«Legea betez» aritu direla dio CNIko buruak, eta ez «ehizan»

«Ondo arrazoitu ostean», epaileen baimenekin urtean mila entzuketa inguru egiten dituztela azaldu du Sanz RoldanekAzalpen publikoak eskatu ditu Amaiurrek: «Eskubide eta askatasunak daude jokoan»

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
«Ehizan» ez direla ibiltzen. Ez dutela «legez kanpoko bidezidorrik» hartzen. Horixe esan zuen atzo Felix Sanz Roldan CNIko buruak Espainiako Diputatuen Kongresuan. Bere agenteen lanaren zilegitasuna defendatzera joan zen, El País egunkariak ustezko espioitza kasuen berri eman ostean. CNIk «lurralde nazionalean» alderdirik eta enpresabururik ez duela zelatatu esan zuen Sanz Roldanek, Efe berri agentziaren arabera. Izan ere, Sekretu Ofizialen Batzordearen bilera isilpekoa da, eta ez da edukien berririk zabaldu, berri agentzia horrek esandakoez aparte.

«Legez kanpoko bidezidorrak» ez, baina legearen barruko espioitza bai. Urtero mila bat komunikazio zelatatzen dituztela azaldu zuen atzo, eta guztiak epaileen baimenarekin egiten direla, «ondo arrazoitu ostean». Hain justu, Sortu, Ernai eta LABeko kideek espioitza salatzeko prentsaurrekoa iragarri duten egun berean eman zituen azalpenak Sanz Roldanek, atzo. Ezker abertzaleko kideak gaur dira beren susmo eta aztarnen berri ematekoak.

CNIk ezker abertzaleko kideak «modu iraunkorrean» zelatatu dituela zabaldu zuen El País-ek igandean. Hori ez ezik, Ameriketako Estatu Batuek Espainian espioitza egin izan dutela ere zabaldu zuen egunkari horrek, baina horren azalpenak berak ezin dituela eman esan zien Sanz Roldanek batzordean bildu zirenei.

EAJko Aitor Esteban bileran izan zen, adibidez, eta, zehazki, alderdi abertzaleen espioitzari buruz galdetu zion Sanz Roldani. Erantzun ziola bai, baina zer erantzun zion ez da zabaldu. Estebanek ez zuen adierazpenik egin bi ordu inguruko bileratik irten ostean.

PP, PSOE, IU eta UPDko ordezkariak pozik atera ziren bileratik, nahiz eta barruan esandakoez zehaztasunik ez zuten eman. Asebeteta eta lasai atera zirela esan zuten. Honela adierazi zuen Soraya Rodriguez PSOEko kideak: «Lasai gaude, gure lurraldean zerbitzu sekretuak oinarrizko eskubideak erabat errespetatuz egiten direlako».

Barne sistema aholkatu die

Zabaldu diren informazioak besteak beste ezker abertzalearen ustezko espioitzari buruzkoak diren arren, ezker abertzaleak ez daki zein azalpen eman dituen CNIko buruak. Amaiurreko ordezkariek ezin dute parte hartu Sekretu Ofizialen Batzordean, eta inork ez die azaldu han esandakoen berri. Horregatik, eta jokoan daudenak «askatasunak eta eskubideak» direla gogora ekarrita, azalpen publikoak eskatu dituzte Jon Iñarritu eta Rafa Larreina koalizioko diputatuek.

«Gardentasunaren eta demokraziaren izenean» azalpenak emateko eskatu diote Soraya Saenz de Santamaria gobernuburuordeari. Haren menpean dago CNI, eta Amaiurren irudiko, Konstituzio Batzordean eman behar lituzke azalpen guztiak. «Onartezina da azalpenak ezkutuan ematea. Kameren eta guztion aurrean egin behar da».

Eferen arabera, Amaiurri zuzenean eragiten dion gai bati buruz ere hitz egin zuten atzo Sekretu Ofizialen bileran. Koalizio abertzaleak susmoa du Kongresuan zelatatu egiten dutela, eta hala salatu izan du. CNIko buruak entzuketak saihesteko sistemaren bat jartzeko aholkua eman zion Jesus Posada Kongresuko Mahaiko presidenteari, legez kanpoko entzuketak egin diren susmorik ez duela esan ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.