Itunen beharra aldarrikatu arren, mokoka ari dira EAJ eta PSE-EE

«Alderdi erabakigarria» izan nahi badu bere burua ez zuela baztertu behar ohartarazi dio Andoni Ortuzarrek PSE-EEri«Duintasunik» ez izatea aurpegiratu dio Jose Antonio Pastorrek alderdi jeltzaleari

Erredakzioa
Bilbo
2012ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzara iristen zena iristen zela legegintzaldi honetan akordio handiak beharko direla esaten aritu ziren alderdi guztiak hauteskunde kanpainan, baina hauteskundeak egin zirenetik elkarri mokokan ari dira. Gobernua utzi behar duen PSE-EEk eta hartu behar duen EAJk liskarra liskarraren atzetik daramate astea, eta, atzo, elkarri aurpegiratu zioten eztabaidaren errua. Andoni Ortuzar EAJren BBBko buruak negoziazioetatik «bere burua baztertzea» egotzi dio PSE-EEri, eta Jose Antonio Pastorrek «duintasunik» ez izatea egotzi dio EAJri.

EAJk PSE-EErekin «gutxienez harreman normalizatuak» izatea nahi duela esan zuen Ortuzarrek; «gauzak dauden bezala ez litzateke gutxi izango». PSE-EEri ohartarazi dio «alderdi erabakigarria» izatera itzuli nahi badu jarrera aldatu behar duela eta ez duela «bere burua baztertu» behar elkarrizketa eta akordioetatik. Bi alderdien arteko harremanak okerrago ezin direla egon nabarmendu du, «hobetzea bakarrik da posible». Elkarrengandik aldentzen 1998an hasi zirela esan du gainera Ortuzarrek, hain justu, EAJk Lizarra-Garaziko akordioa sinatu zuenean eta PSE-EEk Jose Antonio Ardanzaren koalizio gobernutik irtetea erabaki zuenean.

«Herriak akordioak behar ditu», nabarmendu zuen burukide jeltzaleak, eta EAJk Jaurlaritzan ez ezik, Bilduk ere behar dituela akordioak Gipuzkoan, eta PPk ere bai Araban, biak ere gutxiengoan ari direlako gobernatzen: «Pentsatzen dut ez dela erraza izango aldatzea, eta are zailagoa euskal politikan bizi izandako aroaren ondoren. Baina espero dut pixkanaka jakingo dugula akordioak lortzeko bidea egiten».

Legegintzaldi honetan Eusko Legebiltzarrean bakegintzaren eta autogobernuaren inguruan akordio sendoak egin behar diren iritzikoa da Ortuzar, «behin betiko bakea eta autogobernua egonkortzeko» beharrezkoa dela uste baitu. Horregatik, EAJk berehala jarri nahi ditu abian gai horiei buruzko ponentzia eta lantaldeak. «Perspektiba desberdinetatik gatoz, eta denbora beharko dugu elkarrengana gerturatzeko». Legebiltzarretik kanpo alderdien mahairik ez dela behar ere esan du, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioan «alderdi denak» ordezkatuta daudela argudiatuta.

Galtzeko eta irabazteko

PSE-EEk, bestalde, EAJri aurpegiratu dio bi alderdien arteko harremana gaiztotuta egotearen ardura. Jose Antonio Pastor alderdiko bozeramaileak esan duenez, duintasuna falta du alderdi jeltzaleak: «Ez zuen jakin 2009ko hauteskundeetan duintasunez galtzen, eta ez du jakin 2012an duintasunez irabazten».

Sozialistak botere eskualdaketa «antolatua eta leiala» izaten saiatu direla dio Pastorrek, eta EAJk «faltsukeriaz eta hitz lotsagabeez» erantzun diela. Bakarrik gobernatzearen erabakia boterea lehenbailehen berreskuratzeko «obsesioari» egotzi dio.

Halaber, esan du historiako lehendakaririk ahulena izango dela Iñigo Urkullu. «EAJ beldurtuta dago datorkion erantzukizunagatik», zehaztu du.

Sozialistek Jaurlaritzan egindako lan «txukuna» «lokazten» saiatzea leporatu dio Eusko Alderdi Jeltzaleari. «Defizita kontrolatuta dago, zerbitzu publikoek ongi funtzionatzen dute eta funtzionarioen Gabonetako ordainsarirako dirua badago», gogoratu du Pastorrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.