Usain eta lixibiatuak erauzita

Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman du Iñaki Errazkinek errefusa modu biologiko eta mekanikoan tratatuz lorturiko materialaLurraren antza du; lagina Austriatik ekarri du, eta Zubietan tankerakoa lortzea du xede

Iñaki Errazkin, atzo, Batzar Nagusietan egindako agerraldian aurkeztu zuen materiala erakusten. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2014ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
«Zuk hala esaten duzu. Baina horrela izango al da?». Galdera horixe batzarkide askoren buruan ibiliko zelakoan, atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko Iñaki Errazkinek Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman zuen birziklatu ezin diren hondakinen tratamendu biologiko eta mekanikoaren ondorioz ateratzen den materialaren lagin bat: lurraren antzeko gai bizigabe bat da, ilun-iluna, eta usainik gabea. «Ez du usain txarrik izango, lixibiaturik ere ez», azaldu zuen foru diputatuak.

Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordeko kideei ekaia aztertu, esku artean ibili, eta usaintzeko aukera eman zien. Lagina Austriatik ekarri zutela azaldu zuen, hondakinak mekanikoki eta biologikoki tratatzeko planta batetik. Errauste planta egiteko asmoa bertan behera utzita, Austriakoaren antzeko bat jarri nahi du aldundiak Zubietan hondakinen gaiari behin betiko konponbidea emateko, eta bertatik errefus birziklaezina tratatzean aterako den materiala ere tankera horrexetakoa izango dela azaldu zuen: usteltzen ez dena eta, ondorioz, usainik eta toxikorik gabea.

Urteta (Zarautz), Sasieta (Beasain) eta Lapatxeko (Azpeitia) hondakindegiak ixtea da aldundiaren lehentasuna orain. Lehengo urtean 190.000 tona hondakin jaurti ziren zabortegi horietara, eta aurreko legealdian onetsitako egitasmoa auzitan jarriz, hondakin horiek tratatzeko errausketarik gabeko plan bat du Bilduk zuzentzen duen foru gobernuak. Horren gaineko azalpenak eman zituen atzo Errazkinek Batzar Nagusietan. Zubietan jarri asmo duten plantak urtean 170.000 tona hondakin tratatzeko ahalmena izango du. Egin dituzten kalkuluen arabera, tratamendu biologikoaren bidez 85.000 materia organiko nahastu egonkortuko dira, eta, amaieran, 30.000 tona material bioegonkortu lortuko dira. Ez konposta egiteko adinako kalitate handikoak, baina erabiltzeko modukoak. «Kaltetutako eremuak berreskuratzeko edo zabortegiak estaltzeko balioko du», esplikatu zuen Errazkinek.

60.000 tonarako biltegia

60.000 tona errefus birziklaezin ere aterako dira plantatik. Tratatuta. Atzo Batzar Nagusietara eramandakoaren tankerako materiala litzateke, hain justu, emaitza, eta biltegi inerte batean gordetzea da foru aldundiaren xedea. Biltegi hori non egongo den galdetu zioten oposizioko kideek Errazkini, baina ez zuen argitu kontua. Harrobiren batean jartzea aztertzen ari direla adierazi izan ohi du foru diputatuak, baina kokagunerik zehaztu gabe.

Azpiegitura horiekin eta konposta egiteko egun Lapatxen dagoen plantarekin, gehi Zubietan eta Epelen (Bergara) jarri nahi dituztenekin, hondakinen auziari konponbide egokia eman dakiokeela uste du Bilduk. Oposizioak, aldiz, bekoki ilunarekin hartu zuen atzo, berriz ere, Bilduren asmoa. Aralarrek ez beste gainerako alderdietako batzarkideek gogor hitz egin zuten Errazkinen kontra. Iragan hilabeteotan zabaldu dituzten mezuei atxikita segitu zuten. Egitasmoei buruzko informazio urria ematea egotzi zioten diputatuari, eta «manipulazioan» oinarritutako mezuak ematea. Behin eta berriro egin zioten erreferentzia Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integralari (PIGRUG); plan hori ez betetzea leporatu zioten aldundiari, eta, Batzar Nagusietan eztabaidatu gabe aritzea aldaketak egiten.

Gogor mintzatu ziren. Xabier Ezeizabarrena (EAJ): «Demokrazia inposizio bihurtu duzue. Kultura demokratikoaren gabezia duzue». Mikel Duran (PSE-EE): «Proposamenak ez du zorroztasun tekniko eta juridikorik, ezta ekonomikorik ere». PPko ordezkari Txema Murgiondok plana «gauzaezina» zela esan zuen.

Kritiken aurrean, egindako lanaren defentsa egin zuen foru diputatuak. PIGRUG plana bere horretan betetzea ezinezkoa dela oroitarazi zuen. Azkenaldian hondakinen bilketan —gaikakoa indartzera egin dute udal askok— aldaketak izan direla esan zuen, eta horien arabera jokatu dutela. «PIGRUGa mantentzeko, hondakin gehiago beharko lirateke, eta egoera aldatu egin da», azaldu zuen. Jarrera aldaketa eskatu zuen: talde politikoek postura irmoei atxikita jarraitzen badute, nekez egingo da aurrera. «Hondakinak biltzeko eskumena udalena da», oroitarazi zuen. «Elkar ulertzea ezinbestekoa da». Plana betetzen ari direla esan zuen, baina moldatu egin dutela egoera berrira, gero eta gehiago birziklatzen denez, oso zaila litzatekeelako egun errauste planta egiteko egitasmoari eustea.

Bizirik gabeko lur beltzean, Errazkinek erakutsitako laginean, beira zatiak badira. Erreparatu egin zioten hainbat batzarkidek. «Jakina beira puskak dituela», onartu zuen Errazkinek. «Ez da konposta». Baina inertea denez, kalterik ere ezin duela egin zuen esan zuen. Bilkuran —«ordu eta erdi daramagu»— inork kiratsik ez zuela atzeman nabarmendu zuen. Aski frogatzat jo zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.