Dena prest izan gabe abiaraziko dute Nafarroan LOMCE legea

«Ez gara ezkutatuko astirik ez dela esanda», ohartarazi du Iribas kontseilariak, nahiz eta aitortu duen libururik-eta ezingo dela eginEdukiez eta lanbide heziketaz kezkaturik da kontseilaria, baina LOMCErekin bat egin du

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Erreforma «nafar erara» moldatzeko asmoa zuen lehenbizi, eta eusten dio nahi horri. Baina «kezkatuta» dago, gaitegia erabat ezarriko baitu Madrilek. «Nafarroako sistemaren indarguneei» ere eutsi nahi zien, eutsi nahi die, baina «kezkatuta» dago, lanbide heziketan egin beharko diren aldaketek ez ote duten kaltea sortuko. Hala ere, irailean martxan izango da LOMCE hezkuntza erreforma Nafarroan. «Bete egin behar dugu legea». Nahiz eta aitortu duen astirik ez dagoela, liburuak berritzea ezinezkoa izango dela, «leial» izango dela iragarri du Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak, eta Madrilen legea abian ezarriko duela.

Zer asmo duen argitzera deitu zuten atzo Nafarroako Parlamentura. Legeak berak dio irailean hasi behar dela martxan jartzeko bidea. Lehen hezkuntza egokitu egin beharko dute, eta oinarrizko lanbide heziketa sortu. Espainiako Gobernuak zehaztu behar du oinarrizko curriculuma, eta ez du egin oraindik—zirriborroak, bai, egin ditu, baina behin betiko dekreturik ez—. Erkidegoek osatu beharko lukete gaitegia ondoren.

Denborarik eza da lehen gakoa. Iribas bera ere «kezkatuta» dago horrekin. «Dena emanda ari gara lanean, baina lan asko falta zaigu. Curriculuma oraindik ez du itxi ministerioak». Erkidego batzuek esana dute ezinezkoa dela irailean LOMCE martxan jartzea —horixe dio Eusko Jaurlaritzak ere—. Iribas ez dator bat: «Ez gara ezkutatuko astirik ez dagoela esanda».

Aitortu du, ordea, irailerako ez dela prest egongo guztia. Liburuak, adibidez. «Oso konplikatua da, bermez egin nahi bada». Soluzio bat proposatu du Iribasek: materialak sortzea eskoletan, eta Interneten hedatzea. Hala ere, edukiak kontrolatuko lituzke departamentuak. «Nafarroako curriculum ofiziala bete behar da». Hori zaintzen ari dira aurten bereziki.

Curriculumean dago beste gakoa. Eskumenetan aldaketa handiak dakartza legeak. Madrilek zehaztuko ditu ikasgai nagusien edukiak. «Ez dugu nahi edukiz gainezka dagoen curriculumik. Sen onez jokatzea espero dugu», adierazi du Iribasek. Zirriborroan, oso zehaztuak dira dekretuak.

Espainiako edukiekin, gustura

Espainiaren goraipamenez betetako curriculuma izango da. Pozik da Iribas: «Gustura gaude Espainiara lotzen gaituen historia irakastearekin». Osatu egin nahi du, hala ere, «Nafarroako identitateari» lotutako edukiekin. Aukerarik izango ote duen galdetu diote. Erantzun zehatzik ez dute jaso: «Jakingo dugu lana egiten». Helburu du amaierako azterketetan Nafarroako edukiak sartzea.

Lehen urratsean, irailean, lanbide heziketan sortuko da aldaketa handiena. Bi adar ditu orain: erdi mailakoa —DBH ostekoa— eta goi mailakoa —batxilergo ondorengoa—. Beste bat sortuko da orain: oinarrizkoa. DBHko titulurik ez dutenentzat izango da, eta oraingo lanbide hastapeneko programak ordezkatuko ditu. «Kezkaz» dago horrekin ere UPNren gobernua. Nork ordaindu, non eman, asko dira galderak. Kezkak ere bai: «Lanbide heziketaren kalitateari eta prestigioari eusteak kezkatzen gaitu». Apirilean argibideak izatea espero du Iribasek.

Kezka horiek gorabehera, erreforma babestu du kontseilariak, eta nabarmendu du lanean ari direla «ahalik eta azkarrena» egiteko dekretuak. Areago, iragarri du Iruñeko gobernuak plan bat egingo duela lehen hezkuntzan, eta neurriak LOMCEren sokakoak dira: ebaluazioak «maiz» egitea, hizkuntzei eta matematikei denbora gehiago ematea... «Badakigu zer nahi dugun». Adostasunik ez da, ordea. Aukera bat eskatu die oposizioari eta hezkuntza eragileei: «Interes orokorra lehenetsiz gero, gehiago da batzen gaituena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.