du. Elkarrekin adostutako diagnosia eta egindako lanaren emaitzak hitzarmen berrian agertzea espero du. Horretarako lan eginen dutela gaineratu du.

Ez du gorde gobernuaren jarrerak kezka eragiten diola. «Egiten dugun proposamenean sakontzeko jarrera ukan dezake, baina baita ere har gaitzake Frantziako edozein eskualde bagina bezala eta haren proposamenera makurrarazi».

Azken jarrera hori onartezina litzatekeela jakinarazi du Lasserrek, eta gaineratu kasu horretan hitzarmena ez luketela izenpetuko. «Ez gara amoinean ibiliko ate batetik bertzera egitasmo hau edo bertzea diruztatu ahal izateko». Horregatik, hitzarmena lantzen den bitartean, dagoeneko abian dauden hainbat lan ildo atxikitzea eskatuko dio gobernuari, hala nola enpresen berrikuntza saila eta klima aldaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.